Abiatu da kalitate demokratikoa hobetzea helburu duen lantaldea Eusko Legebiltzarrean. Gaurko zeregina kronograma bat eta lan prozedura bat zehaztea izan da. 30 adituk parte hartuko dute agerraldietan, eta txostena 2027ko otsailerako prest egongo dela adierazi dute. Urtebete izango dute lanerako, horrenbestez.
Xabier Barandiaran lantaldeko arduradunak azaldu du zer langai izango dituzten: «Lau ardatzen gainean ibiliko gara demokrazia hobetzeko lantalde honetan egingo ditugun lanetan: batetik, herri politiketan balio demokratikoak indartzea; bigarrenik, iritzi publikoaren sendotasun demokratikoan eta, oro har, kultura politikoan sakondu nahi genuke; herri erakundeen eta herritarren artean egin litezkeen hobekuntzak aztertuko ditugu; eta, azkenik, herri politiken oinarrietan ere sakonduko dugu demokrazian sakontzeko».
EAJk ohar bidez azaldu duenez, lantaldeak lan eredu ireki eta plural baten arabera jardungo du. Hamar saiotan, 30 adituk hartuko dute parte, eta beste erakunde batzuetako esperientziak aztertuko dituzte. Eusko Legebiltzarrak herritarrentzat antolatuko dituen bi jardunaldi ireki ere egingo dituzte, «eztabaida demokratikoa gizartera hurbiltzeko». EHUrekin ere ikerketa bat sustatuko dute, hitzarmen baten bidez.
Imanol Pradalesek Eusko Jaurlaritzako lehendakariak inbestidura saioan agindu moduan, abiatu da, beraz, lantaldea Eusko Legebiltzarrean. «Arau esparru zabala, berritzailea eta abangoardiakoa» izatea proposatu zuen Pradalesek. Munduko ziurgabetasunaren aurrean «Euskadi demokrazian erreferente izatea» jarri zuen helburutzat Pradalesek proposamena aurkeztu zuenean. «Demokraziak, gaur egun, inoiz baino gehiago, atxikimendua eta konpromisoa eskatzen ditu, pertsonala eta kolektiboa», adierazi zuenez.