Udal politika

Koldo Leoz Lizarrako alkate izendatu dute berriro

Zentsura mozioa aurrera atera dute EH BIlduk, Geroa Baik eta PSNk kanporatutako bi hautetsiek. Osoko bilkura telematikoki egin ahal izatea eragotzi du Navarra Sumak, eta, azken unean, zazpi hautetsiak ez dira bilkurara bertaratu. Ezta PSNko Ibai Crespo ere.

Gaurko bilkura. BERRIA
joxerra senar
2020ko martxoaren 24a
13:44
Entzun

Egungo egoera berezi eta nahasian, Koldo Leoz Lizarrako alkate da berriro ere. Martxoaren hasieran aurkeztutako zentsura mozioa bozkatu dute gaurko osoko bilkura berezian. Bilkura, azkenik, presentziala izan da, eta mozioa babestu duten alderdietako zinegotziak egon dira soilik —hau da, EH Bildu, Geroa Bai, eta Jorge Crespo eta Margarita Hernandez, PSNtik kanporatutako bi zinegotziak—. Quorum nahikoa bazegoenez, bozketa azkar joan da, eta alkate berriak zin egin du karguan. Herritarrei esandako lehen hitzetan, Leozek nabarmendu du lan handia dutela aurrean, eta lehentasun gisa jarri du egungo koronabirusaren egoerari aurre egitea.

Azken egunetan, Navarra Sumak eta PSNk gogor jo dute osoko bilkuraren aurka. Egungo egoera berezian, eskuineko koalizioak bilkuraren data atzeratzeko eskatu du eta asmo politikoen arabera jokatzea leporatu die EH BIldu eta Geroa Bairi; PSNk, berriz, transfugen aurkako ituna baliatzeko eskatu die alderdioi. Udalen lege organikoaren arabera, idazkariari dagokio data jartzea, eta hark ere ezin du eperik gabe luzatu. Azken hiru egunetan, telematikoki egiteko baliabideak jarri dituzte, baina Navarra Sumak trabak jarri dizkio aukera horri. Azken unean, gainera, bilkurara ez joateko erabakia hartu du.

Jarrera hori kritikatu dute alderdiek. Leozen arabera, «trabak jartzea legearen aurka joatea da». «Telematikoki egiteko baliabideak jarri ditugu, eta horregatik arduragabeak garela leporatzea ere... Egiazki, besaulkiari heldu diotenak eta zinegotziak arriskuan jarri dituztenak haiek dira», adierazi du Geroa Baiko Pablo Ezkurrak.

Kargua hartu eta berehala, Koldo Leoz alkateak gizarte arloko langileengana jo du. «Esan diet harremanetan egongo garela jakiteko nola doazen lanak eta nola indartu dezakegun haien lana, zer modutan».

Ekainetik hona, utzikeriaz aritzea eta beste alderdiekin akordioetara heltzeko ahalmenik ez izatea leporatu diote Gonzalo Fuentes alkate ohiari. Zentsura mozioa aurrera atera duten alderdi eta zinegotziek gehiengo osoa dute, eta egonkortasuna eman nahi diote udalari. Adibidez, Fuentesek oraindik ez zuen aurkeztu aurrekontu proposamenik, eta lehentasunetako bat hori da: «Egoera oso berezia izanagatik, egonkortasuna emango dio Lizarrako Udalari. Espero dugu aurrekontuak lehenbailehen aurrera ateratzea, hori baita herriak duen erronka nagusia ongizatean eragiteko. Akordioan ditugun puntuak aurrera atera behar ditugu».

Akordioan jasotzen denez, 2022ko martxora arte izango da alkate Koldo Leoz, eta ondoren Jorge Crespok hartuko dio lekukoa. Edonola ere, hiru taldeak udal gobernuaren parte izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.