«Euskal presoen sakabanaketa bukatu zen, baina lanean jarraitu behar dugu, berandu baino lehen preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izateko». Etxerat elkartearen aldarria da, eta hala berretsi du gaur ere, Kinkea promozioaren aurkezpenean. Aitor Etxeberriak egin ditu aurten banatuko dituzten lau artelanak, eta elkartasuna dute oinarrizko ideia.
Astigarragako (Gipuzkoa) Oialume Zar sagardotegian egindako aurkezpenean, Etxerat-eko kideek Kinkeak eurentzat duen garrantzia nabarmendu dute, elkartearen beraren jarduera sustatzeko eta presoen asistentzia juridikoa eta osasun arreta bermatzeko tresna baita; Etxerat-ek kudeatzen du auzi hori 2018tik. «Erronka garrantzitsua izanik, plangintza ekonomiko eraginkorra jarri genuen martxan, eta Kinkea izan zen plana garatzeko zutabe garrantzitsuena», adierazi dute.
Bederatzi urte igaro dira Kinkearen lehen ediziotik. Eskerrak eman dizkiete ordutik «konpromisoa» azaldu duten herritarrei, haien elkartasunagatik: «Beste behin, herri honen elkartasuna funtsezkoa izan da presoen eta senideen aldeko lana zorroztu ahal izateko».
Hain zuzen, Etxeberriak ere elkartasun hori islatu nahi izan du prestatutako lau artelanetan. Morphosis seriearen parte dira, eta urtaro bakoitzari dagokion promozioan horietako bat banatuko dute. Artistak azaldu duenez, serieka garatu ohi du bere lana, eta horietako bakoitzak «bere gai eta estetika propioak» ditu: «Serie horietan barruko egoeren adierazpena bilatzen dut, baita niretzat ezagutza eta esperientzia plastiko berriak ekarriko dituzten egoerak sortzea ere».
Ilustrazio horiek 25 euroren truke eskuratu ditzakete parte hartzeko asmoa dutenek, eta erosketarekin zozketa batean parte hartzeko aukera irabaziko dute. Denera, lau zozketa izango dira; martxoaren, ekainaren, irailaren eta abenduaren 21ean egingo dituzte. Horietako bakoitzean, 20.000 euroko sari bat, 5.000 euroko bi sari, 1.000 euroko hamar sari, 300 euroko berrogei sari eta 100 euroko hirurogei sari banatuko dituzte.