Goiz-goizetik gaztetxeen aldeko aldarriak ziren nagusi Durangoko (Bizkaia) eta Donostiako epaitegien aitzinean. Izan ere, Igorreko Kiñu (Bizkaia) eta Donostiako Guardetxea gaztetxeetako kideen kontrako epaiketak dira gaur. Bada, Kiñuren kontrako epaiketa bertan behera gelditu da, eraikinaren jabea eta herritarrak hartu-emanetan ari baitira, eraikina erabiltzen jarraitu ahal izateko akordio bat lortzeko. Hain zuzen, hirurogei egunez bertan behera geratu da prozedura. Bien bitartean, Donostiako epaitegien barruan jarraitzen dute Guardetxeko kideek, ez dutelako akordiorik sinatu eraikinaren jabearekin, Donostiako Udalarekin.
Ikusi gehiago
Hain zuzen, Bizkaiko eraikinaren jabea Sabadell bankua da, eta Gipuzkoakoarena, administrazio publikoa. Halere, bi kasuetan «okupazioaren eta defentsaren ondorioz» epaituko dituzte.
Igorreko gaztetxearen kontrako epaiketak goizeko 10:00etan hasi behar zuen. Sabadellek, ordea, ordezko abokatu bat izendatuta zeukan, eta hark ez zuen bankuaren eta Kiñu kultur elkartearen arteko hartu-emanen berri. Hori dela eta, Sabadelleko arduradunekin kontaktuan jarri behar izan du akusazioko letraduak, epaiketa hasi aurretik, elkarrizketen nondik norakoak argitzeko. Behin aretora sartuta, epaiketa atzeratzeko eskatu du Joana Arteaga Kiñu kultur elkarteko abokatuak. Auzi berean inputatutako gaztearen abokatu Iñaki Carrok eskaera horrekin bat egin du, eta, ondorioz, epaileak bertan behera utzi du epaiketa, hirurogei egunez.
Arteagak berak eman die epailearen erabakiaren berri epaitegiaren aurrean batutako dozenaka gazteei, eta haiek txaloka hartu dituzte abokatuaren hitzak. Hain zuzen, Arratiako ikastetxean (Bizkaia) egun osoko grebara deitu dute, ikasleak Durangoko epaitegietara joan daitezen: goizeko 9:30etik han zeuden, Kiñu kultur elkarteari eta auziperatutako gazteari elkartasuna adierazteko asmoz. Bitartean, gaur ere Donostian epaiketa zeukaten Guardetxea gaztetxeko kideak gogoan izan ditu Carrok, eta «borrokatzen jarraitzeko» deia luzatu. Bilboko Okupazio Bulegoko abokatua da bera, eta erakunde horri eskerrak eman dizkiote Kiñu gaztetxeko kideek; baita bildutako dozenaka gazteei ere. «Horrelakoetan ikusten da ametsak ezin direla epaitu eta gaztetxeak aurrera jarraitzen dutela», gehitu dute. Gogorarazi dutenez, otsailaren 6an, gaztetxeen aldeko manifestazioa eta erresistentzia jaialdia egingo dituzte Igorren.
Donostian, berriz, agerraldia egin dute AZGA Alde Zaharreko Gazte Asanbladako kideek, eta babesa adierazi diete deklaratzera deitutako kideei. «Ikusi beharko dugu epaileak zer erabakitzen duen, baina guk argi dugu sei urtez hutsik egon den eraikin bat auzolanean konpondu eta proiektu komunitario bat jartzea ez dela delitu bat», adierazi du Josu Egurza AZGAko kideak. Halaber, gogoratu du udalak ez duela Guardetxea konpontzeko aurrekonturik, ezta bertan garatzeko proiekturik ere.
Bide luzea
Guardetxeak erabilera autogestionatua izan zuen hamarkada batez, harik eta 2019an Donostiako Udalak eraikina itxi zuen arte. Hutsik dago geroztik, eta gaztetxeak hainbat bilera eskaera eta okupazio sinboliko egin ditu, «udalarekin biltzeko eta esleipen baldintzak negoziatzeko asmoz». Erantzunik jasotzen ez zutenez, maiatzaren lehenean, berreskuratu egin zuten eraikina, kideek kontatu dutenez. «Erresistentziaren bitartez gunea defendatu genuen, gaztetxearen proiektua martxan jarri ahal izateko. Geroztik, hamaika eragile eta kolektibok erabili dute, eta askotariko eskaintza politikoak eta kulturalak antolatu ditugu». Gaur, baina, zortzi gazte epaituko dituzte, «gaztetxearen okupazioaren eta defentsaren ondorioz».
Kiñu gaztetxeko kideek esplikatu dutenez, berriz, haiek bortz urte daramatzate Sabadell bankuaren eta «botere espekulatzaileen» mehatxupean. Izan ere, Igorreko gaztetxeak 2020tik darama prozesu judizialetan murgilduta: eraikinaren aitzineko jabearekin akordio bat egin zuten, baina Sabadell bankuak, eraikina bereganatu, eta bide judiziala zabaldu zuen. Gaztetxekoek irabazi zuten 2022ko epaiketa, eta gaur bigarrena.