Bilboko konpartsek berriro ere bat egin dute kaleko saltzaileei babesa eta elkartasuna agertzeko. Prentsaurreko jendetsu bat antolatu dute gaur 19:00etan, eta Bilboko jaien «funtsezko printzipioetako bi» ekarri dituzte gogora: «Lehenengoa: Aste Nagusia pertsona guztientzat da. Bigarrena: ez dugu inolako erasorik onartuko, erasotzailea edozein dela ere». Horregatik, eta kaleko saltzaileen jasaten dute jazarpen «sistematikoari» erantzuteko, eskatu dute haien kontrako «eraso arrazistak» lehenbailehen amaitzeko.
Baina eraso horiek ez dira edonork eginak. «Salatu nahi ditugu erakunde publikoen eta komunikabideen aldetik egunero kaleko saltzaileen kolektiboa jasaten ari den eraso etengabe, lotsagarri eta krudelak, eta behingoz gelditzeko eskatzen dugu», ohartarazi dute.
Konpartsek salatu dutenez, ordezkari politikoek eta poliziek «ankerkeriaz, indarkeriaz eta bazterkeriaz» eraso egiten diete kaleko saltzaileei, eta oso larria iruditzen zaie jokabide hori, are gehiago «gogor lanean» ari diren eta egoera «zaurgarrian» bizi diren pertsonak direla aintzat hartuta.
«Eta arduradun politikoek, errealitate hori aldatzeko zer egin daitekeen pentsatu beharrean, hertsatzeko neurriak baino ez dituzte erabiltzen». Konpartsen ustez, «gutxieneko enpatia» pixka bat duen inor ez da hori ulertzeko gai: «Bilboko gizartea irekia, solidarioa eta langilea da. Hemen, garai zailetan, aurrera egitea tokatu da, eta pentsaezina da orain jendea horrela diskriminatzea, abusatzea eta jipoitzea. Hori ez ziguten etxean erakutsi».
Udalari, zehazki, eskatu diote «beste aldera» ez begiratzeko, eta «arrazakeria instituzional eta poliziala eta bere mekanismo bortitz guztiak» alde batera uzteko, eta kaleko saltzaileak kriminalizatzeari uzteko. «Pertsona horien atzean ez dago erakunde kriminalik»; Juan Mari Aburto alkateak hori aipatu baitu aste honetan, elkarrizketa batean. Aitzitik, haien atzean beste arazo batzuk ikusten dituzte konpartsek: egoera erregularizatzeko zailtasunak, etxebizitza bat edukitzeko zailtasunak, erakunde publikoen erantzunen gabezia, arrazakeria, aporofobia eta polizien indarkeria.
«Lan egitea ez da delitua, eta inor ez da legez kanpokoa», esan dute: «Delitua gertatzen da ordezkari politikoek boterea gehiegikeriaz erabiltzen dutenean gure izenean; ordezkatzen gaituztenek gorroto diskurtsoak dituztenean, ustez gu babestu behar gaituzten horiek autoritatea ahulenaren aurka erabiltzen dutenean».

Ikurrinari omenaldia
Ez da izan konpartsen eguneko ekitaldi bakarra. Arratsaldean kalejira bat ere egin dute Marijaia buru zutela, eta Arriagako plaza bete dute, ikurrinari omenaldia egiteko, urtero legez. Onintza Enbeita pregoilariak bertso batekin ekin dio ekitaldiari.
Bilboko konpartsek nekazariak eta kontsumo taldeak omendu dituzte, tokiko nekazaritza eta elikadura sustatzeko egiten duten lanarengatik, eta are ingurumena zaintzeko ere egiten duten ekarpenarengatik. Janaria eskubide, «eta ez merkantzia», izango den herrialde bat defenditu dute, eta ikurrina horren sinbolotzat aurkeztu.
Ikurrin berri bat Arriagako plazako hagan zintzilikatuta eta aurreskua dantzatuta bukatu dute ekitaldia.