Bilboko Udalak urteak daramatza kaleko saltzaileen aurka egiten; horren erakusgarri dira kaleko saltzaileek urtero Bilboko Konpartsekin batera egiten dituzten protestak, Udaltzaingoaren eta udalaren jarrera salatzeko asmoz antolatutakoak. Bada, ohiko bidetik jo du gaur ere Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Euskadi Irratian eman duen elkarrizketa batean, haien aurka egitea defendatu du, eta «erakunde kriminal baten parte» direla azpimarratu. Horiek horrela, adierazi du «hariari tira egingo» diotela, eta kaleko saltzaileen jardunaren atzean daudenen aurka arituko direla.
Kaleko salatzaileek hileon protesta egin dute Poliziaren indarkeriaren aurka. Zehazki, abuztuaren 13an elkarretaratze bat egin zuten Manteroekin Bat eta Mbolo Moye Doole taldeek deituta. Izan ere, hiru egun lehenago udaltzain talde bat kaleko saltzaile bati oldartu zitzaion Bilboko Zazpikaleetan. Gertaera haren irudiak azkar zabaldu ziren sare sozialetan, eta hautsak harrotu zituzten. Aburtok, ostera, Poliziaren jarduna babestu du, eta nabarmendu ez dagoela kaleko saltzaileen aurkako «tratu txarrik».