Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetaria Eusko Legebiltzarreko Segurtasun Batzordean izan da gaur goizean, Donostiako Aske Gunean Ertzaintzak izan zuen jokabidearen eta hari egin zioten erasoaren xehetasunak emateko.
Azaldu duenez, sakelakoarekin grabatzen ari zen protestan ari zirenengandik gertu, ertzain batek esan baitzion bizpahiru metrora jartzeko. Une batean, polizia batek, harengana joan, eta kolpe batez telefonoa lurrera bota zion; lau ertzainen artean Arbelaitz bera bota zuten lurrera hurrena: "Ertzain bat zuzenean ni seinalatzen ikusi nuen, niregana zetorrela. Pauso batzuk eman nituen atzera, eta konturatu nintzenerako gainean nuen".
Gainerako kazetariak zeuden eremura eraman zuten, Bulebarreko kioskora, eta handik ezin grabatu zitekeela eta, Aske Gunera sartu zen, salto eginda. Barrutik aritu zen, lanean. "Nire obsesioa momentu horretan barnetik grabatzea zen, bertatik bertara erakustea eta Youtubera igotzea, etxetik jarraitzen ari ziren horiei erakusteko zer ari zen gertatzen", azaldu du.
Legebiltzarkideak
Kazetariek jarrera politikoa izateko eskubidea dutela esan dio Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak Arbelaitzi, baina haren testigantza "espekulazioz eta balorazioz jositako kontakizuna" izan dela gaineratu du: "Ez da informazioa izan, ez behintzat aspeptikoa eta objektiboa".
Aske Gunera salto eginda, kazetari izateari utzi eta protestako partaide bihurtu zela esan dio Iturratek, eta Ertzaintzak egun hartan esan bezala, ardura penalak izan zitzakeela ohartarazi.
Protestan parte hartu izana ukatu egin du Arbelaitzek, eta gertatutakoa Aske Gunetik barnetik kontatzeko beharra nabarmendu du: "Norbaitek ezkutatu nahi duen zerbait erakustea da kazetaritza". Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak galdetu dio ea nola den posible gertatzen ari zena kioskotik ikusi ahal izatea baina ezin "dokumentatzea". "Begia askoz perfektuagoa delako zortzi megapixeleko kamera baino", ihardetsi dio.
Mikel Unzalu PSE-EEko legebiltzarkideak Arbelaitzi galdetu dio ea, haren iritziz, gau hartan atxilotutako gazteen aurka Auzitegi Gorenak emandako epaia bete behar den. "Nire iritzia da XXI. mendeko demokrazia batean ez dela onargarria lan politikoagatik bakarrik jendea kartzelatzea", erantzun dio.