«Karrikak gureak egin ditugu: ozen oihukatu dugu indarkeria matxistari aurre eginen diogula». Aurten berriz ere, azaroaren 25ean, karrikara atera dira milaka pertsona Euskal Herrian gaindi. Sutan kolektibo transfeministak deiturik, Baionan, «amorrua, haserrea eta aldarrikapenak» eraman dituzte lehen lerrora, «ez baikinen gibelera egiteko sortu». Erauntsiak ez ditu gelditu militanteak: geltoki aitzinean batu dira 18:30ean, aitzina egiteko prest.
Justu martxa abiatu aitzin egin dute hitzaldi nagusia: «Hemen bildu gara, beste behin, urte lazgarri baten bilana egiteko eta sistemak sortzen dituen bortizkeria matxista guztiak salatzeko». Azaroaren 25 batetik bestera egoera ez baita anitz edo batere hobetzen. Aurten, Euskal Herrian, bost emazte hil dira indarkeria matxistaren ondorioz. «Tatiana, Amaia, Arelys, Saida eta Kalie» oroitu dituzte. Memoria kolektiboa tresna gisa ulertzen dute, «oroitzeko, osatzeko, aitortzeko, erreparatzeko eta borrokatzeko».
Feminizidioak ez baitira halabeharrezkoak, baizik justiziak eta sistemak ahalbidetuak, Sutan kolektibokoek oroitarazi dutenez. Alde horretatik, «sistema zisheteropatriarkal, kolonial eta kapitalista» seinalatu dute, «egitura guztiak martxan dituenak zapalkuntzak eta indarkeriak betikotzeko». Hala, borroka antifaxistarekin egin dute lotura, delako zapalkuntza hirukoitzaren aitzinean «emazteak, migratu eta arrazializatuak eta sexu-genero disidenteak baitira kolpatuenak». Ildo horretatik, hain zuzen, Canon Françaisen kontrako mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Irmoki adierazi dute «karrikak haserrez betetzen diren eta justizia soziala hizpide den garai hauetan» autodefentsa feminista, herrikoia eta euskalduna datekeela erantzuna «bizitzaren kariotzearen kontra, euskararen ofizialtasunaren alde». «Feminismoa justizia soziala baita», aldarrikatu dute. Justu, borrokaren beharra beste behin agerian emanez, manifestazio aitzinetik pasatzean gizon batek oihukatu du: «Aupa RN!». Eskuin muturreko Batasun Nazionala alderdiari egin dio erreferentzia. «Gu transfeministak gara, eta, ondorioz, antifaxistak gara. Feminismoaren instrumentalizazio sionista, arrazista eta sekurokratari ez!».
Fronte antifaxista
Ordu erdi beranduago egin dituzte Iruñeko, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko mobilizazioak. Guardasolak lagun, autodefentsa feminista aldarrikatu dute guztietan: «Erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean». Halaber, aliantzak egiteko eta horiek antolatzeko garaia dela gogoratu dute, «askotariko subjektu eta borrokak aitortuz, nork bere lekutik eta elkarrekin».

Instituzioak izan dituzte hizpide Iruñeko mobilizazioan, eta erran indarkeria erreproduzitu egiten dutela, eta ez dutela baliabiderik jartzen bortizkeria matxista amaitzeko. Horien kontra antolatuko direla berretsi dute, baita «anaidia sostengatzen ari diren gizonen» eta «antifeminismoa antolatzen ari direnen» kontra ere. «Sareak sortuz eta aurre eginez. Askotariko indarkeriek gurutzatuta bizi beharko ez duten bizitzen alde. Faxismoari feminismoz erantzungo diogu», gehitu dute.Â
Analisi orokorretik harago, bere hiriko errealitateari erreparatu dionik ere egon da: Donostian, erraterako, gogoratu dute baldintza materialetan emakumeek arrakala jasaten dutela oraindik. «Adineko emakumeez hitz egiten badugu, 2022an, 65 urtetik gorakoen artean, pobrezian zeuden emakumeak gizonezkoak baino bi aldiz gehiago ziren Donostian», erran dute.Â
Gasteizen, berriz, hamabi ahotsetara egin dute irakurketa. Bertzeak bertze, Salhaketako kideek hartu dute hitza, eta gogoratu dute ama presoek eta haien haurrek «banatze sistematikoa» jasaten dutela Txagorritxuko ospitalean. Harramazka Gazte Feministen taldeak, berriz, erran du gazte izateak zapalkuntza jakin batzuk modu eta intentsitate berezian bizitzea eragiten duela, eta horrek subjektu politiko gisa antolatzeko arrazoiak ematen dizkiela. «Guk ozen diogu: espazioak okupatzen jarraituko dugu, planteamendu berriak mahaigaineratzen jarraituko dugu, ertzetan utzi nahi dituzten subjektuak zentrora ekarriz eta fronte antifaxista eraikiz», erran dute. Etxeko Langileen Elkartekoek gogoratu dute sektore horretan bortizkeria matxista eremu pribatuetan gertatzen dela, eta arreta berezia jarri dute etxeko langile egoiliarretan. «Langile horiek duten babesgabetasunak zaildu egiten die gertatzen zaiena salatzea edo laguntza eskatzea, beldur direlako».

