Kartzela zigorra urtebete apaldu diote Zizur Nagusian ezagun bat hiltzen saiatu zen gizonari

Nafarroako Auzitegi Nagusiak uste du hartutako drogek eragin «moderatua» izan zutela harengan, ez «arina», eta kartzela zigorra 11 urtetik hamarrera jaitsi dio. Zigortuak bost aldiz tiro egin zion beste gizon bati, eta paraplegiko utzi zuen.

Poliziak Zizur Nagusiko tiroketaren eremua ikertzen, 2024ko martxoan. JESUS DIGES / EFE
Poliziak Zizur Nagusiko tiroketaren eremua ikertzen, 2024ko martxoan. JESUS DIGES / EFE
jakes goikoetxea
2026ko apirilaren 21a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Auzitegi Nagusiak 11 urtetik hamarrera apaldu dio kartzela zigorra gizon bati. Zigortua beste gizon bat hiltzen saiatu zen 2024ko martxoan, Zizur Nagusian: bost aldiz tiro egin zion. Auzitegiaren arabera, zigortuak hartu zituen substantzia toxikoek eragin «moderatua» izan zuten haren jokabidean, ez «arina», Nafarroako Auzitegiko 1. Atalak urtarrilean ebatzi zuen moduan.

Bi gizonak ezagunak ziren, eta elkarrekin egoteko geratu ziren. Epaiaren arabera, zigortua etxetik jaitsi zen, eta zuzenean beste gizonarengana joan, «hura hiltzeko asmo garbi eta nabariarekin». Bi tiro eman zizkion eskuineko hankan. Biktima, odol asko galtzen hasi, eta ihes egiten saiatu zen, baina erasotzailea atzetik joan zitzaion korrika, eta hiru aldiz tirokatu zuen: bi tirok jo zuten, batek sabelaldean eta besteak bizkarrean. Bizkarreko tiroak zauri larriak eragin zizkion. Tiro horietako baten eraginez, biktima paraplegiko geratu zen: %75eko desgaitasuna du. Hiru milioi euroko kalte ordaina eman beharko dio zigortuak. 

Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak ebatzi zuen zigortuak nahasmendua duela eta nortasunaren nahasmendu mistoa zituela, alkohol, kalamu eta estimulatzaile kontsumoari lotuta. Aitortu zuen akusatuak substantzia horien eraginpean jokatu zuela tiro egin zuen egunean, baina eragin hori «arina» zela, eta ez zuen uste errugabetzeko aski arrazoi zenik, irizten baitzuen frogek ez zutela erakutsi gaitasun intelektualak eta borondatea baliogabetuta zeuzkanik. Nafarroako Auzitegi Nagusiak epaia aldatu du. Uste du alkoholak, kalamuak eta estimulatzaileek eragin «moderatua» izan zutela harengan.

Aldeek epai horren kontrako helegitea aurkez dezakete Espainiako Auzitegi Gorenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA