Justizia eskatzen dute oraindik

Xuban Nafarrateren kasuan aurrerapauso gutxi egin dira, bi urte luzeren ostean.Bost ertzainen aurkako ahozko epaiketa irekitzeko eskatu du sendiak, «justiziazkoa» delako

Xuban Nafarrate gazte zaurituaren aita Joseba -ezkerrean-, 2012ko maitzaren 9an, Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2014ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Bi urte eta lau hilabete justizia noiz egingo zain. Horrela daude oraindik ere Xuban Nafarrate gazte gasteiztarra eta haren sendia. 2012ko martxoaren 29tik, Nafarrate ustez Ertzaintzaren pilotakada batek larri zauritu zuenetik, zabalik dago auzia; hori argitzea eta inputatuta dauden bost ertzainen aurkako ahozko epaiketa zabaltzea nahi du familiak. Ordea, instrukzio fasean dago oraindik afera, eta familia «minduta eta haserre» dago prozedura judiziala nahi baino mantsoago doalako, Joseba Nafarrate gaztearen aitak BERRIAri azaldu dionez. Haren ustez, bada garaia gertatutakoa argitu eta erantzukizunak zuritzeko: «Justiziazkoa da». Auzia behingoz argitzeko itxaropenarekin, txosten tekniko eta peritu dokumentu ugari aurkeztu berri ditu familiak Gasteizko Instrukzio Epaitegian.

19 urte zituen Xuban Nafarratek zainketa intentsiboetako unitatera eraman behar izan zutenean, Ertzaintzaren karga baten ostean, Gasteizen. Gazteak kolpe gogorra hartu zuen buruan, ezkerreko aldeko hezur parietalean, belarriaren ondoan. Herrizaingo Sailaren bertsio ofizialak orduan esan zuenez, Nafarrate eta beste zenbait lagun edukiontziak gurutzatzen ari ziren, eta, ertzainei ihesi lasterkari eman zionean, erori, eta espaloi ertz baten kontra kolpea hartu zuen. Erabat desberdina da Nafarreteren sendiaren eta hainbat lekukoren bertsioa: ertzainek lau metrotik jaurtiriko pilotakada baten ondorioz erori zela lurrera.

Nafarratek bost ertzainen aurka jarritako salaketa artxibatu egin zuen Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak, joan den urteko urtarrilean. Auzia artxibatzearen aurkako helegitea jarri zuen Nafarrateren sendiak ondoren, eta Arabako Lurralde Auzitegiakhura aintzat hartu eta auzia berriro irekitzea ebatzi zuen, irailean. Aferan badagoela zer ikertua esan zuen, gertatutakoa argi ez dagoelako eta badaudelako zantzuak Gasteizko epaitegiak bere egin zuen Herrizaingo Sailaren bertsioa zalantzan jartzeko. Haiek ez ikertzea aurpegiratu zion Gasteizko epaitegiari. Horiek aztertzeko eta bide guztiak amaitu arte ikertzen jarraitzeko agindu zuen Lurralde Auzitegiak.

Auzia berriro zabaltzeak itxaropena eman zion Nafarrateren sendiari, baina egun «etsita» daudela aitortu du aitak. «Lehen geunden moduan gaude oraindik ere, epaileak ez duelako egin nahi auzitegiak eskatutako ikerketarik». Familiak instrukzio epaileari leporatu dio, besteak beste, ertzainek jaurtiriko pilotak buruan jo zuela frogatu nahian familiak aurkeztutako bi bideoak eta peritu frogak behar bezala ez aztertzea. «Badauka nahikoa datu eta informazio ahozko epaiketara joateko, baina ez du joan nahi». Xubanen aitak salatu du epaileak oraindik ez dituela ikertu Arabako Lurralde Auzitegiak agindutako hiru gakoak: detonazioaren zarata, gaztea lurrera erori zen modu zehatza eta tiro egin zuen ertzainaren jarrera. Nafarratek salatu du «ulertezina» dela epaileak oraindik aztertu gabe izatea auzia argitzeko «ezinbestekoak» diren hiru ikerketa lerro horiek.

Inputazio «onartezina»

Horrez gain, Xuban Nafarrate eta beste bi lagun inputatu egin zituzten desobedientzia delitua egiteagatik, eta Lurralde Auzitegiak inputazio horiei eutsi die. Greba eguneko liskarretan ustez ertzainei aurre egiteagatik eta edukiontziak kalean gurutzatzeagatik daude inputatuta. Familiarentzat, baina, «onartezina» da inolako falta edo deliturik leporatzea oraindik. Aitak salatu du auzian inputatuta dauden bost ertzainen lekukotzak erabili dituela epaileak froga gisa, nahiz eta hainbat lekukoren testigantzek gezurtatzen duten haien bertsioa. «Moralaren eta etikaren aurkakoa» da soilik ertzainen testigantzetan oinarritzea, aitaren arabera.

Bere garaian ertzainek aurkeztutako atestatua «faltsukeriaz eta okerrez» beteta zegoela gogoratu du Nafarratek, gainera: «Gezur asko esan dira». Aitak oso garbi du semeak duela bi urte izandako zauri larriak ertzainen gomazko pilotakada baten ondorioz izan zirela, eta hori frogatzen saiatu da hasiera-hasieratik. Eskopetarekin tiro egin zuen ertzaina identifikatzea lortu dute jada, eta auzian inputatu dute, operatibo horretan parte hartu zuten beste lau agenterekin batera.

Familiaren nahia da ertzainen aurkako ahozko epaiketa «lehenbailehen» irekitzea, euren bertsioa eta ofiziala «aurrez aurre jartzeko». Haatik, Nafarrateren aitak susmoa du Segurtasun Sailaren «presioak» daudela ikerketa bururaino ez eramateko: «Ez dugu askorik espero, epaiketa irekiz gero gezur guztiak azaleratuko liratekeelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.