BEROTZE GLOBALA

Maiatz amaierako bero bolada «gogorra» eta «goiztiarra» izan dela ondorioztatu dute

Erregistroak daudenetik izandako bigarren maiatzik beroena izan da aurtengoa munduan. Tenperatura anomaliak gero eta handiagoak dira, 'El Niño' fenomenoa sortzen ari den heinean.

Emakume bat eguzkitik babesten Zagrebeko kale batean, maiatzaren 25ean. ANTONIO BAT / EFE
Emakume bat eguzkitik babesten Zagrebeko kale batean, maiatzaren 25ean. ANTONIO BAT / EFE
inaut matauko rada
2026ko ekainaren 10a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken asteetan Euskal Herriko eta Europa mendebaldeko tenperaturak freskoagoak badira ere, maiatzaren amaierako bero boladak agerian utzi du egonkortzen ari den joera bat: bero boladak gero eta maizago gertatzen ari dira, eta gero eta goizago. Hala ondorioztatu du Europako Batzordearen Copernicus klima aldaketaren behaketarako zentroak, azaldu baitu maiatzaren amaierako bero bolada «gogorra» eta «goiztiarra» izan dela.

2023a eta 2024a bereziki beroak izan ziren, inoiz erregistratutako bi urterik beroenak, baina azken urte eta erdia freskoxeagoa izan da —nolanahi ere, datu historikoei begiratuz gero, oso urte beroa izan zen 2025a, inoizko beroenetan hirugarrena—, El Niño fenomeno beroa amaitu baitzen. Baina fenomeno hori itzultzen ari da Ozeano Bareko tropikora, eta tenperatura anomalia berriro 1,5 gradukoa izateko bidean da gutxinaka. Zehazki, munduan gainazaleko tenperatura 1,42 gradu beroagoa izan da 1850 eta 1900 arteko batez bestekoa baino. 1991 eta 2020 arteko batez bestekoarekin alderatuta, berriz, anomalia 0,55 gradukoa izan da.

1,42

2026ko maiatzeko tenperatura anomalia industriaurreko garaiarekin alderatuta, gradutan. 1850 eta 1900 arteko batez besteko erregistroekin konparatuta, 2026ko maiatzean 1,42 gradu beroagoak izan dira tenperaturak. Neurtu den bigarren maiatzik beroena da.

El Niño berriaren sorrera hilabeteko serieetan nabari da, eta trantsizioa azkarra da. 2026ko urtarrila, adibidez, bosgarren urtarrilik beroena izan da, otsaila bezala, eta martxoa inoizko beroenetan laugarrena izan da. 2026ko apirila, berriz, hirugarren beroena izan da, eta maiatza bigarren postuan sartu da, 2024koaren atzetik.

Europako bero bolada

Copernicus zerbitzuak nabarmendu du maiatzeko bero bolada, gogorra eta goiztiarra izateaz gain, trantsizio azkarrekoa izan zela. Izan ere, bero boladaren aurreko egunak ohi baino hotzagoak izan ziren, 1991 eta 2020 bitarteko batez bestekoekin konparatuz gero. Maiatzaren erdialdean, tenperatura anomalia negatiboak hiru gradutik gorakoak izan ziren Europa mendebaldean, eta bero boladak, berriz, sei gradutik gorakoak.

«Maiatzean baldintza hotzetatik beroetarako trantsizio azkar bat izan zen. Hilabetearen bigarren erdian, mendebaldeko Europan bero bolada goiztiar eta gogor bat izan zen, eta Frantzian, Erresuma Batuan, Irlandan eta Portugalen maiatzeko tenperatura maximoen markak gainditu ziren», azaldu dute. Sentsazio termikoak 40 gradukoak ere izan zirela azaldu dute, eta gehitu trantsizio azkar horrek inpaktu handia izan duela biztanleengan.

Samantha Burgessek, ECMWF Erdiko Eperako Aurreikuspen Meteorologikoetarako Europako Zentroko klima estrategia arduradunak, azaldu du halako fenomeno klimatikoek salbuespena izateari utzi diotela, eta «normaltasun berria» bihurtzen ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA