Katalunia eta Galizia eredu

EAEko langile publikoei dagokien hizkuntza planifikazioa zehazteko, Euskal Herritik kanpoko adibideak aztertu dituzte gaur, Andoainen.

Carlos Amoedo, Iñigo Urrutia, Idurre Eskisabel eta Eva Pons, gaur, Andoainen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Carlos Amoedo, Iñigo Urrutia, Idurre Eskisabel eta Eva Pons, gaur, Andoainen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko martxoaren 15a
15:00
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoei dagokien hizkuntza planifikazioa ongi zehazteko, lagungarria izan daiteke jada existitzen diren ereduei erreparatzea. Kataluniakoari eta Galiziakoari, zehazki. Hala egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Txillardegi Gogoeta Guneak gaurko antolatutako mintegian: Enplegatu publikoen hizkuntza planifikazioan jauzia egiteko unea: ereduak eta proposamenak. Martin Ugalde kultur parkean egin dute, Andoainen (Gipuzkoa).

Eva Pons i Perera Bartzelonako Unibertsitateko Zuzenbideko doktore eta Konstituzio Zuzenbideko eta Filosofia Politikoko irakasleak eman du Kataluniako egoeraren berri: «Kataluniako Autonomia Estatutuak jasotzen du katalana bertako berezko hizkuntza dela. Horrek hainbat kontu hartzen ditu barnean: identitate arloa, batetik, eta, bestetik, ezartzen du ohiko hizkuntza izan beharko lukeela katalanak gure administrazioan. Eta horrela biltzen da gure legean». Horrez gain, berezko hizkuntza gisa aitortzeak babes neurri batzuk ere badakartza, jurisprudentziak berak babestu egiten baitu.

Argitu du hizkuntza eskubideez mintzatzean ezinbertzekoa dela hizkuntza horien erabilera administratiboa ere zehaztea. Bertzela, herritarrek ezin izanen baitituzte beren «hizkuntza eskubideak baliatu». Erabilera administratiboa ezartzeak, baina, bertze behar bat dakar: langileak gaitzea. Azaldu du Katalunian badagoela dekretu bat ezartzen duena administrazio publikoan lan egiten duten horiek katalanezko C1 maila izan behar dutela; batzuetan, C2 titulua ere eskatzen dute, eta baita B2 edo B1 maila ere. Azken horiek, baina, «salbuespenak» direla azpimarratu du. «Gaitasuna erakutsi behar da bai idatziz, eta bai ahoz ere, lanpostuaren tokiko eskakizunaren arabera». Hala, azaldu du tokiko administrazioaren %37 katalanez soilik mintzo dela, eta %50 ele bitan. «Periferiako» administrazioan egoera erabat aldatzen dela erran du Ponsek.

Ponsi ezinbertzekoa zaio herritarren formakuntza bermatzea langileek gaitasun hori izateko. «Hizkuntza gaitasuna bermatu egin behar da irakaskuntzan. Izan ere, arazoak izan ohi dira erabilerari dagokionez, batez ere bigarren hezkuntzan».

Kontserbadoreen neurrira

Carlos Alberto Amoedo Souto Coruñako Unibertsitateko Administrazio Zuzenbideko katedradunak azaldu du Galiziako egoera. «Guk egoera linguistiko berezia dugu, galegoak baduelako berezko hizkuntzaren izaera hori, eta ezaugarri juridiko konstituzionala da, gainera». Gehitu du Galiziako egoera eta Euskal Herrikoa desberdinak direlako gaztelaniaz mintzo den batek galegoa ulertu dezakeelako baina euskara, ordea, ez. 

Hala ere, nabarmendu du galegoa «asko» erabiltzen dela, eta, azkeneko bi urteetan izan ezik, gainerakoetan hori izan dela Galizian gehien erabili den hizkuntza. «Badakigu adinekoek, batez ere Ourensen eta Lugon, galegoz hitz egiten dutela, eta, aldi berean, horiek dira PPren bozkatzaile nagusiak». Hala, azaldu du Galizian kontserbadoreak egon direla agintean azken urteetan: «Euren neurrira moldatu dute gure hizkuntza normalizazioaren paisaia». Dena den, gogoratu du kontserbadore horiek berek onartu zutela galegoz jakiteko beharrizana ezartzen duen legea, 80ko hamarkadan ondua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.