Justizia feminista eraikitzera dei egin du Bilgune Feministak

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren atarian, «lerratzeko aldarria» berresten dutela gogoratu dute feministek, uste baitute ez dagoela lerratzea bertzerik.

 Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko mobilizazio bat Baionan, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguneko mobilizazio bat Baionan, artxiboko irudi batean. GUILLAUME FAUVEAU
Isabel Jaurena.
2026ko azaroaren 24a
11:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Indarkeria jasaten duena izendatu, eta eragiten duena seinalatu. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren atarian, egiturazko indarkeriei egiturazko irtenbideak eman behar zaizkiela azpimarratu du Bilgune Feministak, eta justizia feminista eraikitzera deitu. «Indarkeria ez da ausaz jasaten, eta indarkeria ez da ausaz eragiten. Askotariko sistemez ari gara. Makroenetik mikroenera bitartekoez», gehitu dute.

MUGIMENDU FEMINISTAREN MANIFESTAZIOAK

  • Baiona. 18:30ean, tren geltokitik
  • Bilbo. 19:00etan, Kale Nagusiko 85. zenbakitik
  • Donostia. 19:00etan, Bulebarretik
  • Gasteiz. 19:00etan, San Anton plazatik
  • Iruñea. 19:00etan, Antoniuttitik

Ohar bidez salatu dutenez, sistema horiek sortzen eta eragiten duten indarkeriak ez du etenik. Horren erakusgarri dira, bertzeak bertze, aurtengo bortz hilketa matxistak, sare sozialetan ugaritzen ari diren «mezu eta eraso antifeminista eta arrazistak», sexu-genero disidenteak badirela ukatu nahi izatea, eta zaintza lanak emakumeen eta, batez ere, emakume migratuen eta arrazializatuen gain egotea oraindik ere. Bortizkeria hori guztia «estatu aparatuek» betikotzen dutela erran dute, eta Polizia adibidetzat jarri. «Ondo dakigu indarkeria matxistaren produkziorako ezinbesteko egitura dela gorputz polizial oro», erran dute. 

Hori dela eta, justizia feminista mamitzera deitu dute: autodefentsa feministaren bidez indarkeria aitortuz eta erreparatuz, eta indarkeriari aurre egiteko mekanismoak sortuz eta martxan jarriz. Erakundeak ere seinalatu dituzte, eta «borondatea eta inplikazio politikoa» exijitu, bertzeak bertze: baliabide publikoetan inbertsioa egiteko, egiturazko neurriak hartzeko eta sistemak zapaltzen dituenak izendatzeko. Ez dira, baina, erakundeen zain egonen: «Etor daitekeenaren harira, erresistentzian eta eraikuntza lanetan jarraituko dugu. Eskuin muturrari eta faxismoari, jarrera erreakzionarioei eta gure lurralde eta gorputzetan areagotu nahi dituzten kontrol mekanismoei ateak itxiz».

Hala, «lerratzeko aldarria» berresten dutela gogoratu dute, uste baitute ez dagoela lerratzea bertzerik. «Alde ala kontra. Feminismoaren alde ala kontra. Eskubide sozialen alde ala kontra. Euskal Herri feminista baten alde ala kontra. Guk erantzuna argi dugu».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA