BERO BOLADA

Klima larrialdia, bero boladaren eragile

Euskal Herrian ere inoizko ekainik beroena izan da, eta EAEn tenperatura anomalia 3,7 gradukoa izan da. Klima larrialdiak bero boladak maizago eta luzeago izatea eragingo du.

Pertsona bat Iruñeko kale batean, bero bolada betean. IÑIGO URIZ / FOKU
Pertsona bat Iruñeko kale batean, bero bolada betean. IÑIGO URIZ / FOKU
inaut matauko rada
2026ko uztailaren 9a
10:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bero boladak, ezohiko izateari utzi, eta udaro behin baino gehiagotan gertatzen ari dira gaur egun. Klima larrialdia aztertzen duten zientzialariek urteak daramate iragartzen munduko tenperaturak gora egiten jarraitzen duen heinean fenomeno meteorologiko batzuk maizago gertatuko direla; esaterako, beroaldiak.

Izan ere, azken urteetan beroteak gehiago, goizago eta gogorrago gertatzen ari dira. Eta ez hori bakarrik; Joseba Egañak, Euskalmet zerbitzuko meteorologoak, BERRIAri azaldu dio gero eta luzeagoak izan direla. Eta hori bereziki kezkagarria da, bero boladei dagokienez garrantzitsua baita zenbat irauten duten. Zenbat eta luzeago, orduan eta estres termiko handiagoa, eta, gainera, nekea pilatzen da, batez ere asko freskatzen ez duen gauetan loaldia eragozten duenean.

Nahiz eta egunik gogorrenak ekainaren 21etik 24ra izan ziren, badirudi beroa arindu ezinean dabilela Euskal Herria, azken asteetan ere ohi baino bero handiagoa egin baitu. Egañak azaldu duenez, bero masa gainetik ezin kendu dabil, eta, hori dela eta, azken egunetan 40 graduko tenperaturak gainditu dira berriro herri batzuetan, Araban eta Nafarroan bereziki. Sanferminetako txupinazoaren egunean, adibidez, 40 gradu ziren Iruñean. «Asteburuan, tenperaturak gora egingo du berriro. Ez da beroaldiaren bukaerarik ikusten, eta oso probablea da datorren astearen hasieran ere beroa izatea. Uztailaren 15etik aurrera aukera asko daude tenperaturak pixka bat jaisteko eta bero masa hau erretiratzeko, baina oraindik ezin da halakorik ziurtzat jo, eta baliteke beroa mantentzea», azaldu du.

SAN FERMIN
Neska batzuk haizemaile batzuekin freskatzen, Iruñean, sanferminetan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Berotearen eragilea

Nabarmentzekoa da ekaineko bigarren hamabostaldian izandako bero bolada goiz gertatu zela, nahiz eta hori jada ez den horren arraroa, maiatzaren amaieran ere bero bolada gogor batek jo baitzuen Euskal Herria. Deigarria izan zen ere zenbat iraun zuen, egun askoko bero sapa izan baitzen. Egañaren esanetan, ekaineko berotea egoera «benetan ezohikoa» izan zen, bereziki uda hasiera-hasieran izan zelako.

Egañak azaldu duenez, bi faktore nagusiren eraginez sortu zen bero bolada hori. Lehena, hegoaldeko fluxua: «Afrikako aire masa bat, oso beroa, iparraldera mugitu zen, eta blokeo batek Europan geldiarazi zuen. Ekialdean, presio handiak zeuden, eta depresio bat mendebaldeko goi geruzetan; horregatik mugitu zen gureganaino aire masa bero hori». Eta, bigarrenik, nabarmendu du «gailur subtropikal» edo «bero kupula» bat sortu zela: «Azken finean, goialdean tapa moduko bat jarri izan bagenu bezala izan da, eta orduan aire masa bero hori ez da berriztatzen, itxita geratzen baita. Gainera, presio handi horietan airea goitik behera mugitzen da, airea are gehiago konprimatuz eta berotuz».

Azaldu duenez, horregatik egin du bero handiagoa isurialde atlantikoan barnealdean baino: «Zenbat eta garaiera txikiagoa izan, orduan eta bero handiagoa egiten zuen. 100 metro behera eginda, gutxi gorabehera gradu bat berotzen zen. Horregatik zegoen halako aldea Arabaren eta Bizkaiaren artean, adibidez».

«Afrikako aire masa bat, oso beroa, iparraldera mugitu zen, eta blokeo batek Europan geldiarazi zuen»

JOSEBA EGAÑA Euskalmeteko meteorologoa

Ekainaren 24a izan zen egunik okerrena, Egañak esan duenez, Euskalmeten estazioen erdiek gainditu baitzuten 40 graduko langa; «ia denak isurialde atlantikoan», zehaztu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak aztertzen ditu soilik Euskalmetek, baina esan du inoizko ekainik beroena izan dela, eta azken hamarkadetako batezbestekoa 3,7 gradu handiagoa izan dela. Gainera, ikusita uztailean ere orokorrean bero egiten duela, uste du ziurrenik inoizko uztailik beroena ere izango dela.

Egañak azaldu du itsasoaren tenperatura ere oso beroa dela. 1980ko hamarkadako datuei begiratu, eta esan du beroena normalean abuztuan edo irailaren hasieran izaten zela, 21 eta 22 gradu inguru: «Azken urteetan, berriz, 23 eta 24 gradu ere izan dira, eta puntualki 25 gradu. Aurten are lehenago berotu da itsasoko ura, eta, oraintxe bertan 24 eta 25 gradu inguruan bagaude ere, gehiago igo daiteke hurrengo egunetan». Azaldu duenez, horrek, gainera, lurreko tenperaturari ere eragiten dio, brisak indar gutxiago izaten baitu, eta, itsas brisak normalean itsasoaren tenperatura duenez, gero eta gutxiago freskatzen du: «Itsasoko tenperatura hogei gradukoa balitz eta brisa ibiliko balitz, kostaldean tenperatura hogei gradura jaitsiko litzateke, baina orain 25 gradutik ez da jaisten».

Klima aldaketaren eragina

Egañak uste du azken urteetan gertatzen ari diren bero boladak bereziak direla: «Lehen baino bereziagoak dira, eta klima aldaketarekin zuzenean lotuta dago hori». Azaldu duenez, mundu osoan orokorrean tenperatura maximoak eta minimoak igotzen ari dira, eta beste zenbait kontu ere badira: «Ohartu gara atmosferaren dinamikan ere egiturazko aldaketak gertatzen ari direla. Presio subtropikal handiak goi latitudeetara iristen ari dira gero eta gehiago, eta goizago».

«[Bero boladak] lehen baino bereziagoak dira, eta klima aldaketarekin zuzenean lotuta dago hori»

JOSEBA EGAÑA Euskalmeteko meteorologoa

Horrez gain, planeta ez da berdin berotu leku guztietan, Artikoa ekuatorea baino gehiago berotzen ari baita, Egañak azaldu duenez. Hala ere, bien arteko aldea parekatzen ari da, eta esan du horrek estratosferaren eta troposferaren artean sortzen diren jet korronteetan eragina duela: «Estratosferaren eta troposferaren arteko tenperatura aldea batez ere handia denean sortzen da korronte hori. Korrontea ahultzen bada, ondulazio handiagoak agertzen dira, eta, hala, goi latitudeetara iristen da, ekainean gertatu den bezala; eta ez soilik gurera, baita Frantziako iparraldera, Erresuma Batura eta Europaren zona handi batera ere».

Halako egoerak behin eta berriro ari direla gertatzen azpimarratu du: «Klima aldaketaren eraginez, aukera gehiago dago korronte subtropikal horretan ondulazio gehiago sortzeko, eta, beraz, halako egoerak maizago gertatzeko. Datorren urteetarako iragarpena da halakoak gehiago gertatuko direla». Isurialde atlantikoan, non tenperaturak barnealdean baino freskoagoak izan ohi diren, orain arte «noizean behin» gainditu izan dira 40 graduak, , «edo bero boladaren bat puntualki izan da» Egañak azaldu duenez. Baina hemendik aurrera maizago izango direla uste du, baita «iraupen luzeagokoak» izango direla ere: «Hori dena ez litzateke gertatuko klima aldaketarik gabe». Azaldu du badirela horri buruzko ikerketak, eta, bertan ondorioztatu dutenez, berote gehienak ez lirateke gertatuko klima aldaketarik izan ezean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA