Justiziarekin kolaboratzearen zapore gazi-gozoa

Borroka bat, eraso matxista bat, lapurreta bat edo auto istripu bat ikusi duena lekuko bihurtzen da deliturik izan den argitzeko bidean. Askok laguntzeko joera izan dezakete, baina justiziarekin kolaboratu ondoren maiz ez da izaten sentsazio atseginik.

Epaiketa baten artxiboko irudi bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Epaiketa baten artxiboko irudi bat, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
kristina martin
2026ko maiatzaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizalegez jokatu nahi izan zuen, baina trukean espero zuen saria ez zen iritsi. Ondo jokatzeak utzi beharko lukeen zapore ona mikaztu egin zitzaion Mikel Rico donostiarrari. Rico lapurreta baten lekukoa izan zen Donostian, eta 112ra deitu zuen. Ertzaintzak ustezko bi lapurrak atxilotu zituen, eta datuak hartu zizkion lekukoari. Handik gutxira jaso zuen deklaratzera joateko zitazioa. Epaitegiko aretora joan zenean, han zeuden ustezko bi delitugileak. Denak gela berean zeudela, lekukoaren izen-abizenak ozenki esan zituen epaitegiko langileak. Babesik gabe sentitu zen orduan Rico, ustezko lapurrek bere aurpegia ikusi zutelako, eta bere datu pertsonalen berri izan zutelako. Egoeraz kexatzeko gutun bat bidali zuen BERRIAko Zuzendariari atalera. Ironiazko galdera batekin amaitu zuen bere kexu idatzia: «Horrela babesten al ditu justiziak gizabidez jokatzen duten herritarrak?».

«Justizia eremu gaitza da», ohartarazi du Iñigo Santxo abokatuak. Haren iritziz, nahita edo nahi gabe justiziaren amaraunean sartu behar izanez gero, garrantzitsua da jakitea joko arauak zein diren.

Mikel Ricok bizi izandako egoera ezohikoa eta bidegabea iruditu ahal zaie justizia sistemarekin lotura zuzenik ez dutenei, baina, barrutik ezagutzen dutenei galdetuta, erantzun argia ematen dute: egoera hori eguneroko ogia da. EAEko Auzitegi Nagusiko iturriei galdetuta, zera gogorarazi dute: «Legeak zigor prozeduretan aurreikusten dituen bermeak dira». Izan ere, argudiatu dutenez, «akusatuek eta haien defentsako abokatuek eskubidea dute jakiteko nortzuk diren testigantzak emango dituztenak». 

«Defentsako abokatuarentzat garrantzitsua da lekukoak identifikatuta egotea, haien testigantzaren araberakoa izan baitaiteke akusatua zigortu edo errugabetzea. Orekan dago gakoa, eta ez da erraza hori lortzea»

IÑIGO SANTXOAbokatua

Santxok berretsi duenez, «defentsako abokatua zarenean, salaketa jarri duen biktimaren eta lekukoen datu guztiak dituzu, izen-abizenak, telefonoa, helbidea... den-dena». Akusatuak ere badu informazio hori. Horrek badu bere arriskua, baina «egia da defentsako abokatuarentzat garrantzitsua dela lekukoak identifikatuta egotea, haien testigantzaren araberakoa izan baitaiteke akusatua zigortu edo errugabetzea», azaldu du. Santxoren arabera, lekukoek gehiegizko babesa baldin badute, baliteke akusatuaren eskubideak kolokan jartzea. «Orekan dago gakoa, eta ez da erraza hori lortzea». Bea Ilardia abokatuaren iritziz, gaur egungo justiziaren balantzak akusatuaren aldera egiten du gehienetan. «Zigor arloko prozesuak berme handikoak dira akusatuei dagokienez, eta biktimak ez daude inondik inora sistema judizialaren erdigunean».

Edozein herritar lekuko bihurtu dezakeen egoera bat aipatu du Santxok adibide moduan. «Herritar batek gidari bat modu arriskutsuan gidatzen ikusi eta abisua ematen badu, badaki prozesu judizialean lekukoa izango dela, baina gerta daiteke gidariaren aurrean deklaratu nahi ez izatea, ezagutzen duelako edo errepresalien beldur delako».

Lekukoaren identitatea babesteko neurriak egon badaude. Hego Euskal Herrian indarrean dagoen araudia Espainiako 19/1994 lege organikoa da. Hark arautzen du epaitegian deklaratzen duten lekukoek eta adituek noiz balia dezaketen babes hori. Legearen sarreran aitortu egiten dute litekeena dela herritar batzuek justiziarekin kolaboratzeko erreparoa izatea, errepresalien beldur direla eta. Hori kontuan hartuta, babes neurri batzuk aurreikusita dauzkate legean, eta epaileari dagokio neurri horiek onartzea, betiere irizten badio lekukoarentzat arrisku larri bat dagoela.

«Gaur egungo zigor arloko prozesuak berme handikoak dira akusatuei dagokienez. Biktimak ez daude inondik inora sistema judizialaren erdigunean»

BEA ILARDIA Abokatua

Neurriek lotura dute lekukoaren datu pertsonalak babestearekin. Beste neurri bat da identifikazio bisualik ez egitea, prozeduran irudiak har daitezen debekatzea, eta, kasurik larrienetan, babes poliziala ezartzea eta beste identitate bat ematea. Babes neurri horiek izateko, baina, lekukoak justifikatu egin behar du arriskua. Delitu arruntetan ez da ohikoa lekukoek babes neurririk izatea, eta horren ondorioz, Ilardiaren esanetan, «ohikoa da herritar askok laguntzeko erreparoa edukitzea, ez baitute arazorik izan nahi».

Indarkeria matxistako kasuetan

Indarkeria matxistako kasuetan biktimak eta lekukoak babesteko aurrerapauso batzuk eman dira. Ilardiak jakinarazi duenez, duela bizpahiru urtetik hona hasi ziren epaitegietan orokortzen: «Gaur egun, bionboaren atzean edo beste gela batean deklaratzeko aukera dute biktimek».

Hala ere, oso bestelakoa izan da egoera denbora luzez. «Bilboko epaitegietan, emakumeak gela txiki batean sartzen zituzten, eta lasai asko lau, sei edo zortzi orduz egon zitezkeen deklaratzeko zain. Komunera joateko baimena eskatu behar zuten, jan barik egon behar zuten, eta, gainera, askotan seme-alaba txikiak ere haiekin izaten zituzten». Akusatutako gizonak —atxilotuta ez bazeuden­—, ostera, «gela askoz egokiago batean egoten ziren, eta baimen beharrik gabe irten zitezkeen komunera edo ura edatera». Ilardiak dioenez, orain egoera hobea da, eta biktima eta akusatua solairu desberdinetan egoten dira.

Horrez gain, adingabeentzako babes neurriak ere badituzte. «Sexu indarkeriako kasuetan, adibidez, 12 urtetik beherako umeei aparteko gela batean hartzen diete deklarazioa; laguntzaile psikosozial batek egiten du galdeketa», azaldu du Ilardiak. Gela horrek ispilu bat du, eta beste aldean egoten dira epailea, bi aldeetako abokatuak eta psikologoa, beste gela batean. «Epaileak aurrez onartutako galderak eginda, deklarazioa hartzen diote adingabeari, eta grabatu egiten dute». Grabazio hori erabiltzen da gerora epaiketan, «umeak ez daitezen berriro biktimizatu».

Beste delituetan nola jokatzen dute epaitegiek? Ba al dago irizpide bateraturik? «Epaitegi bakoitzaren ohituren eta epaile bakoitzaren irizpidearen esku dago», dio Ilardiak. Bere lan ibilbidean denetarik ikusi du: epaitegi batzuetan lekukoentzako areto bereiziak daude, eta beste batzuetan, ostera, biktimak, akusatuak eta bi aldeetako lekukoak gela berean sartzen dituzte. Antzeko azalpenak eman ditu Santxok: «Epaitegi batzuek, arazoak egon daitezkeela antzemanez gero, ofizioz eskaintzen dituzte babes neurriak, baina beste askok ez».

Edonola ere, Santxok aholkatzen du ahal bada beti abokatu bati gomendioak eskatzea. «Deklaratzera deitzen bazaituzte, abokatu batekin harremanetan jartzea da onena, berak azalduko baitizu nolakoa izango den prozesua, eta lagundu egingo dizu egoera zail hori ahalik eta hoberen kudeatzen. Ikusten badu arazoak egoteko arriskua dagoela, babes neurriak eska ditzake».

lekukoek aukera al dute deklaratzera joateari uko egiteko?

Zitazio judiziala jasotzen duten lekukoak behartuta daude deklaratzera. Bi kasu izan daitezke: bat da Poliziaren atestatuan agertzen diren lekukoak izatea, eta beste bat da akusazioak edo defentsak testigantza emateko pertsona bat proposatu eta epaileak eskaera hori onartzea. Deklaratzera agertu ez eta justifikaziorik eman ezean, 200 eta 5.000 euro arteko isuna ezar diezaiekete lekukoei. Kasu batzuetan poliziek indarrez eraman ditzakete epaitegira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA