Batek ikusmina piztu, besteak zapuztu. Horrela jokatu dute Espainiako Gobernuko bi ministrok. Hirugarren fasean dauden erkidegoen arteko joan-etorriei atea ireki zion atzo Garraio, Mugikortasuna eta Hiri Agendako ministroak. Gaur, berriz, hirugarren fasean erkidego batetik bestera ezin izango dela mugitu ziurtatu du Osasun ministroak.
Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko lehendakariek, behin baino gehiagotan, Ipar Euskal Herriarekiko mugikortasuna errazteko eskaera jarri dute mahai gainean. Bitxia bada ere, bi erkidegoen arteko joan-etorriak ez dituzte aipatu. Gaur arte. Urkullu lehendakariak eskaria egin die Espainiako eta Frantziako gobernuei mugitzeko aukera euroeskualde osora zabaltzeko, hau da, EAEk, Nafarroa Garaiak eta Akitania Berriak osatzen duten eremura.
Zertan geldituko da azkenean mugikortasunaren auzia hirugarren fasean? Posible izango da Euskal Herrian zehar mugitu ahal izatea? Ziurrenik, hirugarren fasea arautzen duen dekretuaren zain egon beharko da.
Ikusmina dago arau berrien inguruan. Bihar bozkatuko da Espainiako Kongresuan alarma egoeraren azken luzapena. EAJk baiezkoa emango dio, besteak beste, hirugarren fasearen kudeaketaren kontrola erkidegoen esku egotea hitzartu duelako Espainiako Gobernuarekin. Baina, aldi berean, Ciudadanosek ere emango dio sostengua luzapenari, kasu honetan, hirugarren fasea arautzeko neurriak erkidego guztientzat berdin-berdinak izatea hitzartu duelako Sanchezen gobernuarekin. Itxuraz, bi akordioak kontresankorrak dira. Letra txikiaren zain egon beharko da.
Bi hildako. Atzoko zenbaketan hildakorik ez zen izan, baina gaur beste bi heriotza zenbatu dituzte, biak EAEn. Guztira, 2.068 pertsona hil dira koronabirusaren gaitzarekin gaixoturik. PCR proba bidez, bost kasu berri atzeman dituzte: lau Araban, eta bat Nafarroan. Kopuru apalak. Dena den, hiru pertsona ospitaleratu behar izan dituzte. Guztira 311 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 37 zaintza intentsiboetako unitateetan.
Ipar Euskal Herria, bigarren fasean. Konfinamenduaren arintze prozesuko bigarren fasean sartu dira gaur Ipar Euskal Herriko biztanleak. Ostatuak eta jatetxeak ireki ahal dituzte, baita kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere. Betiere, zenbait babes neurri hartuta.
Agian honek ere merezi du
Manuelarentzako proba. Bihotzeko gaitz larria duelako kalera ateratzeko beldur den pertsona baten kasuaz idatzi du Xabier Payak gaurko zutabea. Ogia erostera atera ez den pertsona bat, baina C1 egiaztagiria lortu nahi duena eta BECeko azterketara joateko zalantzan dagoena. Jakin nahiko luke prest ote dagoen azterketa gainditzeko, eta bere maila egiaztatzeko proba bat jartzeko eskatu dio Xabierri. Halaxe egin du zutabegileak Manuelarentzako proba izenburuko artikuluan. Nolako proba? Artikulua irakurri beharrekoa da, antologikoa da.
Doluan laguntza. Heriotza gupidagabea izan da COVID-19aren izurri honetan. Hiltzeko eta hildakoak agurtzeko baldintzak zailak izan dira. Hori dela eta, doluan laguntzeko asmoz, Betirako programa abiatu du Eusko Jaurlaritzak. Programa horren laguntzaile izango da Andres Krakenberger giza eskubideen aldeko ekintzailea. Bi senide galdu ditu, eta bera ospitalean izan da koronabirusarekin gaixorik, zazpi egunez ZIUan. Krakenbergerren testigantza jaso du Amaia Ramirez de Okariz kazetariak.
Oharra: eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.