Gipuzkoako Diputazioak apaldu egingo ditu hizkuntza eskakizunak enplegu publikorako urte bukaerara bitartean abiaraziko dituen lan deialdietan. Foru eledun Irune Berasaluzek asteon eman du erabakiaren berri. Onartu du euskararen ezagutza egiaztatzeko hizkuntza eskakizunen kontra urteotan ebatzi diren epaien ondorioz hartutako erabakia dela: bide judiziala «agortuta» eta «epaiek hala behartuta» hartu dute erabakia. Zehazki, zera da aldaketa: atzeratu egingo dute zenbait hizkuntza eskakizun derrigorrezkoak izateko data. Enplegu publikoko hamahiru eskaintza jarriko dituzte martxan asteotan, eta horietan guztira 113 lanpostu eskainiko dira. Horietatik %34 inguruk atzeratua izango dute derrigortasuna. Euskalgintzaren Kontseiluak deitoratu egin du gaur «atzerapauso» hori.
Prentsa ohar baten bidez zabaldu du erakunde euskaltzaleak albistearen gaineko balorazioa. «Harridura» azaldu du foru erakundeak atzera egin duelako gaur arte euskararen normalizazioaren alde erakutsi duen jarrera «irmoan». Izan ere, hizkuntza eskakizunen kontrako epai ugari propio izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan deialdien kontrakoak, eta foru agintariek beti egin dute epai horien kontra. Langileek epaien kontra egiteko antolatu dituzten protestetan ere maiz hartu dute parte. «Orain, baina, joan den martxoan Bizkaiko Foru Aldundiak egin bezala, epaitegiek ezarritako irizpide atzerakoiak aplikatzeari ekingo dio lan eskaintza berrietan», salatu du Kontseiluak.
Euskararen aurkako «oldarraldi judizialaren» ondorioz erakunde publikoak beren erabakiak aldatzen hasi izana oso larria da Kontseiluaren ustez. «Agerikoa da botere judizialaren gaztelaniaren nagusitasunaren aldeko disuasio politikak bere fruituak eman dituela eta dagoeneko ez dagoela aurkako sententzien beharrik». Kezka azaldu du, halaber, erakunde publikoetan euskarak izan behar duen tokiaren inguruan sortzen ari diren zenbait «diskurtsoren» izaeraren inguruan. «Euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideen bermea ezin dira hautu indibidualetara edota eskaria eta eskaintzaren logikara mugatu», ohartarazi du.
Beste «paradigma» bat
Euskararen normalizazioaren kontrako sententzia ugariek ekarri dituzten arazoei konponbide bat emate aldera, bi erreforma proposamen daude Eusko Legebiltzarrean. EAJk Euskal Enplegu Publikoaren Legea aldatzea proposatu du, propio nahi du euskara eskakizunak eskatzeko derrigortasun indizea ezabatzea. Jeltzaleen arrazoibidea da horrekin kontrako epaiak emateko argudioak urrituko direla. EH Bilduk, berriz, legea aldatuta bidea ireki nahi du euskara lanpostu publiko guztietarako «nahitaezko hizkuntza eskakizun orokorra» izan dadin. Urriaren 2an onetsi ziren bi proposamenak parlamentuan. Kontseiluak gogora ekarri duenez, Eusko Legebiltzarrean orain proposamen horien gainean egingo den eztabaidak beste eztabaida bat eragin behar du, zeinak hizkuntza eskakizunen «paradigma» gainditzea ekarriko duen. Era berean, nabarmendu du aurrerabideak egiteko modua emango duen «arkitektura juridiko» oso bat behar dela.
Ordezkari politikoei ere dei egin die, eta zera eskatu die, gaiari buruz ari direnean ez zabaltzeko «lan eskubideen eta hizkuntza eskubideen arteko dikotomia faltsua». «Kontseiluaren iritziz, diskurtso interesatu horrek agerikoa denari ez ikusiarena egiten dio: hizkuntza eskubideak eta lan eskubideak euskaraz lan egiteko eskubidean batzen direla».