Euskal Herriko mugimendu feministak kaleak hartuko ditu azaroaren 25ean, Konplizitate sareen aurrean, erresistentzia feminista lelopean. Aurtengoan, egunerokoan ikus daitezkeen indarkeria matxistak sostengatzen dituzten «konplizitate sareak eta anaidiak» salatuko dituzte. «Izan ere, emakume, trans eta bollerek jasaten dugun indarkeria ez da ausazkoa», adierazi du Gasteizko Mugimendu Feministako kide Alazne Beltran de Lubianok. Salatu dute urrats bat egiten duten aldiro oldarraldi bat jasaten dutela, «testuinguruaren arabera artikulatzen eta egituratzen dena». Oldarraldia «eskuinean nahi ezkerreko sektore erreakzionarioan» sortzen dela adierazi dute, eta feminismoaren aurkako diskurtsoak «inpunitate osoz» zabaltzen direla sareetan, komunikabideetan edota kalean.
Gaur egin dute aurtengo mobilizazioen berri emateko agerraldia, Gasteizen. Zehazki, hiriburuetan egingo dituzten mobilizazioen berri eman dute: Baionan 18:30ean mobilizatuko dira, eta hegoaldeko hiriburuetan, 19:00etan. Era berean, abortuaren aurka mobilizatu ziren 21 pertsonaren aurka gaur bertan Gasteizen hasi den epaiketa gogorarazi dute, eta argi adierazi abortuaren aurka egindako edozein ekintza emakumeen aurkako indarkeria dela.Â
Elkartasunezko hitzak esanda hasi dute agerraldia. Iazko azaroaren 25etik gaur arte Euskal Herrian hil dituzten sei emakumeak gogorarazi dituzte: «indarkeria matxistaren aurpegi lazgarrienaren eta bortitzenaren biktimak dira». Eta jarraian, munduko hainbat tokitan borroka feministan ari direnei luzatu diete keinua, bereziki Palestinako feministei.
Esplikatu dute azkenaldian feminismoaren kontrako mezuak zabaltzen ari direla, eta euren aldarriei legitimitatea kentzen dietela: «Euskal Herriko hainbat txokotan erasoak publikoki salatzera atera garenean, boikot egin digute, eta gutxietsi egin gaituzte». Eta argi esan dute zilegitasuna kentzen dieten gizonek «konplizitatea eta anaidia» dutela lagun. Beltran de Lubiano: «Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguruan ditugun gizonak dira».
«Erasotzaileak eta antifeministak ez dira izaki abstraktu bat, inguruan ditugun gizonak dira»
ALAZNE BELTRAN DE LUBIANOÂ Gasteizko Mugimendu Feministako kidea
Legeak seinalatzen
Azaldu dute azaroaren 25ean salatuko dituzten konplizitate sareak «itun patriarkalak» direla. Haien irudiko, itun horiek ez dira soilik gizonen artean egindakoak; itun horren parte ere badira indarkeria matxista lehen mailako arazo sozialtzat hartzen ez duten eragileak ere. Justizia aipatu dute adibide gisa: «Justiziak etengabe uzten gaitu babesgabe, eta sinesgarritasuna kentzen digu».
Horren harira, gaur bertan Gasteizen hasi den epaiketa gogorarazi dute. Izan ere, Europan lehen aldiz epaituko dute abortuaren aurka mobilizatzen zen pertsona talde bat. Bada, feministak argi mintzatu dira abortu eskubidearen alde: «Abortuaren debekua emakumeon gorputzen gaineko kontrola ezartzeko mekanismoa izan da historikoki, eta indarkeria matxistaren beste adibide bat da. Guk borrokan jarraituko dugu abortua librea, doakoa eta publikoa izan dadin».
«Justiziak etengabe uzten gaitu babesgabe, eta sinesgarritasuna kentzen digu»
ALAZNE BELTRAN DE LUBIANOÂ Gasteizko Mugimendu Feministako kidea
Bestalde, mugimendu feministak antirrazista izan behar duela azpimarratu dute, eta arrazakeria zabaldu nahi dutenen aurka antolatuko direla gehitu. Horrez gain, adierazi dute «sistema arrazista eta kolonialista betikotzen» dituzten egiturak salatzen jarraituko dutela, eta hori ahalbidetzen duten legeak deuseztatzeko eskatuko dutela, «Atzerritarren Legea, adibidez».Â