BERRIA «garatzen» segitzeko konpromisoarekin, aldaketa haizeak administrazio kontseiluan

Akziodunen batzarra egin du BERRIA Taldeak. Administrazio kontseiluko aldaketak izan dira nabarmenenak: Beatriz Zabalondoren ordez, Jose Luis Aizpuru izango da lehendakari; Iban Arregiren tokian, berriz, Elene Barandiaran ariko da kontseilari ordezkari.

BERRIA Taldearen akziodunen batzarra, gaur, Martin Ugalde kultur parkean. MAIALEN ANDRES / FOKU
arantxa iraola
Andoain
2025eko maiatzaren 31
13:55
Entzun 00:00:0000:00:00

BERRIA Taldeko akziodunen batzarra egin dute gaur goizean, Andoainen, Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa). Bilkuraren hasieran,Beatriz Zabalondo administrazio kontseiluko lehendakariak eta Iban Arregi kontseilari ordezkariak hartu dute hitza. Barruko emozio bizia agerian utzi dute hasieratik. Zabalondo: «Beti gatoz urduri samar, baina gaurkoa berezia da». Hain justu ere, karguan azken aldia izan dute biek. 2013an abiatutako zikloa itxi dute. Bilkuran bertan jakinarazi dute nor izango diren arduradun berriak: lehendakaria Jose Luis Aizpuru izango da, eta kontseilari ordezkaria, berriz, Elene Barandiaran.

Arregik, hunkituta, «konpromisoz» hartutako ardura «lasai» utziko duela esan du. Zabalondok, bestalde, «ongietorria» eman die Aizpururi eta Barandiarani, eta esan du BERRIA Taldearen jardunbide «anbiziotsu eta zorrotzean» lanean jarduteko aski egokiak direla. Biak ere «etxekoak» direla nabarmendu du. Halaxe dira: ondo ezagutzen dituzte etxearen zimenduak, ertz bakoitza, eta txokoak. Irunen (Gipuzkoa) sortua da Barandiaran, 1974an. Euskaldunon Egunkarian-n jardun zuen aurrena, eta BERRIAn sorreratik ari da; kudeaketa eta barne antolaketa ardurak izan ditu, eta urteotan enpresan egin diren aldaketa gehienetan «lider» jardun du. Aizpuru, berriz, Euskaldunon Egunkaria-ren lehen-lehen urratsetan han zen, eta bidea egin zuen gero bertan. «Egunkaria-ren produktua naizela esango nuke», onartu du gaur berak. Azken bi hamarraldietan Euskal Irratietan ari da; erredaktore burua da egun. Azpeitian jaioa da (Gipuzkoa), 1968koa.

Egun BERRIA proiektu «sendoa» dela esan du Barandiarenek, eta oraindik ere gehiago hazteko oinarriak jartzen lagundu nahi duela. «Ikasteko jarrerarekin eta BERRIAaren alde lan egiteko gogo handiarekin» hartu du eginkizun berria. Aizpuruk azaldu du ezustea izan zela beretzat ardura postu horren proposamena, gogoeta eskatu diola, eta «ohore» moduan hartu duela. BERRIAk egun duen berebiziko garrantzia gogoratu du. «Gure bataila kulturalerako sekulako tresna da», azaldu du: «Ze tresna ikaragarria dugun; behar dugu indartu». Eta hor beti aurrera begiratzea, beti eragiten jardutea ezinbestekoa dela gogoratu du: «Ez bada garatzen, erori egiten da».

Agurrean, Zabalondok eskerrak emateko zerrenda luze-luze bat egin du. Joan Mari Torrealdaik berak idatzita utzi zuen Euskaldunon Egunkaria «gizarte zibilaren» arrakastaren emaitza izan zela, eta izen horietako bakoitza aipatuta, gizarte horren parte diren gizabanakoak gogora ekartzeko ahalegina egin nahi izan du: akziodunei, iragarkiak jarri dituzten eragile guztiei, irakurleei, urteotan administrazio kontseiluko kide izan diren kide guztiei, langileei, eta urteotan ondo-ondoan izan dituen adiskide guztiei eskerrak eman dizkie: «Ohorea izan da». Egungo mundu honetan «kazeta serioek» berebiziko garrantzia dutela gogoratu du, eta horregatik dela garrantzitsua egitasmoa sustatzen jarraitzea. Zabalondok eta Arregik, biek, batzarrean batutako guztien esker oneko txaloak jaso dituzte, eta oroigarri bat ere bai.

Horiez gain, beste aldaketa bat ere egin da administrazio kontseiluan: Mikel Legarrak tokia utzi du, eta Izaskun Etxeberriak beteko du.

Elene Barandiaran, Iban Arregi, Beatriz Zabalondo eta Juan Luis Aizpurua. MAIALEN ANDRES / FOKU
Elene Barandiaran, Iban Arregi, Beatriz Zabalondo eta Jose Luis Aizpuru. MAIALEN ANDRES / FOKU

Kontuak eta planak

Akziodunen batzar guztietan ohikoa denez, urteko kontuak aurkezteko eta datozen urteetarako planak zein diren azaltzeko ere izan da gaurko biltzarra. Arregik, oro har, iazkoa «urte zaila baina emankorra» izan zela azaldu du. Euskarazko kazetaren inguruan ehundutako komunitatea «inoiz» baino handiagoa dela adierazi du, irakurleetan ere «goranzkoa» dela joera, baina goraldi horiek trinkotzeko ahaleginetan ari direla. Kontsumo eredu berriak nagusitzen ari dira, «neke informatiboa» ere gaitz da usu gizartean, eta zailtasun horiei aurre eginda jardun behar da gaur egun, etengabeko aldaketan beti. Lantaldearen baldintzak hobetzeko urratsak ere egin dira, baina aitortu du hor ere sakontzen jarraitu behar dela oraindik.

Erredakzioan egin diren aldaketen berri eman du BERRIAko zuzendari Amagoia Mujikak. Digitalizazioan sakontze aldera, lan egiteko moduan aldaketa sakonak egin ziren 2023aren amaieran, eta iazkoa, nolabait ere, aldaketa horiek «egonkortzeko» izan zen. «Egonkortasun dinamiko bat» da, betiere, aldaketetara azkar egokitzeko pentsatutakoa. Helburua, hala ere, betikoa da: «Kazetaritza ona, fidagarria, konfiantzakoa egitea». Horretarako aukerak ugaritu egin dira. Eta berrikuntza garrantzitsuak egitea lortu da; podcastetan eskaintza gero eta osoagoa da, Ipar Euskal Herrian aldizkari itxura hartu du han argitaratzen den astekariak, Ikasgelarekin bigarren hezkuntzako eskoletarako eskaintza fintzen jarraitu da, eta hainbat gogoeta jarri dira martxan: esaterako, sare sozialetan zer kazetaritza egin behar den aztertzeko, eta adimen artifiziala nola erabil behar den ebatziz joateko.

Diru sarreren bilakaeran ere «igoera» erakutsi dute aurkeztu dituzten datuetan. Jaurlaritzarekin, urteotan, hitzarmen bidez bideratu dira ekarpen ekonomikoak, lagungarria izan da hori, eta hor lanean jarraitu nahi da. Sektore osoan, halaber, adimen artifizialaren ondorio arriskutsuei aurre egiteko  laguntzak banatzen ari da Jaurlaritza, eta horiek ere berebiziko garrantzia izaten ari dira urteotako balantze ekonomikoan. Horiek egonkortuko diren ez dago argi, ordea.

Administrazio kontseilua

  • Haizpea Abrisketa.
  • Jose Luis Aizpuru. (Lehendakaria)
  • Karmele Artetxe.
  • Elene Barandiaran. (Kontseilari ordezkaria)
  • Eider del Canto.
  • Izaskun Etxeberria.
  • Nagore Ipiña.
  • Iñaki Lazkano.
  • Jon Olano.
  • Martxelo Otamendi.
  • Irati Azkue.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.