«Klimaren, bizidunen, bakearen eta justizia sozialaren alde» mobilizatzera deitu dute larunbaterako, Baionan

Frantzian ere mobilizatuko dira herritarrak, 2026ko beroek utzitako ondorioen salatzeko eta, orokorkiago, justizia soziala galdegiteko. Askatasun plazan abiatuko dute martxa.

Irailaren 26ko martxarako kolektiboaren aurkezpen prentsaurrekoa, irailaren 22an, Baionan, kolektiboak utzia.
Irailaren 26ko martxarako kolektiboaren aurkezpen prentsaurrekoa, irailaren 22an, Baionan, kolektiboak utzia.
Leire Casamajou Elkegarai
2026ko irailaren 24a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herrian ez ezik, Frantzian gaindi ere mobilizatuko dira herritarrak datorren larunbatean, irailaren 26an, «klima larrialdiaren, biodibertsitatearen lehertzearen, desberdintasun sozialen eta gatazken ugaritzearen» salatzeko. Baionan, zehazki, 14:00etan abiatuko da martxa Askatasun plazatik. Besteak beste, honako eragile hauek deitu dute manifestaziora batzera: Alda, Baskula, Bizi, Cancer Colere, Oihan Biziak eta Ostia kolektiboek; Baiona Mugimenduan, Bihar Baiona, EH Bai, Ekologistak, Intsumisoak eta NPA alderdiek; eta FSU, LAB eta Solidaires sindikatuek.

Klimaren aldeko martxarako sortutako herritar kolektiboak oroitarazi duenez, Frantziako osasun publikoko datuen arabera, 2026an 8.000 pertsona inguru hil dira bero handiengatik. Eta oroitarazi dituzte aurtengo gertakariak: «Erre diren oihanak eta etxebizitzak, mugitu behar izan duten populazioak, suntsitutako fauna, beroek edo kazkabar pikorrek hondaturiko laborantza lurrak, bortxaz eta goizegi lekualdatutako tropak, erreka idortuak». Funtsean, «nazioarteko zientzia komunitateak aspalditik iragartzen» dituen gertakariak.

Eta Euskal Herria ere, ezinbestez, ez da gertakariez salbu atera. Ur eskasiak izan dira aurten ere, Pirinioetako hormaguneak urtzen dira, espezie batzuk desagertzen eta, orokorrean, bazterrak kanbiatzen klima aldaketaren ondorioz, hala mendietan nola itsasbazterretan. Halere, larunbaterako martxaren kolektiboak kontsideratu du «ezin onartua» dela «ezintasuna»: 2026ko uda ez dute «ahantziko» eta «gorputzak ez dira lau gradu gehiagora egokituko». Hain zuzen, herritarrak Baionako karriketan ibiliko dira «Ipar Euskal Herrian bizitzen segitu nahi» dutelako «ingurune babestu batean, gizarte zuzenago baten parte, bakean dagoen mundu batean».

Deitzaileen arabera, «pertsona prekarioenak, gaizkien aterpetuak, langileak, adinekoak, haurrak, haurdun diren emazteak baitira klima aldaketak gehien hunkitutakoak». Horiek dira, alta, berotze globalean «gutien parte hartzen dutenak». Horregatik, larunbaterako, masiboki mobilizatzera deitu dute, «klimaren, bizidunen, bakearen eta justizia sozialaren alde».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA