Ekaineko bigarren hamabostaldian Europa mendebaldean izan zen «inoiz ez bezalako» bero boladaren ondoren, bistakoa zena berretsi du Copernicus zentroak, Europako Batzordearen menpeko den klima aldaketaren behaketarako zerbitzuak: erregistroak daudenetik neurtu den ekainik beroena izan da kontinentearen mendebaldean. Zehazki, 1991 eta 2020 arteko batezbestekoarekin alderatuta, 3,06 gradu zentigradu beroagoa izan da hilabetea. Horren aurretik, iazko ekaina izan zen beroena, 2,85 graduko anomalia izan baitzen orduan.
Ikusi gehiago
Europa mendebaldean, airearen batez besteko tenperatura 20,74 gradu izan da ekainean, eta kontinente osoan, berriz, 19,14 gradu —eremu horretan historiako ekainik beroenetan bigarrena izan da, batez bestekoa baino 1,78 gradu beroagoa—. 2003. urteko ekaina ere gogora ekarri du Copernicusek, oso beroa izan baitzen hilabete hori Europa mendebaldean, batez ere garai hartarako. Bada, 2025eko eta 2026ko ekainek gainditu egin dute; 2003an, tenperatura anomalia 2,75 gradukoa izan zen —2025ean baino 0,1 gradu gutxiago eta aurten baino 0,31 gutxiago—.
Munduan ere oso bero joan da ekaina. Izan ere, datu historikoei begiratuz gero, erregistroak daudenetik izandako ekainik beroenetan bigarrena izan da. Batez beste 16,54 gradu zentigraduko tenperatura izan du ekainean gainazaleko aireak, aurreko hiru hamarkadetan baino 0,56 gradu gehiago. Are, 1850. eta 1900. urteen arteko erregistroekin alderatuz gero, hilabetea 1,39 gradu beroagoa izan da.
Itsasoa, oso bero
Poloez gaindiko itsasoaren tenperatura ere neurtzen du Copernicus zerbitzuak, eta ondorioztatu dute inoiz baino beroago egon dela ura ekaina izateko. Batez beste 20,86 gradu zentigraduko tenperatura izan zuen itsasoak ekainean, 1991. eta 2020. urteen arteko batezbestekoa baino 1,78 gradu gehiago; hala ere, aurreko marka gutxi-gutxigatik gainditu da, 2024ko ekainean baino 0,01 gradu zentigradu beroago egon baita aurten ura.
Marka hori haustearen atzean El Niño fenomenoa dago: Ozeano Bareko ekialdeko tropikoan sortzen den fenomeno bat da, eta ura eta airea ohi baino beroago izatea eragiten du, besteak beste. Bada, zientzialariek azaldu dute fenomenoa sortzen ari dela, eta horregatik ari dela, besteak beste, itsasoaren mundu mailako tenperatura berotzen. Hala ere, hasierako fasean dago oraindik El Niño, baina zientzialariek jada ohartarazi dute oso indartsua izango dela sortzen ari den fenomenoa, eta aurrekoak gaindituko dituztela uste dute: «Itsasoaren gainazaleko tenperaturak oso maila handian mantendu ziren [ekainean] Ozeano Bareko zona tropikalean, non El Niño fenomenoaren baldintzak gertatzen ari diren eta aurreikusten den datozen hilabeteetan azkar gogortuko direla», azaldu du Copernicus-ek ohar bidez.
Izan ere, 2024. urtean ere beste El Niño fenomeno bat izan zen, eta horregatik zegoen urte hartan itsasoa oso bero.
1,78
Itsasoaren tenperaturaren anomalia munduan, 2026ko ekainean. Itsasoa ere oso bero dago, inoiz ez baita ura horren bero egon ekain batean. 1991. eta 2020. urteen arteko batezbestekoarekin alderatuta, 1,78 gradu beroago egon da ura aurtengo ekainean, eta 2024ko ekainean baino 0,01 gradu beroago.
Prezipitazioei dagokienez, Europako eremu askotan hilabete lehorra izan zen ekaina, etengabeko antizikloiarekin eta bero boladarekin lotua. Lehorte horiek ere baso suteak ugaritu dituztela azaldu dute, Iberiar penintsulan bereziki. Hego Euskal Herrian, adibidez, zenbait sute izan dira azken asteetan, Imarkoainen (Nafarroa), Ezkabarten (Nafarroa) eta Zalduondon (Araba), adibidez.
Kontrakorik ere izan da, zeren Islandian, Irlandan, Erresuma Batuan, Eskandinaviako herrialdeetan, Finlandian, Errusia mendebaldean, herrialde baltikoetan eta Grezian, adibidez, ohi baino euri gehiago egin baitu. Horrek, halaber, hainbat uholde sortu dituela ere azaldu dute. Munduko beste txoko batzuetan ere izan dituzte ohi baino prezipitazio gehiago, Ipar Amerikan, Asia ekialdean, Afrika hegoaldean eta Australian, esaterako.
Markak hautsi ditu
Ekaineko bero bolada goiztiarra gogorra eta luzea izan da. Hasiera batean Iberiar penintsulako ipar-ekialdea, Frantzia eta Erresuma Batuaren hegoaldea hartu zituen, eta, egunez egun, Europan ekialderantz joan zen hedatuz, eta Alemania, Polonia, Danimarka, Suitza, Hungaria eta beste hainbat herrialde gogor jo. Euskal Herrian behin baino gehiagotan gainditu dira 40 graduko tenperaturak; horregatik ez da bero bolada hain harrigarria izan, baina Europako leku freskoagoetan kolpe handia izan da, eta arrastoa utziko du.
Izan ere, hainbat herrialdetan inoizko tenperaturarik beroenak erregistratu dituzte. Frantzian gehienezko tenperatura marka hautsi ez bada ere, herrialdeko erreferentziazko 30 estazioak kontuan hartuta, inoizko egunik beroena izan zen ekainaren 24a, egun osoan zehar batez beste 29,8 gradu zentigradu egin baitzituen herrialde osoan. Aurreko marka 29,4 gradukoa zen, 2003an eta 2019an erregistratua. Alemanian, berriz, inoizko tenperaturarik beroena erregistratu zuten, Coschenen: 41,7 gradu. Marka hori hautsi zen, halaber, Danimarkan (36,6 ºC), Eslovakian (41,3 ºC), Hungarian (42 ºC), Polonian (40,5 ºC) eta Txekiar Errepublikan (41,9 ºC).
Baina beroteak utzi ditu datu kezkagarriagoak: hildakoenak. Datuak baieztatzea oraindik zaila bada ere, Frantziako Osasun Publikoaren Agintaritzak esan du ekaineko bero boladan 2.000 pertsona baino gehiago hil zirela herrialdean beroaren eraginez. Belgikan, berriz, osasun ministroak adierazi zuen beroteak iraun zuen bitartean ohi baino 1.200 pertsona gehiago hil zirela, eta Herbehereetan, berriz, ia 500 gehiago.