Canon Françaisen aurka, giza harresia osatzera deitu dute Euskal Herriko ehun bat lagunek

Azaroaren 28an mobilizazio herritarra egingo dute Miarritzen, «gorrotoaren eta zatiketaren dinamikari» aurre egiteko. Kanpainaren lehen bilkura irekia urriaren 13an egingo dute Baionan.

Canon Françaisen aurkako mobiliazio bat irailean Miarritzen. PATXI BELTZAIZ
Canon Françaisen aurkako mobiliazio bat, joan den irailean, Miarritzen. PATXI BELTZAIZ
edurne begiristain
2026ko urriaren 9a
16:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko askotariko esparrutako ehun bat pertsonak herri harresia osatzeko deia egin dute azaroaren 28rako Miarritzen (Lapurdi), Canon Françaisen aurka. Mobilizazio «herritarra, jendetsua, alaitsua eta determinatua» antolatu nahi dute, ekitaldi horrek Euskal Herrira ekar ditzakeen «gorrotoaren eta zatiketaren dinamikei» aurre egiteko. Miarritzeko Irati aretoan egingo dute mobilizazioa, 11:00etatik aurrera.

Frantses Kanonaren aitzinean: herri harresia! izenburuko manifestu bat sinatu dutenek adierazi dute helburua ez dela soilik haren aurkako jarrera agertzea, baizik eta Euskal Herriko herri bizitzaren, elkarbizitzaren eta antolaketa kolektiboaren aldeko mezua zabaltzea ere. Horretarako, giza harresi bat osatzeko deia egin dute, Euskal Herriko hainbat eragile eta herritarren arteko elkartasuna eta konpromisoa erakusteko.

Canon Français zer den ulertzeko, batetik, oroitarazi behar da Pierre Edouard Sterin eskuin muturreko miliardunak lotura ekonomikoa duela etxe horrekin. Sterinek Perikles plana aitzina eramatea du helburu: estrategia kontserbadore eta kristau horren xedea da 2027ko Frantziako lehendakaritzarako hauteskundeetan eskuin muturra garaile izatea. Bestetik, Canon Françaisen beste ekintza batzuek traba larriak sortu dituzte han eta hemen. Adibidez, Frantziako Caen hirian antolaturiko bankete batean, irain arrazistak eta homofoboak egin zituzten eta ikur naziak erakutsi, kazetari baten filmaketek erakusten dutenez. Bada, azaroaren 28an, «euskal banketea» deituriko bazkaria eginen du Canon Françaisek, Miarritzeko Irati aretoan.

Besteak beste, sindikalismo, politika, argitalpen, laborantza, gastronomia, kirol eta kultur arloko eragileek sinatu dute taldearen kontrako manifestua. Herrietako festen antolatzaileek eta gazteek ere bat egin dute mobilizazioarekin. Herri harresia osatzera deitutakoen artean daude Miren Artetxe, Amets Arzallus, Juliette Bergougnian, Jean-Louis Davant, Maider Hegi, Maika Etxekopar, Fermin Muguruza, Andoni Ollokiegi, Pello Reparaz eta Neige Sinno. Horiek ez ezik, 1936ko gudarien eta 1939-1945eko erresistenteen ondorengoek, faxismoaren, frankismoaren eta nazismoaren biktimen senideek eta Pierre-Edouard Sterinek auzipetu nahi dituen euskal militanteek ere bat egin dute deialdiarekin. Elkarteetako, alderdi politikoetako eta sindikatuetako arduradunak ere badaude ehun sinatzaileen artean.

Sinatzaileek auzitan jarri nahi dute Canon Françaisen antolatzaileek defendatzen duten bizikidetzaren ikuspegia. Manifestuarekin bat egin dutenek ez dute onartzen Euskal Herrira «bizikidetza eta lurraldea biziarazten» irakastera etortzea, haien iritziz Euskal Herriak aspalditik lantzen baititu harreman komunitarioak eta herri bizitza bere ekimenen bidez. Horren erakusgarri, hainbat ekimen eta topagune aipatu dituzte: Herri Urrats, Nafarroaren Eguna, Korrika eta Lurrama, baita gaztetxeak, zikiroak, peñak eta poteoak ere. Haien esanetan, horiek guztiak herritarren arteko harremanak, elkartasuna eta tokiko bizitza sustatzeko guneak dira, eta ez dute kanpotik datorren eredurik behar horiek antolatzen eta biziarazten jarraitzeko.

Sinatzaileek, halaber, salatu dute Canon Françaisen inguruan zabaltzen den irudia eta ekitaldi horietan gerta daitezkeen jokabideak ez datozela beti bat. Agirian diotenez, komunikazio atsegin baten atzean ezkutatzen dira «bazterketa eta diskriminazioa». Zehazki, otordu batzuei lotutako jokabideak aipatu dituzte: beso luzatzeak, adierazpen arrazistak, jarrera sexistak eta alkoholarekin lotutako eraso jarrerak. Deitzaileen arabera, halako portaerek ez dute lekurik elkarbizitzaren izenean antolatutako ekitaldietan.

Lehen bilkura irekia, Baionan

Azaroaren 28ko ekitaldian eta horren aurretik antolatuko dituztenetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Hala, mobilizazioa antolatzeko, lehen bilkura zabala egingo dute datorren asteartean, urriaren 13an, 19:00etan, Baionako Lan Burtsan, Santa Ursulako plazan. Bilkura irekia izango da Canon Françaisen aurkako mobilizazio kanpainan parte hartu nahi duten guztientzat.

Bilera horretan, kanpainarekin bat egin nahi duten herritarrek eta eragileek antolaketan parte hartzeko aukera izango dute. Azaroaren 28ko mobilizazioaren aurretik indarrak biltzea eta ekinaldiaren berri zabaltzea dira sustatzaileen erronketako batzuk.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA