Karabela portugesak eta ostreopsisak Euskal Herrira itzuli dira, eta igerilariak trabatu

Larrialdi klimatikoa dela eta, ur laster beroak emendatu dira beroaldi errepikatuen ondorioz, eta bizidunak Euskal Herriko kostaldera eraman. Itsasbazterrean igerilariak zauritzen dituzten heinean, hondartzak hetsi behar dituzte.

Bainatze debekua Miarritzeko hondartza batean, iazko uztailaren 25an. GUILLAUME FAUVEAU
Bainatze debekua Miarritzeko hondartza batean, iazko uztailaren 25ean. GUILLAUME FAUVEAU
2026ko abuztuaren 7a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurten ere itzuli dira karabela portugesa eta ostreopsisa. 2021etik landa, bi bizidun horiek Euskal Herriko hondartzetaraino heltzen dira. Berotegi efektuaren ondorioz, uraren tenperatura igo da, eta ur laster beroak emendatu Euskal kostaldean. Karabela portugesak medusaren antza du, eta ezin du igeri egin: ur beroko korronte horiek dute hona garraiatzen. Karabela bat hunki ondotik, igerilariak erredurak, larruazaleko erreakzioak eta urtikaria senti ditzake. Ostreopsisa alga txiki bat da: gizakiari ezinezkoa zaio horren begiz ikustea, eta, gehienetan, hunkiz geroz gripe sintomak eragiten ditu, larritasun gutikoak. Ondorioz, biktima bat baino gehiago uretik ateratzen bada, bertan bainatzea debekatzera behartuak dira hondartzetako zaindariak.

Udako turisten antzera, uztaileko hirugarren astetik goiti azkartu da karabelaren presentzia. Behin baino gehiagotan hondartzak hetsi dituzte: halaxe izan da agorrilaren 4an Angeluko Zaldunen hondartzan eta Miarritzeko Hondartza Handian (Lapurdi). Donibane Lohizunen edota Getarian ere (Lapurdi) kausitu dituzte karabelak. Egun berean, hortik kilometro batzuetara, bandera gorria jarri zuten Donostiako Kontxako, Ondarretako eta Zurriolako hondartzetan bainatzea debekatzeko. Karabela portugesa multzo handian iritsi zen orduan, eta ezinezko bihurtu zen modu seguruan bainatzea.

Ez da lehen aldia aurten Gipuzkoako igerilariak trabatuak direna. Uztailaren hastapenetik, uraren kalitate eskasak neurriak hartzera behartu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila. Ondorioz, Zarauzko hondartzan, Debakoan, Mutrikuko Saturraranen eta Ondarbeltzen eta Zumaiako Santiagon bainatzea debekatu zuten egun zonbaitzuetan. 

Prebentziorako gomendioak

Baina zaila da karabelen eta ostreopsis algaren presentzia prebenitzea. Ur azalean egoten da karabela, eta garroak ur azpian atxikitzen ditu. Haiek dute gizakia ziztatzen eta zauritzen ahal. Ziztatua izan bezain laster, zauria itsasoko urez garbitu behar da, eta garrantzitsua da zauria zuzenean ez hunkitzea. Ondotik, garroak kendu behar dira, urez edo, ahalaz, bizarra egiteko hagunaz. Hala ere, ziztada biziegia bada edo sintoma kezkagarriren bat agertzen bada, medikuarengana joan behar da. Gomendio horiek eman ditu Euskal Hirigune Elkargoak, iaz ARS eskualdeko osasun agentziak argitaratu zituen informazioen harira.

Ostreopsisari dagokionez, osasun agentziak hainbat aholku hedatu ditu. «Mikroalgarekin kontaktuan egon direnek gripearen sintomak izan ditzakete, baina larritasun gutikoak izan ohi dira: eztula, eztarriko mina, sudurreko eta begiko infekzioak, arnasketa arazoak, sukarra, dardarak, giharretako mina, buruko mina eta abar. Sintoma horiek alga hunki eta sei orenera agertzen dira, eta, normalean, konplikaziorik gabe desagertzen dira hiruzpalu egunen buruan».

Hori dela eta, Lapurdiko hondartzetako egoera jarraitzeko Kalilo aplikazioa sortu zuen 2020an Elkargoak. Hondartza bakoitzeko banderaren kolorea kontsulta daiteke aplikazioan, uraren kalitateari buruzko informazioa ematen du, eta eguraldiari buruzko datuak eta mareen ordutegiak ere ematen ditu. Bainu lekuen inguruan diren dendei, autobus geltokiei eta osasun zentroei buruzko informazioa azaltzeko ere balio du. Baina Kalilok ez du beti seinalatzen edota eguneratzen karabela portugesaren eta ostreopsisaren presentzia, kasu batzuetan hondartzak denbora mugatu batean baizik ez direlako hesten.

Bestalde, badira hondartzen egoeraren berri jakiteko beste aplikazio batzuk ere: Nik Hondartzak Gipuzkoan, eta Bizkaiup Bizkaian. Adibidez, Bizkaiupek koloreen bidez adierazten ditu hondartzaren edukiera eta itsasoaren egoera —berdea, horia eta gorria—, Bizkaiko kosta irudikatzen duen mapa batean. Ibiltzeko eta bainatzeko egokiak diren hondartzak ere seinalatzen ditu.

Fenomeno errepikakorra

Larrialdi klimatikoaren ondorio zuzena dira bizidun horien migratze handiak. Aurretik erran bezala, ur berotan murgiltzen denez, uraren berotzeak erakarri du animalia hori euskal kostaldera. Arazoari aurre egiteko, Euskal Hirigune Elkargoak eta osasun agentziak zehaztu dute ostreopsis alga ikertzen ari direla 2022az geroz. Momentuz, datu zehatzik edo ondorio berezirik ez dute komunikatu.

Karabela portugesa dela eta, berriz, ikerketa zehatzik ez da abiatu oraindik: haren presentzia zenbatzea zaila da, ur azalean mugitzen baita. Analizatzea zaila delakoan, zaindariek begi hutsez baizik ez dute behatzen ahal. Goiz guztiz, begiraleak zain geratzen dira zer erabakiko, hondartzak ireki ala ez.

Baina espero izatekoa da klima larrialdiaren eraginez karabela portugesa eta ostreopsisa berriz agertzea datorren urteetan, Euskal Herriko itsasbazter osoan. Fenomeno errepikakor bihur litekeen arren, osasunaz arduratzen diren instituzioen erranen zain gelditu behar dute bainulariek, alternatibak atzeman arte.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA