Josu Urrutikoetxea Espainiaratzea eragin dezakeen erabakia emanen du gaur Parisek

Urrutikoetxeak Frantzian duen azken prozedura da, 2002-2005 aldiari dagokiona. 19:00etan elkarretaratzea eginen dute Donibane Lohizunen Urrutikoetxeari elkartasuna adierazteko.

Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegian, apirilean. YOAN VALAT / EFE
Josu Urrutikoetxea, Parisko Dei Auzitegian, apirilean. YOAN VALAT / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko uztailaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Parisko Dei Auzitegiak arratsalde honetan emanen du Josu Urrutikoetxearen kontrako epaia. Apirilean epaitu zuten, 2002tik 2005era bitartean ETAko kide izan zela leporatuta. Fiskaltzak bost urteko espetxe zigorra eta Frantziako Estatutik kanporatzeko agindua eskatu zuen haren kontra. Erruduntzat jotzen badute, Frantziako Kasazio Auzitegian helegitea jartzeko aukera dute aldeek. Urrutikoetxeak Frantzian duen azken prozedura da; erabakiaren arabera, hura Espainiaratzeko bidea libre izanen du Frantziako Justiziak. Ziburu eta Donibane Lohizuneko euskal preso eta iheslari politikoen aldeko Erantzun komiteak elkarretaratzea eginen du gaur 19:00etan Donibane Lohizunen (Lapurdi) Urrutikoetxeari elkartasuna adierazteko.

2002tik 2005erako epea Urrutikoetxeak Eusko Legebiltzarra utzi eta sasian egindako lehen tarteari dagokio. Bitarte horretan «helburu terroristak dituen» gaizkile elkarte bateko kide izatea egozten dio terrorismoaren kontrako Frantziako fiskaltzak. Urrutikoetxeak epaiketan aitortu zuen ETAko kide izan zela, baina ukatu egin zuen erakunde hartako buruzagi gisa aritu izana, baita bitarte horretan izandako atentatuetan parte hartu izana ere. Haren hitzetan, «gatazkaren konponbidera iristeko bideak topatzeko» eginkizuna zuen, eta erakundeko adar militarretik at zegoen.

Hainbatetan kontatu duenez, harreman eta negoziazio sailean hasi zen lanean, gerora etorriko ziren Genevako (Suitza) elkarrizketak prestatzeko. Espainiako Gobernuko ordezkariekin hainbat bilera ere egin zituen, baina, ETAko zuzendaritzak negoziazioei eman zien norabidearekin ados ez zegoenez, 2006ko irailean urruntzea erabaki zuen. Haren hitzetan, ordutik ez zuen beste traturik izan erakundearekin. 2011n lotu zuen berriz harremana, Aieteko Adierazpenaren testuinguruan; Osloko elkarrizketa saiakeran parte hartu zuen ondotik. Norvegiatik sasira itzuli zen beste behin; 2019ko maiatzean atxilotu zuten Frantziako Alpeetan. 

Espainiaratze aginduak indarrean

2019ko maiatzean atxilotu zutenean, Urrutikoetxea Espainiaratzeko lau eskaera egin zizkion Espainiako Justiziak Parisi: bina estradizio —Luis Herguetaren hilketa (1980) eta Zaragozako atentatua (1987)—; eta bina euroagindu —herriko tabernen auzia eta Barajasko 2006ko atentatua—. Frantziako Justizia sistemak ez zuen ontzat eman Barajasko atentatua oinarri zuen euroagindua, eta Espainiak bertan behera utzi zuen Herguetaren auzikoa. Gainerako biak ontzat eman zituen Parisek, eta indarrean daude. 

Abenduan, Josu Urrutikoetxearen kontrako beste euroagindu eskaera bat egin zuen Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, herriko tabernen auziarekin lotuta egindakoa zabaltzeko eskatuta. 2002tik 2019ra arte ETAren buru nagusietako bat izatea egozten dio. Ekain hasieran ontzat eman zuten Espainiaren eskaera Parisen. 

2021ean Urrutikoetxea errugabetzat jo zuen Parisko Zigor Auzitegiak. Epaileek ebatzi zuten ez dagoela nahikoa zantzu 2011-2013 aldian ETAko kide izan zela frogatzeko. Halaber, hiru magistratuek adierazi zuten negoziatzea ezin dela parekatu gaizkile elkarteko kide izatearekin. Ikusteko dago zer erabakitzen duen 2002-2005 aldiari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA