Enrique Maia Iruñeko alkate ohiak salatu du eraso egin diotela kalean

Udaltzaingoan aurkeztutako salaketaren arabera, gazte batek «ze nazka ematen didazun» esan dio Maiari, bularrean kolpe bat eman dio, eta ihes egin du korrika.

Enrique Maia 2023an, hauteskundeetara ez zela aurkeztuko iragarri zuen agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Enrique Maia 2023an, hauteskundeetara ez zela aurkeztuko iragarri zuen agerraldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko ekainaren 10a
09:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iruñeko Alde Zaharrean eraso egin ziotela salatu zuen atzo arratsaldean Enrique Maia Iruñeko alkateak. Udaltzaingoan aurkeztutako salaketaren arabera, gazte batek «ze nazka ematen didazun» esan zion, eta bularrean kolpe bat eman.

Diario de Navarra egunkariak kontatu duenez, 16:20 aldera izan zen gertakaria, Maia Ahumadako Dukea kalearen eta Estafeta kalearen amaieran oinez zihoala, etxetik gertu.

Salaketak dio gazte batek, Maiaren albotik pasatzean, lurrera listua bota zuela, eta jarraian «ze nazka ematen didazun» esan ziola.

Segidan, bularrean kolpe bat eman zion alkate ohiari, eta hura makurtu egin zen babesteko. Beste oinezko batzuek esku hartu zuten, eta gazteak ihes egin zuen korrika Labrit aldera.

Iruñeko Udaltzaingoak EFE berri agentziari esan dionez, Maia ez zuten zauritu, eta oraingoz ez dute inor atxilotu.

Erreakzioak

Albistea zabaldu bezain pronto, sare sozialetan elkartasun mezuak idatzi dituzte Nafarroako ordezkari politiko nagusiek. Joseba Asiron Iruñeko alkateak idatzi du erasoaren berri izan eta berehala jarri zela Maiarekin harremanetan, «gertutasuna eta elkartasuna» adierazteko: «Mota horretako ekintzak Iruñeko gizarteak behin eta berriz erakutsi duen elkarbizitza nahiaren aurka doaz».

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak, berriz, «aringarririk gabe» kondenatu du gertatutakoa: «Gure gizartean ez dute tokirik jarrera eta ekintza intoleranteek. Kalea elkarbizitzarako toki publiko bat da. Erasotzaileen aurrean, zero tolerantzia».

Cristina Ibarrola UPNko presidenteak ere idatzi du: «Hemen intolerantziak eta indarkeriak beti protagonista berak dituztela erakusten duen beste adibide bat da. Espero dut erasotzaileak egindakoa ordaintzea».

Javier Garcia PPNko presidentea haratago joan da. «Batzuek uste dute kaleak eurenak direla, eta euren ideiekin bat ez datozen guztiak isilarazten saiatzen dira. Arriskutsuena da batzuek defendatu egiten dituztela, Bilduk unibertsitatean gertatutakoarekin egin duen moduan», idatzi du, Vito Quilesen aurkako protesten harira.

Maia bi legegintzalditan izan zen Iruñeko alkate, 2011tik 2015era eta 2019tik 2023ra. Politikaren lehen lerrotik urrun dago orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE