Juan Mari Aburto ez da izango EAJren Bilborako alkategaia

2015etik dauka Bilboko aginte makila Aburtok, baina EAJren zuzendaritzak erabaki du belaunaldi errelebo bat egitea datorren urteko udal hauteskundeetan.

BBBko buru Iñigo Ansola eta Juan Mari Aburto, gaurko agerraldian. EAJ
BBBko buru Iñigo Ansola eta Juan Mari Aburto, gaurko agerraldian. EAJ
xabier martin
2026ko ekainaren 6a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Juan Mari Aburto (Bilbo, 1961) ez da izango Bilboko alkatea 2027tik harago. EAJk erabaki du datorren urteko udal hauteskundeetan beste alkategai bat aurkeztuko duela, eta, modu horretan, belaunaldien errelebo bat martxan jarri du Bilbon, duela hilabete batzuk Donostian egin zuen antzera, nahiz eta oraingoan alkateak ez duen dimisiorik eman; Eneko Goiak dimisioa eman zuen Donostian.

«EAJk, azken hilabeteetan nirekin partekatu duen hausnarketa luze baten ondoren, erabaki du Bilbok lidergo berri bat behar duela datozen garaietarako. Erabaki hori nirekin partekatu dute, eta helarazten dudana kolaborazioa da». Juan Mari Aburtok berak eman du erreleboaren berri gaur, Sabin Etxean, betiere garbi utziz onartzen duela Sabin Etxeak hartu duen deliberazioa.

Bizkai Buru Batzarreko presidente ohi Itxaso Atutxak Bilboko alkate izatea proposatu zionean, Aburtok ez zion galdetu zergatik: «Orduan neure buruarekin konpromisoa hartu nuen orain iritsi den unea iristean ere zergatik ez galdetzeko; bakarrik eskerrak emango nituela erabaki nuen». Eta horrela egin du oraindik Bilboko alkate denak, alderdikideez eta bere udal gobernuko kideez inguraturik zegoela.

EH Bilduren hazkundeari begira

Euzkadi Buru Batzarreko presidente berriak, Aitor Estebanek, iragarria zuen kargua hartu zueneko lehen ekitalditik alderdiko kargudunen erreleboa bultzatuko zuela. Aburtok laugarren legealdia egin izan balu, epealdi hori 70 urterekin bukatuko zuen. Aldagai biologiko hori ez dator bat EAJ sustatzen ari den kargudunak berritzeko estrategiarekin. Alderdiak ez du ezkutatu euskal politikaren nagusitasuna ez galtzeko helburua dagoela hautagai gazteak aurkezteko erabakiaren atzean, EH Bilduren hazkundea nabarmena baita. Bilbon bigarren indarra da, EAJtik urrun oraindik, baina azken bozetan Aburtok bere botoen laurdena galdu zituen.

Batera edo bestera, lurraldeetako zuzendaritzetako presidenteak, Donostia eta Bilboko alkategaiak eta EBBko burua bera ere aldatu ditu EAJk azken urtean. Iñigo Urkulluri Imanol Pradalesek hartutako erreleboa ere dinamika horren barruan dago. Beraz, ezin da baztertu Gasteizko alkategaia ere aldatzeko aukera.

BBBko presidente Iñigo Ansola izan du aldamenean Aburtok, Sabin Etxean egindako iragarpenean. Alkateari ia urte oso bat geratzen zaio aginte makilarekin, eta urte horretan erabaki garrantzitsuak hartu beharko ditu: esaterako, Munduko Futbol Txapelketaren auziari lotutakoa. BBBko buru Ansolak alkatearen «ahalegina eta eskuzabaltasuna» eskertu ditu. «Pertsonekiko konpromisoa beste inork baino hobeto ordezkatzen duzu: gertutasuna, arreta, interesa, konplizitatea eta eskuzabaltasuna duzu pertsona bakoitzarekin», esan dio Aburtori.

Albistea jakinarazi ondoren, EBBko presidente Aitor Estebanek mezu bat argitaratu du X sare sozialean: «Esker oneko hitzak baino ez ditut Juan Mari Aburtorentzat, Bilboren, Bizkaiaren eta Euskadiren aldeko lan nekaezinagatik, eta beti zintzotasun eta eskuzabaltasunez jardutearren, orain ere erakutsi duenez». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE