Azaroan egingo dute COP31 klima bilkura, Antalyan (Turkia), eta haren aurretik, goi bileraren presidenteak, Murat Kurum turkiarrak, adierazi du berotegi efektuko gasen isurketak murrizteko energiaren kontsumoaren herenak elektrikoa izan beharko lukeela 2035erako. Gaur egun munduan kontsumitzen den energiaren %20 elektrikoa da, eta %35era handitzea proposatu du Turkiako Ingurumen eta Klima Aldaketa ministroak. Alemaniako Bonn hirian egin du atzo iragarri zuen proposamena Kurumek, urteroko COParen aurreko bilkuran. Hala ere, nabarmendu du bilakaera horrek boluntarioa izan behar duela, ez loteslea, baina iragarri du 2035erako helburu hori COP31ren lehentasun nagusienetako bat izango dela. Horrez gainera, Kurumek esan du eraikuntza sektorearen isuriak ere %25 murriztu behar direla.
Atzo hasi zen Bonneko Konferentzia, eta ekainaren 18ra arte izango da. Hala ere, azkar egin du Kurumek COP31rako duen proposamen nagusia. Energia kontsumoaren heren bat baino gehiago elektrikoa izan dadin, adierazi du ezinbestekoa izango dela sektoreen elektrifikazioan sakontzea. Izan ere, energia kontsumo handiko sektore askotan zaila da energia fosilen erabilera zuzena argindarrarekin ordezkatzea, kasu batzuetan energiaren hornidura ezin delako argindar sarearen bidez egin; esaterako, hegazkinak eta itsasontziak.
%80Zenbat erregai fosilen bidezko energia kontsumitzen den munduan. Munduko energia kontsumoaren %80 erregai fosilen bidez egiten da gaur egun.
Horretarako, baina, nabarmendu dute ezinbestekoa dela argindar iturri berriztagarriak hedatzea. Izan ere, gaur egun erregai fosilen errekuntzaren bidez sortzen da erabiltzen den argindarraren parte handi bat: munduko energia kontsumoaren %80 —munduan sortzen den argindarraren heren bat berriztagarrien bidez ekoizten da—.
Turkiak Australiarekin batera antolatu du aurtengo COP31, eta Ozeaniako herrialdeko Klima Aldaketa ministroak, Chris Bowenek, elektrifikazioan sakontzeko zenbait adibide jarri ditu: «Alemaniaren moduko industria potentzietako fabrikak elektrifikatzea, Afrikako komunitateei laguntzea kutsadurarik gabeko sukalde motak erabil ditzaten, eta Ozeano Bareko nazioei modua ematea gasolio bidezko argindar ekoizpena eguzki energiarekin aldatzeko».
Argindar merkeagoa
Bowenek eta Kurumek behin baino gehiagotan berretsi dute energia berriztagarria gainontzeko iturriak baino merkeagoa dela: «Energia berriztagarria gaur egun argindar iturririk merkeena da», esan du Bowenek. Gainera, azaldu duenez, teknologia jadanik «garatuta» dago garraioaren sektorea eta eraikinen berokuntza sistemak elektrifikatzeari ekiteko. Hori esan du, baina ez du aipatu hegazkin eta itsasontzi bidez eginiko garraioan gabezia handiak daudela gai horri dagokionez. Izan ere, sektore horretan energia kantitate handia behar dute leku urrian baina ahalik eta arinen.

Azken urteetan nazioarteko klima eztabaidetako joera agertu dute bi ministroek beren adierazpenetan: elektrifikazioa modu bat dela energia krisiari aurre egiteko eta energia horniduraren segurtasuna handitzeko, berotegi gasen isurketak murrizteko baino gehiago. Nabarmendu dute gero eta erakargarriagoa dela energia berriztagarrietan inbertitzea, erregai fosilen prezioak ikusita: «Garraioa, eraikinen girotzea eta industria, hau da, eguneroko bizimodua elektrifikatuta, halaxe babestu ditzakegu familiak eta enpresak energia merkatu aldakorren gorabeheretatik», esan du Turkiako ministroak.
%20Munduko energia kontsumoaren zenbat den argindarra. Gaur egun munduan kontsumitzen den energiaren %20 argindarra da, eta Murat Kurum Turkiako Ingurumen eta Klima Aldaketa ministroak uste du berotegi gasak murrizteko helburuak betetzeko beharrezkoa dela %35era handitzea, betiere berriztagarrien hedapenean sakonduz gero.
Simon Stiellek, Nazio Batuen Erakundeko klima buruak, uste du «energia garbietan inbertitzea eta energia fosilekiko menpekotasuna murriztea» irtenbide onak izan direla klima larrialdiarekin lotutako hondamendi naturalak murrizteko eta «gure historiako energia krisi okerrenari» aurre egiteko, eta klima larrialdiaren kontrako nazioarteko borroka multilaterala goratu du, esanez gizateriak inoiz abiatu duen gauzarik gogorrena baina garrantzitsuena dela.
Santa Martaren eragina
Azken urteetan nabarmen aldatu da nazioartean klima larrialdiari buruz eta haren kontrako borroka globalari buruz dagoen iritzia. Nazioarteko gatazkak ugaritu egin dira, eta tentsioa areagotu. Horren ondorioz, klimari buruzko gaiak albo batean geratu dira. Eta horren sintoma dira nazioarteko klima elkarrizketak, azken COPak bereziki. Izan ere, blokeo giroa izan dute nagusi, interes ezberdinak dituzten herrialdeek jarrera irmoagoa hartu ahala negoziazioak zaildu egin baitira.
Ikusi gehiago
Iazko COP30a izan zen horren adibide nagusi, herrialdeek ez baitzuten lortu energia fosilen murrizketa aipatzen zuen idazki bat adostea. Ezintasun horri aurre egiteko, apirilean Kolonbiako Santa Marta hirian elkartu ziren munduko 50 herrialde baino gehiago; erregai fosilen erabileraren murrizketa elkarrizketetan sartzea nahi duten herrialdeak batu ziren, eta hemendik aurrera elkarrekin egingo dute horren alde, eta Santa Martan egindako konferentziari segida emango diotela: 2027an Tuvalun egingo dute, Tuvaluk berak eta Irlandak antolatuta.
Erregai fosilik gabeko etorkizuna lortze aldera, hiru lerro nagusitan jardun nahi dute: erregai fosilekiko menpekotasuna murrizten, energia eskaintza eta eskaria modu garbiagoan berregituratzen eta hori dena esparru multilateralen bidez lantzen. Hau da, aurrerapauso bat eman nahi dute klima ekintza globalean, bereziki energia eskaintzaren gaiari ekinez.
Ikusi gehiago
Bilkura hartatik hilabete pasatxora iritsi da Bonneko Konferentzia, eta, erregai fosilen eskaintza gutxi aipatu badute ere, lehenengotariko aldia da energia eskaintzari eta eskariari buruzko helburu bat bat proposatzen dena. Kontuan hartu behar da Turkia eta Australia —COP31 antolatuko duten herrialdeak— Santa Martako Konferentzian izan zirela.