Luze joko du. Martxoaren 15ean ezarritako alarma egoera eta konfinamendua apirilaren 26ra arte luzatu ditu Espainiako Gobernuak, eta luzapen gehiago egotea aurreikusi du. Aldiz, apirilaren 9ra arte ezarritako erabateko konfinamendua ez da luzatuko, eta, ondorioz, aste sainduaren ondoren, funtsezko ez diren sektore ekonomikoak lanera itzuli ahal izango dira.
Eguneko datuen zenbaketa ez da samurra. Beste 53 hildako gehiago zenbatu dira gaur, atzo baino hamaika gehiago. Dagoeneko, guztira 650 pertsona hil dira Euskal Herrian COVID-19 koronabirusaren eraginez. Positibo berrien kopurua (491), berriz, aurreko egunekoa (664) baino txikiagoa da, nahiz eta test gehiago egin diren (1.946 Hego Euskal Herrian). Ospitaleratuen kopurua ere gutxitu da Hego Euskal Herrian: 2.439 (atzo baino 113 gutxiago).
Heriotza beti drama bat bada ere, are dramatikoago bilakatu da koronabirusaren garaian. Errealitate gordin hori azaleratzeari ekin diote Arantxa Iraola eta Gurutze Izagirre kazetariek, lekukotasun zuzenak bilduz: bakardadean hiltzearen zertzeladak, hildako hurkoak ezin agurtu, gaixo larriari anbulantzian ezin lagundu...
DATUAK: Koronabirusaren azken datuak
MAPA: Koronabirusaren zabalpena herriz herri
ZUZENEKOA: Azken orduko albisteen kontakizuna
Agian honek ere merezi du
Euskal Herria Batera. Aurten Aberri Eguna ezin izango da kalean ospatu. Euskal Herriko lurralde ezberdinetako zenbait lagunek, ordea, balkoietan ospatzeko deia egin dute. "Elkarrekin eraikitako egitasmo partekatuak emango dio gure herriari behar duen etorkizuna", aldarrikatu nahi dute apirilaren 12an. Halaber, osasun krisian bizia galdu dutenak gogoratu, dolua adierazi eta zaintzan ari direnei eskerrak emateko baliatu nahi dute ekimena.
Pandemien zerrenda. Azken mendean inoiz ez bezalako osasun krisia eragin du koronabirusak, baina aurretik izan dira beste pandemia batzuk historian. Lander Muñagorri kazetariak egin du pandemien errepasoa historian barrena.
Kultura geldirik. Etenda daude kultur jarduerak. Zer egoeratan utziko ditu krisiak plaza eta sortzaileak. Miren Narbaizak eta Gotzon Barandiaranek heldu diote gogoetari BERRIAren Eztabaida Gelan. Eta gogoetaz gain, Miren Narbaiza eta beste hainbat artista entzun eta ikusteko aukera izango duzu BERRIA Aretoan.