Juan Mari Aburto beste lau urtez izango da Bilboko alkate, eta, horrenbestez, hirugarren agintaldia izango du. Inkestek zioten bezala, EAJ da Bilbon boto gehien duen alderdia, alde handiz; baina garaipen garratza da harena, hamabi zinegotzi lortu baititu, duela lau urteko hauteskundeetan baino bi gutxiago. 2019an bozen %42,6 lortu zituen; atzo, berriz, %36,5. Dena den, alkatetza ziurtatuta dauka EAJren eta PSEren arteko itunarengatik.
Txanponaren beste aurpegian EH Bildu ageri da. Izan ere, ezker abertzaleak, bere marka guztiak kontuan hartuta, inoizko zinegotzi kopuru handiena izango du Bilbon. 2019an lau lortu zituen, eta orain sei ditu —HBk bost lortu zituen 1987an, bozen %15ekin—. Boto kopuruan izandako gorakada ere nabarmena da: ia bost puntu gehiago, %14,9tik, %18,8ra.
PSEk eta PPk ere duela lau urte baino boto gehiago lortu dituzte.PSE-EEk bost zinegotziak mantenduko ditu, eta PPk bat gehiago izango du: lau guztira. PPren joera aldaketa deigarria da, azken 24 urteetako etengabeko jaitsiera gelditu, eta emaitzak asko hobetu baititu: 2019ko %9tik atzoko %12ra. Elkarrekin Podemos izango da udalean ordezkaritza izango duen beste alderdia. Hiru zinegotzi izan ditu azken agintaldian, eta orain bi ditu.
Udal eta foru hauteskundeak Bizkaia
Juan Mari Aburto beste lau urtez izango da alkate, baina bi zinegotzi gutxiagorekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu