Pastor
Darwin eta gu

Karibeko piratak (VI)

2026ko urtarrilaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Testua El País egunkari espainiarrak argitaratu du Trumpek Venezuelako petrolioa banatzeko egindako bileraren ostean: «Etxe Zuriko Ekialdeko Aretoko eszena Erdi Aroko gorte batekoa zen ia. Erdian enperadore bat, AEBetako presidentea, Donald Trump, pozez lehertzen, bere herriak egindako operazio militarrean Caracasen Nicolas Maduro bahitu eta gero, bere aholkulari nagusiek inguratuta. Ondoan, petrolio-multinazional handietako enpresariak, mundu osotik etorriak berari ohore egin eta Venezuelako sektore energetikoaren zati bat lortzeko». Horietako bat izan zen Josu Jon Imaz: «Eskerrik asko, presidente jauna, Venezuela hobea izateko atea irekitzeagatik».

Venezuela hobea nahi du Imazek. Ez du deus esan nazioarteko ordena hautsi izanaz. Zer da Venezuela hobea? Carlos Andres Perez sozialdemokrata ustel eta X jaunaren lagunaren garaikoa? Pobreak muinoetan pilatuta bizi ziren aroko Venezuela, mestizoak eta beste txiro arrazializatuak bazterkerian zituena? Kapitalismoaren alderik gordinena erakusten zuena?

Venezuela hobea nahi du Imazek. Ez du deus esan nazioarteko ordena hautsi izanaz

Herri hartan bizi izandako euskal errefuxiatu eta deportatu politikoek orduko egoera deskribatu dute eraso inperialistaren ondoren kaleratu duten agirian: «Accion Democratica (sozialdemokrazia) eta Copei (demokrazia kristaua) alderdiak estatu alderdi gisa boterean txandakatzen zituen hauteskunde iruzur iraunkorraren lekuko izan ginen. Interes truke horrek gutxiengo aberats bati bakarrik egiten zion mesede, herri sektoreak marjinaltasunera eta erabateko pobreziara kondenatzen zituen bitartean».

Kapitalismoa zen, gure demokratek laudatzen zuten sistema. «Nahiago dut New Yorkeko metroan labankada batez hil, Moskun asper-asper eginda hil baino», esan zuen Carlos Andres Perezen kide Felipe Gonzalezek kapitalismoaren apologia egiteko. Bazuen beste zerbait esatea: «Nahiago dut Caracasko muinoetan urik eta argirik gabeko etxola batean gosez hil, Moskun asper-asper eginda hil baino». Izan ere, hiriburuko bazter auzoetako bizimodu hura ere kapitalismoa zen.

Madurok ez zituen bozen emaitzak batzuek nahi zuten eran erakutsi. Aitzakia ezin hobea eman zien eskuinari eta inperioari aurkako kanpaina areagotzeko. Hala ere, ez pentsa: inork uste du garaipena benetan frogatu balu sinetsi egingo ziotela? Eskuinaren aktak zenbateraino ziren fidagarriak, kontuan izanda Corina Machadok chavismoak irabazitako hauteskunde guztien emaitzak inoiz onartu ez dituela?

Enperadoreari egindako eskumuin-zeremonian gailendu zen Imaz. Trump nazio subirano bateko estatuburua bahitzeagatik ohoratzea nahikoa ez, eta, gainera, AEBetako presidentea lausengatzen segitu zuen. Horretarako, bere egin zuen Trumpek inposatutako asmakeria: Amerikako golkoa deitu zion Mexikoko golkoari. Ezinbestekoa al zen hori ere esatea enperadorearen faboreak jasotzeko? Iñaki Anasagastik Imazen jokaera azaldu du bere blogean: «Pentsatzen dut Trumpi koipe emateko egin zuela». Eta adibide bitxi bat jarri du EAJko buru ohia defendatzeko: «Bizkaiko golkoari nabigazio-karta guztietan Kantauri itsasoa deitzen diotela gogorarazten diet eskandalizatu diren horiei».

Nabigazio-karta guztietan? Nik ez dut hala ikusi. Are gutxiago mapetan. Marinela dugu Anasagasti. Ur gazietakoa ala ur gozoetako? Zer kartari begiratzen dio? Izan ere, nazioarteko mapa gehienetan Bizkaia hitza ipinita dago, dela ingelesez —Bay edo Gulf of Biscay, dela alemanez, norvegieraz, errusieraz edo turkieraz. Bretainiatik Galiziaraino —normalean Kantauri itsasoa ez da agertu ere egiten—.

Venezuela hobea izateko atea ireki ei du Trumpek, lehengo garaiak gogoan. Chavez artean bizirik zegoela han izan zen lagun batek kontatu zidanez, Caracasko alde aberatsenean bizi zen jendearekin hitz egiteko aukera izan zuen. Biziki kezkatuta zeuden pertsona horiek: muinoetako haur pobreak, ordura arte existitzen ere ez zirenak, beraien parkeetan jolasten hasiak ziren. Ume blanquito-en ondoan —ez haiekin batera, kasu!—. Eta hori jasanezina zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA