Kaleko afarien gaineko erabakia «zuzentzeko» eskatu dio SOS Arrazakeriak Donostiako Udalari

Ohar baten bidez salatu du elkartasun erabakiak debekatzeko erabakiak erakusten duela «partehartzearen inguruan» entzuten diren «diskurtso handinahiak» ez direla bideratzen gero egiten diren politiketara.

Jendea, asteazken honetan, afari solidarioak debekatzeko Donostiako Udalak hartutako erabakiaren kontra protestan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jendea, asteazken honetan, afari solidarioak debekatzeko Donostiako Udalak hartutako erabakiaren kontra protestan. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2026ko abuztuaren 1a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ehunka gazte janari platerik gabe uzteak ez du azalpen onargarririk». Gipuzkoako SOS Arrazakeriak era horretan arbuiatu du KAS Kaleko Afari Solidarioak taldeak Donostian ematen dituen afariak debekatzeko asteon Donostiako Udalak hartu duen erabakia. Salatu du galarazpen horrek agerian uzten duela Donostiako Udalak esaten duenaren eta egiten duenaren arteko aldea: izan ere, «partehartzearen inguruan» entzuten diren «diskurtso handinahiak» ez dira bideratzen gero egiten diren politiketara. «Errealitatea da gizartea gizarte premiei erantzuteko aktibatzen denean, administrazioak lehia gisa ikusten dituela». Horiek horrela, erabakia «zuzentzeko» eskatu Donostiako Udalari. 

Gipuzkoako SOS Arrazakeriak ohar baten bidez eman du bere iritzia. Hartutako erabakiaren ondorioen inguruan abisu eman du, batetik. «Muturreko zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak gutxiesten eta kriminalizatzen jarraitzen dute». KASen boluntario jarduten duten herritarren «konpromisoa», halaber, goraipatu egin behar dela gogoratu du, eta pertsona horiek jardun dutela beti, gainera, erakundeei «lankidetza» eskaintzen. «Helburua izan da pertsona horiei laguntzeko tresna osagarri bat izatea eta erakundeen baliabideak baliatzea, beren migrazio proiektuan aurrera egin dezaten». Hori guztia ez «baloratu» izana egozten dio, ordea, Donostiako Udalari. 

Izan ere, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren arabera, tankerako ekinbideak «funtsezkoak» dira eta horien kontra ezin da egin debekuaren bidez. «Izan ere, administrazioak ezingo baitu inoiz ordezkatu hurbiltasuna, prestutasuna eta motibazioa». Eta oinarrizko zerbitzu bat bera kolokan egon liteke: afari solidarioen bultzatzaileek asteon salatu dute 300 herritar gera daitezkeela afaltzeko aukerarik gabe.

Ceutara begira

Igaro ordutan 50.000 lagun inguru sartu dira Marokotik Espainiara Ceuta zeharkatuta, eta irudi artegagarriak utzi ditu gertaera horrek. Nazioarte osoan izan du oihartzuna, gainera. Horren gaineko balorazioa ere egin nahi izan du Gipuzkoako SOS Arrazakeriak prentsa ohar baten bidez. Migratzaileei eta errefuxiatuei arta emateko «legeriak» beti bete behar direla gogoratu du eta «muga» jarri behar zaiela xenofobia sustatzen duten diskurtsoei. Marokoko Gobernuari egotzi dio herrialdea uzteko hainbat biztanlek duten «desio erreala» erabiltzea gainerako gobernuekin dituen harremanetarako «presio bide» moduan. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA