Datorren urteko udal eta foru hauteskundeetan, Juan Karlos Izagirre ez da EH Bilduren Donostiako alkategai izango. Izagirrek berak eman du albistea gaur, Gara egunkariak egin dion elkarrizketa batean. Alkatetzara heldu eta hamabost urtera, 63 urteko donostiarra mediku lanetara bueltatuko da, «zoriontsu», kargualdia amaitzean.
«Betidanik izan dut argi lehen lerrotik eta erakunde publikoetatik egiten den ekarpenak epemuga bat izan behar duela. Hamabi urtez zenbait kargu izan ostean, iritsi da garaia 'EH Bilduren oinarriko militantea naiz' esateko berriro ere. Proiektu honetan lanean jarraituko dut, baina oinarriko militante moduan. Ekainean, zoriontsu itzuliko naiz nire mediku lanera». Izagirrek ez du esan lekukoa nork hartuko dion, baina jakinarazi du datozen asteetan hartuko dutela erabakia.
Alkate ohiak, Gara egunkariak egindako elkarrizketan, hizpide izan ditu Donostiako aktualitateari buruzko zenbait gai. Kritika ugari egin dizkio egungo udal gobernuari, eta argi esan du hiriak «aldaketa nabarmen bat» behar duela, eta horrek, «gobernu aldaketa batekin batera» gertatu behar duela «nahitaez».
Alkate ohia
Izagirre 2011tik 2015era bitarte izan zen Donostiako alkate. 2015ean hautagai izan zen berriz ere, baina, bozetan nahi baino emaitza eskasagoak bildu ostean, iragarri zuen mediku lanei helduko ziela berriz.
2019. urtean itzuli zen politikaren lehen lerrora. Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagai izan zen 2019ko bozetan, eta legegintzaldi horretan subiranisten bozeramaile lanak egin zituen Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
2023an ahalegindu zen Donostiako alkatetza berreskuratzen; 2015ean baino emaitzak hobeak lortu bai, baina ezin izan zuen aginte makila berreskuratu.