Klima finantza handitzeko eskatuko dio Jaurlaritzak Bruselari COP31n

Orain arte egokitzapen proiektuak Jaurlaritzak ordaindu dituela azaldu dute, baina uste dute komunitateko funtsak mugitu behar direla klima larrialdira hobe moldatzeko.

Jaurlaritzako ordezkariek gaur Bilbon egindako agerraldia. Erdian Josu Bilbao Ingurumen sailburuordea. IREKIA
Jaurlaritzako ordezkariek gaur Bilbon egindako agerraldia. Erdian Josu Bilbao Ingurumen sailburuordea. IREKIA
inaut matauko rada
BILBO
2026ko azaroaren 5a
14:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astelehenean hasiko da Klima Aldaketaren COP31 goi bilera, Antalyan (Turkia), eta Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza bat bertan izango da, astelehenetik asteazkenera. Delegazio horretan, besteak beste, Josu Bilbao Ingurumen sailburuordea egongo da, eta gaur azaldu du hainbat gauzen artean, Jaurlaritzak Europako Batasunari eskatuko diola klima aldaketara egokitzeko finantziazioa handitzeko.

Europako Batasuna estrategia aldatu nahian dabilela azaldu du Bilbaok. Urriaren 27an Europako Batzordeak Klima Erresilientzia Markoa aurkeztu zuen, eta klima larrialdira moldatzeko lege bat onartzeko proposamena egin zuen: «Nabarmendu dute Europak klima ezbeharren aurrean erreakzionatzetik klima inpaktuei aurrea hartzera pasatu behar duela», azaldu du Bilbaok kazetarien aurrean. Bide horretan sakontzeko, sailburuordeak uste du legedi berriaz gain Europako Batasunak funtsak mugitu behar dituela egokitzapen proiektuak finantzatzeko, eta hori bera eskatuko du Jaurlaritzak Turkian: «Uste dugu une eta leku egokia dela hori eskatzeko».

28,8

Klima larrialdira egokitzeko 2027rako Jaurlaritzaren aurrekontu proposamena, milioi eurotan. Eusko Jaurlaritza 2027rako aurrekontu proiektua aurkezten ibili da azken egunetan, eta klima larrialdira egokitzeko proiektuetarako 28,8 milioi euro bideratu nahi ditu datorren urtean.

Finantziazioaren garrantzia nabarmendu du Bilbaok, klima larrialdiari buruzko kontuak globalki negoziatzen badira ere, lurraldean bertan garatzen direlako proiektuak. 

Esperientziak partekatzeko lekua

Bilbaoz gain, beste lau ordezkari izango dira COP31n, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua tartean, eta sailburuordeak zehaztu du lau helburu nagusi izango dituela delegazioak goi bileran. Moldaketarako finantzaketa handitzea eskatzea da horietako bat, eta beste bat da Eusko Jaurlaritzak moldaketan dituen esperientziak gainontzekoekin partekatzea da: «Euskadik denbora darama horretan lanean, egokitzapen proiektuak eta esku hartzeak egiten, eta gainontzekoekin partekatu nahi ditugu». Izan ere, esan bezala, Bilbaok gogorarazi du mundu mailan zehazten diren gidalerroak ostera lurraldeetan egikaritzen direla, eta Eusko Jaurlaritzak eskumen asko dituela hor.

«Euskadik denbora darama egokitzapen proiektuak eta esku hartzeak egiten, eta gainontzekoekin partekatu nahi ditugu»

JOSU BILBAO Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea

Horrez gain, gainontzeko lurraldeetako esperientzietatik ikasteko helburua ere badute Jaurlaritzako ordezkariek Turkian emango dituzten hiru egunetan. Azkenik, Bilbaok uste du klima larrialdira moldatzea jada ez dela soilik ingurumen politika bat: «Berrikuntza, lehiakortasun eta garapen kontua ere bada. Eta, batez ere, osasun kontua da. Lurraldea klima aldaketara moldatzen badugu, herritarrek bizitza kalitate hobea izango dute». Hain zuzen, moldaketak garapen lehiakorrarekin zerikusi handia du sailburuaren esanetan, eta Jaurlaritzak beste lurralde eta herrialdeei erakutsi nahi die Araba, Bizkai eta Gipuzkoan «zer nolako indar teknologiko eta enpresariala» dagoen.

Jaurlaritzak lurraldean egin dituen sei proiektu ekarri ditu gogora Bilbaok: Zarauzko (Gipuzkoa) kostaldeko frontean egiten ari diren esku hartzea, Bakioko (Bizkaia) Estepona ibaiaren itsasoratzearen birnaturalizazio proiektua, Txingudin (Gipuzkoa) estuario erresilientea sortzea, Astegietan (Gasteiz) Zadorrako naturagunea berreskuratzea, Bilboko Handiko itsasadar guztian eremu urbanoak erronka klimatikoetara egokitzea eta Legazpin (Gipuzkoa) hiri babesleku klimatiko bat egitea.

Euskal «laborategia»

Bilbaok azaldu duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoak baldintza klimatiko bereziak ditu: kostaldea, estuarioak, ibaiak, biztanleria dentsitate handiko udalerriak, industriguneak eta ekosistema bereziak. Horrez gain, arrisku klimatiko ezberdinak ere baditu: uholdeak, kostaldeko ekaitzak, itsas mailaren igoera, prezipitazio handiak eta bero boladak. Sailburuordearen ustez, horrek hiru lurraldeak «laborategi on» bihurtzen ditu. Hori dela eta, Climate Change Adaptation Living Lab izeneko «proiektu eraldatzailea» egin du Jaurlaritzak, Eusko Jaurlaritzaren Industria Planaren barruan dagoena.

Izan ere, Bilbaok berretsi du klima aldaketari egokitzeak gero eta lotura gehiago duela industriarekin eta berrikuntzarekin, eta hori bera da Jaurlaritzaren helburua: sektore horretako industria sortzea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA