Espainiako Konstituzioak 40 urte

Konstituzioa "herriaren borondatea gauzatzeko giltzarrapoa" dela salatu dute Bilbon

Manifestazioa egin dute milaka lagunek, EH Bilduk deituta, Euskal Errepublika lelopean. EAJren ustez, “errealitate nazionala” aintzat hartu beharko luke Espainiako Konstituzioaren erreforma batek.

EH Bilduren manifestazioa, gaur, Bilbon. GOTZON HERMOSILLA
2018ko abenduaren 6a
07:10
Entzun

EH Bilduren deiari erantzunez, ehunka lagun atera dira kalera gaur Bilbon, Euskal Errepublika lelopean. EH Bilduren iritziz, "Espainiako Konstituzioa gure herriaren borondatea gauzatzeko giltzarrapoa" da, eta azaldu dute unea dela "Euskal Herria aske eta demokratikoa aldarrikatzeko". 12:00etan atera dira Bilboko Plaza Eliptikotik, eta Areatzan amaitu dute mobilizazioa, ekitaldi batekin. Oihana Etxebarrieta EAEko legebiltzarkideak hartu du hitza aurrena, 2016ko sanferminetako talde bortxaketaren inguruko erabakia gogoan: "Hau ez da horrela geratuko". "Politika egiteko modu berriak" eskaini nahi dituztela azaldu du, "Euskal Herriko errepublika feminista eraikitzeko, elkar hartuta, elkar babestuz".

Pablo Gorostiaga Laudio alkate ohi eta preso ohiak ere hitz egin du ekitaldian. Haren esanetan, duela 40 urte, "denak ados" ziren Konstituzio hari ezetz esateko, "hura frankismoaren jarraipena bermatzeko tresna zelako". Gorostiaga: "Ezin izan dute gure izenean hitz egin. Ez dute esaterik izan Euskal Herriak konstituzioa onartu zuela". Miren Aranoa Nafarroako parlamentaria, Bea Ilardia foru hauteskundeetarako Bizkaiko hautagaia eta EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi ere aritu dira hizketan. "Inboluzioaren aurrean gure burua prestatu behar dugu, indarrak batu eta aliantza zabalak eraiki", esan du Otegk.

Independentistak sareak ere bat egin du deialdiarekin, "Euskal Errepublikaren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde, eta faxismoaren eta demofobiaren aurka". Diktadura frankistaren ondoren, "beste 40 urteko erregimen neofrankista" egon dela salatu dute, eta Espainiako Konstituzioa dela horren "oinarri juridiko/politikoa". Kataluniako burujabetza prozesuak 1978ko erregimena kinka larrian jarri duela uste dute: "Une horretan, argi ikusi da nola erreakzionatu duen ultranazionalismo espainiarrak". Independentisten ustez, "ezinezkoa da Espainiako Estatua demokratizatzea, eta bere egituren barruan Euskal Herriak ez du inolako burujabetza aukerarik".

Bildarratz Sabin Etxean

“Errealitate nazionala” aintzat hartu beharko luke Espainiako Konstituzioaren erreforma batek, EAJko senatari Jokin Bildarratzek nabarmendu duenez. Gainera, Bildarratzek esan du Espainiako Estatua “indartu” egingo lukeela horrek. Izan ere, gogora ekarri du, Hego Euskal Herrian, hirutik batek baino ez zuela babestu Konstituzioa duela 40 urte egindako erreferendumean. Aipatzekoa iruditu zaio hori, bereziki, “erabaki batzuen inguruko portzentajeak eta gehiengoen osaerak zalantzan jartzen diren garaiotan, adibidez, Katalunian”.

Sabin Etxean egindako agerraldian adierazi duenez, “birzentralizazio iraunkor” bat dago Espainian, eta kezkatuta agertu da PPk eta Ciudadanosek Voxekin negoziatu beharrak autogobernu eskariak kaltetuko ote dituen. Dena den, ohartarazi du, "hauteskundez hauteskunde", "aldarri nazionalarekin" bat egiten duten alderdiak "babes handiagoa" jasotzen ari direla, eta beren burua konstituzionalistatzat dutenak, aldiz, babesa galtzen ari direla.

Atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Espainiako Konstituzioak zilegitasunik ez duela salatu zuten. EAJren eta EH Bilduren botoekin onartu zuten testua, eta Espainiako "Konstituzioaren erreforma batek zein prozesu konstituziogile batek egungo erronkei" erantzun behar diela adierazi zuten; besteak beste, "determinazio libreko printzipioari".

Udalbiltzak, bestalde, erakuste bat jarri du Iruñean, 40 urte, 40 gezurizenburupean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.