Kanpoko portuaren egitasmoa «betiko» erretiratzeko eskatu dute

Pozik baina tentuz hartu dute albistea Pasaiako Portuko Foroak eta Jaizkibel Bizirik plataformak

Pasaiako kanpoko portuaren proiektua aurkezteko erabili zuten irudietako bat. BERRIA.
Donostia
2014ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Asteazkenean jakinarazi zuen Pasaiako Portu Agintaritzak: Pasaiako kanpoko portua (Gipuzkoa) eraikitzeko proiektua erretiratuko du. «Urteak daramatzagu albiste horren zain», nabarmendu du Pasaiako Portuko Foroko kide Javier Belzak. Aspaldiko eskaerak denbora asko eman du erantzunik gabe; egitasmoak «hor» jarraitzen zuen, ez aurrera ez atzera. Hartara, erabakiarekin pozik agertu da Belza: «positiboa» dela adierazi du, baina «behin betikoa» izatea nahi duela erantsi.

Foroan hasieratik pentsatu zuten egitasmoa ez zela bideragarria, ez ekonomikoki, ezta ingurumen arloan ere. Belzak berretsi du kanpoko portuak ez duela aurrera egin «okerrekoa» zelako, eta ez krisia tartean dagoelako. «Krisi garaietan ez ezik, bestela ere gaiaren inguruan eztabaidatu izan dugu foroan».

Jaizkibel Bizirik plataforma ere poztu egin da albistearekin. Halere, tentuz mintzatu da gaiaren inguruan: adierazi du oraindik iragarpen bat dela, eta kanpoko portuaren egitasmoa erretiratu dela baieztatu arte lanean jarraituko duela. Barruko portuari begira ere segituko du: «Egungo azpiegiturak hobetu behar dira». Gogora ekarri dute ikerketa guztietan azaldu dela barruko portuak baduela gaitasun nahikoa.

Argudio hori bere gain hartu du orain portu agintaritzak berak, datuetan oinarrituta: iaz 2,9 milioi tona salgai sartu-irten ziren Pasaiako portutik, eta oraingo kaiak 6,3 milioi tonarako gaitasuna du —behin bakarrik iritsi da salgai kopurua sei milioira—. Hamazazpi milioi tona hartzeko gaitasuna luke azpiegitura berriak. Beraz, portu handiagoa egiteak zentzua galdu duela onartu du agintaritzak: ez dago «justifikatua».

Bat etorri da Pasaiako Portuko Foroa. Datuei begira jarri da Belza ere: «Salgaien joan-etorria iragarri zutena baino %40 txikiagoa izan da». Portu agintaritzak barruko portua «berreskuratzeko» asmoa agertu izana ontzat jo du Belzak: «Guk esaten genien barruko portuak bazituela aukerak, baina ez ziguten kasurik egiten. Orain arte, daukagun portua gutxiesten aritu dira». Hori dela eta, indarrak barruko portuan jartzearen alde agertu da: «Aukera handia ematen du oraingo portuak, eta horregatik inbertitu behar da bertan».

Irailera arte, zain

Irailean bilduko da portuko administrazio kontseilua, eta proiektua erretiratzeko asmoa azalduko du agintaritzak. Hori onartuta, Espainiako Ingurumen Ministerioan egin beharko da eskaera: Pasaiako kanpoko portuaren tramitazioa bertan behera gelditzea. Madrilek onetsi ostean, egitasmoari buruzko txostena itxi egingo dute, eta proiektua bertan behera utziko dute, ofizialki.

Horren ondoren, kaian beste proiekturen bat egin nahiko balute, prozesua hutsetik hasi beharko lukete. Eta gerora beste egitasmo bati ekitea zaila izango litzatekeela uste du Pasaiako Portuko Foroko kideak: «Jaizkibelek geroz eta babes maila handiagoa du, eta ingurumenarekin lotutako gaiekin gero eta kontzientzia handiagoa dago gizartean».

Belzarentzat, alde txarra ere badakar horrek, barruko portuari begira: «Sinestezina egiten zait hutsetik hasi behar izatea. Ez dago batere informaziorik oraingo portuaren egoeraren inguruan, eta hori ez da onargarria». Guztia egiteke dagoela azaldu du, barruko portua guztiz «narras» dagoela: «Hutsetik hastea baino okerragoa da hau». Plangintza estrategikoa eskatu du, epe luzerakoa: «Ezin da horrelako proiektu bat hamar urterako pentsatu. Inbertsio handi bat egin ostean, proiektuaren iraupena motza bada, xahututakoa berreskuratzeko denborarik ez dago».

Arduradun politikoen jarrera ere kritikatu du Belzak. Susmoa du hasieran proiektuaren alde azaldu zirenak ere ohartu direla kanpoko portuaren bideragarritasun arazoez. Gauzak horrela, «gaizki eginak onartzeko garaia» heldu dela adierazi du: «Arduradunek aurpegia eman beharko lukete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.