Kolpe baten lehen tiroak

Duela 90 urte militar frankistek abiatutako kolpearen biktimak gogora ekarri dituzte Iruñean, eta errepresio guneak memoria leku bihurtzeko eskatu diete erakundeei.

Frankismoaren biktimei egindako omenaldia, gaur goizean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Frankismoaren biktimei egindako omenaldia, gaur goizean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Iker Tubia.
Iruñea
2026ko uztailaren 18a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Han aditu ziren lehenbiziko tiro hotsak, Iruñeko Florencio Ansoleaga karrikako 12-14.ean. Duela 90 urte, han zegoen Guardia Zibilaren kuartela, eta, 1936ko uztailaren 18an, Emilio Mola jeneralak Espainiako II. Errepublikaren kontra altxatzeko agindu zuen egunean, Jose Rodriguez-Medel Nafarroako Guardia Zibilaren komandantea han hil zuten, tirokatuta. Hura izan zen lehenbiziko biktima, eta gertakari hura gogoratu dute gaur Iruñeko Erorien Monumentua eraistearen alde dauden elkarte memorialistek. Hura memoria leku izatea nahi dute, eta egin dute lehen urratsa: plaka bat paratu dute.

Omenaldi eguna izan da gaurkoa, duela 90 urte hasi baitzen altxamendu frankista Euskal Herrian. «Egun hartan bertan hasi zen izuaren legea Nafarroan, eta hurrengo egun, hilabete eta urteetan 3.700 pertsona baino gehiago hil eta desagertu ziren, eta 30.000 baino gehiago errepresaliatu zituzten beren ideia errepublikano, ezkertiar, nazionalista, anarkista eta feministengatik», azaldu du Koldo Amatriak elkarteen izenean. Bi eskari nagusi egin dituzte: atxiloketa zentro guztiak memoria leku izendatzea eta irakaskuntzan unitate pedagogiko gisa sartzea, batetik, eta Erorien Monumentua eraistea, bestetik.

Ikusi gehiago

Omenaldi «xumea» izan da, baina «hunkigarria», antolatzaileen arabera. Palestinar kufija, Nafarroako bandera, ikurrina eta Espainiako Errepublikako bandera paratuak zituzten 1959. urtera arte Guardia Zibilaren kuartela izandako lekuan. Pankarta bat ere zabaldu dute: «Erorien monumentua eraitsi orain». Aurreskua dantzatu dute, txistuaren eta gitarraren doinuei jarraikiz, eta lore eskaintza ere egin dute, Jesus Guridiren Mendiko soinuak kantua jotzen zuten bitartean.

Jose Rodriguez-Medel

Florencio Ansoleaga karrikan ez dago kuartelaren arrastorik gaur egun. 1959an Galiziako etorbidera lekualdatu zuten, eta eraikina bota. Gaur egun, etxebizitzak daude han. Horregatik paratu nahi izan dute plaka, jendeak jakin dezan zer gertatu zen han. Egun hartan, guardia zibilak kuartelean bildu zituen Rodriguez-Medel koronelak; denak Tafallara (Nafarroa) bidali nahi zituen, han kolpeari aurre egiteko. Alferrik. Azpikoek ez zioten jaramonik egin, eta, kuarteletik karrikara ateratzen ari zela, atzetik sei tiro jo zizkioten. Ondoren, Jose Martinez Friera komandantea, Ricardo Fresno Urzaiz kapitaina eta Pablo Ardanaz guardia zibila atxilotu zituzten. Denak hil zituzten, eta, gaur egun, haien omenez lurrean paratutako plaka bana dago haien oroigarri.

Nolanahi ere, omenaldia zabalagoa izan da: frankistek abiatutako kolpearen, gerraren eta diktaduraren biktima guziak oroitu dituzte. «90 urte pasatu badira ere, diktadurako krimenak ez dira zigortu oraindik, eta frankismoaren biktimek zera espero dugu: egia, justizia, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak», esan du Amatriak. Gogoratu du kuartel hura «atxiloketa eta errepresio leku» izan zela 1936tik 1959ra bitarte. «Hemendik jende asko atera zuten hiltzera, soro eta arekatan zein hilerrietako hormetan». Ez ziren atxiloketa eta errepresio gune bakarrak izan: falangisten eta karlisten egoitzak, zezen plaza, Ziudadela, komentuak, kartzelak, udal askotako sotoak, askotariko kuartelak... «Ondoren, Gobernu Zibilak eta Galizia etorbideko Guardia Zibilaren kuartelak hartu zuten errepresioaren erreleboa».

Bada, horiek guziak memoria leku izendatzeko eskatu dute, eta eskoletan ere aipa ditzatela, belaunaldi berriek historia eta memoria ezagutu ditzaten. «Uste dugu badela garaia». Bide horretan, lehenbiziko urratsa Florencio Ansoleaga karrikako 12.ean plaka bat paratzea izan da, eta berehala eginen diote eskaera ofiziala Nafarroako Gobernuari memoria leku izenda dezan.

Erorien Monumentua

Gogoratu dute oraindik ikur frankista «askok» zutik jarraitzen dutela, «biktimak birbiktimizatuz» eta «borreroak edo traidoreak goratuz». Denak kentzeko eskatu du Amatriak, «salbuespenik gabe». Horien artean, Erorien Monumentuan paratu du azpimarra. «Ezin da biktimak gehiago irainduko dituen museo bilakatu. Oroimen lekuak errepresio frankistako lekuak dira; aldiz, sinbolo frankistak ez dira errepresio lekuak, borreroei gorazarre egiteko lekuak baizik». Elkarte memorialista horien aburuz, frankismoaren biktimei egin dakiekeen omenaldirik «onena» eraikin hori eraistea da.

Amatriak euskaraz esandakoak gaztelaniaz esan ditu Yolanda Ansok, eta, gainera, bere ama gogoratu du, La Zule. Campana karrikan bizi zen, Florencio Ansoleagaren paraleloan, eta 7 urte baizik ez zituela eman zuten frankistek kolpea. Hark esaldi bat esaten zion alabari behin eta berriro, eta gaurko omenaldian gainerakoei esan die: «Memoria ez da gorde behar: memoria oihukatu egin behar da lau haizeetara, inoiz ahaztu ez dadin».

 

Lodosako 136 fusilatuak gogoratu dituzte

Oroimen plaken mosaikoa inauguratu dute gaur Lodosan (Nafarroa). Frankismoaren biktimei egindako ekitaldi berezienetako bat izan da, duela 90 urte hura izan baitzen frankistek gogorren jo zuten herria. Nafarroan ez zen gerra fronterik izan, baina 1936an 3.100 pertsona inguru hil zituzten. Haietatik 297, Iruñean, eta 136, Lodosan. Ondoko herrian, Sartagudan, 85 lagun hil zituzten. Omenaldia Lodosako Udalak, Gurugu kultur taldeak eta Nafse Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak antolatu dute, eta han izan da Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilaria ere. Ollok gogorarazi du oraindik mila lagun baino gehiago desagertuta daudela Nafarroan, eta emakumeen kontrako jazarpena salatu du: «Errepresioa bereziki gogorra izan zen emakumeentzat: umiliatu eta laidoztatu egin zituzten».

Lodosan fusilatu zituzten 136 lagunen izen-abizenak dituzten plakekin egin dute mosaikoa, eta Lodosako udaletxearen atarian paratu dute, aurrerantzean haien memoria gorde eta ikusgarri egiteko asmoz. Lodosako Udalak mozio bat onartu zuen 2013an errepresio frankistaren biktimak aitortzeko, eta udalak memoriarekin, erreparazioarekin eta familien duintasunarekin duen konpromisoa erakusteko. Orduz geroztik, ikur frankistak ezabatu egin dituzte udalerritik, eta mosaiko honen bidez borobildu dute memoria ariketa.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA