Kerman Villateren gurasoek — Arantzazu Beitiak eta Roberto Villatek— erantzuna eman diete Maider Etxebarria Gasteizko alkateak abuztuaren 4an Radio Euskadin egindako adierazpenei, prentsa ohar baten bidez. Sendiaren arabera, udalak ez zuen inoiz barne ikerketarik abiatu, alkateak esan bezala; aitzitik, agente baten aurkako diziplina espediente bat baino ez zuen tramitatu. Etxebarriak asteartean Radio Euskadiko Boulevard saioan adierazi zuen udalak «barne ikerketa bat» egin zuela, eta ez zuela auziari buruzko beste azalpenik emango, hura epaitegien esku dagoela eta.
Ikusi gehiago
Familiak zehaztu duenez, ordea, «halako ikerketarik ez zen inoiz egin». Azaldu duenez, 2025eko maiatzean abiatutako espedienteak ez zuen aztergai izan udalak nola erantzun zion Mitika aretoan aurretik antzemandako arrisku egoerari, ezta agintari kateak nola jardun zuen ere. Aitzitik, familiak argitu du urtebete lehenago atestatu bat egin zuen udaltzainaren jarduna eta dokumentu haren filtrazioa ikertzeko ireki zela espediente hura. Hain justu ere, 2024an atestatua egin zuen udaltzainak ohartarazi zuen Mitikako segurtasun langileen «jokabide bortitzek» arrisku egoerak sortzen zituztela. Familiaren esanetan, ordea, udaltzain horren aurkako espedienteak ez zuen modu integralean aztertu abisu haren ondoren administrazioak zer egin zuen, ez eta aurretik eta ondoren izandako erasoak, erasotzaileak eta bestelako polizia kidegoekin izandako koordinazioa ere.
Gainera, txartzat jo dute ikerketan kontuan hartu ez izana atestatua egin eta egun gutxira izandako talde eraso bat —Kerman Villateren ustezko erasotzaileak parte hartu zuen hartan—, nahiz eta espedientean agertu. Halaber, salatu dute artxibatu egin zutela aretora sartzeko kontrola leku egokian ote zegoen egiaztatzeko eskaera, eta ez zela aztertu ere egin bideozaintzak erasoak gertatzen ziren eremua barne hartzen ote zuen.
Gardentasun eske
Villateren gurasoek, halaber, kritikatu egin dute alkateak auzia epaitegietan dagoela argudiatu izana bestelako azalpenik ez emateko. Nabarmendu dute udalaren jardunari buruzko kontuak eskatzeko bidea administratiboa dela, eta, beraz, ez dagoela erasotzailearen aurkako zigor prozeduraren menpe. Era berean, adierazi dute alkateak ukatu egin duela gizarteak, erakundeek, hedabideek eta familiak berak udalaren jardunari buruz kontuak eskatzeko eskubidea dutela. «Judizializazioak ez du gardentasunari uko egiteko aitzakia izan behar», adierazi dute.
Horrez gain, Gasteizko Udalari eskatu diote egindako adierazpenak zuzentzeko, justiziarekin lankidetzan aritzeko eta duela hilabeteak eskatutako dokumentazioa helarazteko. Haien esanetan, informazio hori ezinbestekoa da udalaren jardunaren nondik norakoak argitzeko, bai bide administratiboan, bai oraindik irekita dagoen prozedura penalean.