Euskararen pizkundea bultzatzea helburu zuen ekitaldia egin zuen Euskalgintzaren Kontseiluak larunbatean, Bilbo Arenan, eta 6.500 pertsona bildu; bada, antolatzaileen arabera, arrakasta horrek erakutsi du «jende askorengan oso txertatuta» dagoela euskaltzaletasuna: «Badago gihar hori indartzeko gogoa eta premia». Kontseiluak eskerrak eman dizkie bai herriz herri inplikatu diren euskaltzaleei eta bai Kontseilua osatzen duten gizarte eragileei.
Larunbateko ekitaldiaren biharamunean egin zuten balorazioa antolatzaileek, eta ontzat jo dute lortutakoa. «Hizkuntzaren auziaz hitz egiteko, euskarak sortzen digun kezkaz hitz egiteko eta elkarguneak sortzeko» beharra dagoela islatu zuen Bilbo Arenan gertatu zenak. Euskara larrialdian dela ikusita, Kontseiluak nabarmendu du lanean jarraituko duela, eta azpimarratu «euskaltzaleek ekiteko garaia» dela: «Toki guztietan antolatzeko, hiztun komunitatea ahalduntzeko, euskara eta euskaltzaletasuna lehen lerrora ekartzeko garaia da». Horretarako, Euskaltzaleon gida plazaratu du Euskalgintzaren Kontseiluak.
«Adostasun berri bat»
Izan ere, uste dute euskararen biziberritzeak aldaketa «sakon» bat behar duela. Hau da, irizten diote «hizkuntza politiketan jauzi bat» behar dela, «adostasun sozial eta politiko berri batean oinarrituko dena». «Euskaraz bizitzeko behar diren baldintzak bermatzeaz gain, egun indarrean dauden minorientzako politiken paradigma gainditu eta euskararen normalizazioa gizarte osoaren eginbeharra bilakatuko duena», dio Kontseiluaren balorazioak.
Kontseiluaren esanetan, Bilboko ekitaldian ekarpena egin zuten kulturgileek erakutsi zuten «euskaratik eta euskaraz sortutako kultura ezinbesteko unibertsoa dela» euskarak aurrera egingo badu
Hala, Kontseiluak gogora ekarri du irailean «itun soziopolitiko berrirako» eskaintza aurkeztu zuela askotariko ehun eragile baino gehiagoren babesarekin, helburutzat hartuta «euskararen ezagutza orokortzea eta erabilera normalerako baldintzak sortzea».
Kontseiluaren arabera, Bilboko ekitaldian ekarpena egin zuten kulturgileek erakutsi zuten «euskaratik eta euskaraz sortutako kultura ezinbesteko unibertsoa dela» euskarak aurrera egingo badu, eta euskara biziberritzeko «ezinbestekoa» dela «euskarazko kulturaren aldeko kultur politika sendoak» egitea.
Bestalde, 2026ko ekainaren 13an «Iruñea euskaltzale guztien bilgune» bilakatzeko mobilizazioa antolatu du Kontseiluak, aldarrikapenari eusteko eta erakunde eta indar politikoei inplikazioa eskatzeko. Xehetasunak datozen hilabeteetan emango dituzte.