Iragan astean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 97/2024 foru dekretuaren bi artikulu baliogabetu zituen, ELA eta Steilas sindikatuek jarritako helegite bati men eginez. Epaileek frogatutzat jo zuten merezimenduen dekretuak aukera ematen zuela, zenbait lan deialditan, euskara beste hizkuntza batzuk baino gutxiago puntuatzeko. Sententzia horren balorazioa egin du gaur Euskalgintzaren Kontseiluak: txalotu egin du ELAren eta Steilasen ekinbidea, «besteak beste, dekretuak eragiten dituen eskubide urraketen inguruko eztabaida berriz mahaigaineratzea eragin duelako», eta uste du Nafarroako auzitegiaren sententziak agerian utzi dituela dekretuaren «gabeziak».
Gaur goizean zabaldutako ohar batean, Kontseiluak gogorarazi du merezimenduen dekretua «sententzia euskarafobo eta atzerakoi baten ondorio» dela: Uxue Barkosen gobernuak onartutako 103/2017 dekretuko zenbait artikulu baliogabetu zituen epaiaren ondorio, alegia. Kontseiluak gogorarazi duenez, baliogabetutako puntu horiek aukera ematen zuten «euskararen ezagutza Nafarroa osoan eta lanpostu guztietan baloratzeko; esaterako, Osasunbidean edo nafar guztiei arreta eskaintzen dieten zerbitzu zentraletan». Sententziak eragindako hutsune juridiko hori betetzeko onartu zuten 97/2024 dekretua, iaz.
Euskalgintzak gogor salatu zuen arau berria, iritzita «euskara eta euskaldunak mespretxatzen» zituela eta, 2017ko dekretuarekin alderatuta, «atzerapauso ugari» jasotzen zituela. Hain zuzen, Kontseiluak uste du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren oraingo epaiak «azaleratu» egin dituela gabezia horietako batzuk, «ardatzekoak diren beste hainbat aitortu ez arren».
Horiek horrela, Kontseiluak talde politikoak premiatu ditu auzitegiak zabaldutako abagunea baliatzera, «dekretuaren berridazketa ez dadin mugatu azaleko edukiak zuzentzera». Dekretu berri bat nahi du euskalgintzak, eta ez adabaki bat: «Lehen mugarria, nafar guztiei eskubide guztiak aitortuko dizkien aldaketaren bidean».
Kontseiluak gogorarazi du euskara «larrialdi egoeran» dagoela, eta krisi hori «bereziki nabarmena» dela Nafarroan: «UEMAren eskariz Siadecok egindako prospekzioaren arabera, hizkuntza politika eraginkorrak martxan jarri ezean, euskaldun kopuruan 1991tik gaur arte izandako hazkundea irauli eta atzeraldi fase betean sartuko da kopuru erlatibo zein absolutuetan». Hori dela eta, euskalgintzako ordezkariek uste dute «ez dela aski» merezimenduen dekretua zuzentzea: «Zonifikazio linguistikoan dago arazoaren muina», milaka nafarren eskubideak «sistematikoki urratzen» dituelako eta «ezinezko» egiten dituelako euskararen normalizaziorako eta hura biziberritzeko prozesuak.
Abenduaren 15ean, Iruñean
Kontseiluaren oharrean irakur daitekeenez, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak, Europako Batzordearen adituek eta Europako Ministroen Kontseiluak berak ere behin eta berriro eskatu diote Nafarroako Gobernuari «zonifikazioak ezarritako mugak ken ditzala». Gasteizko eta Iruñeko kasuak alderatu dituzte, zonifikazioaren eragina azaltzeko: «Euskararen ezagutzari dagokionez, errealitate paretsutik abiatu ziren bi hiriak: 1991n, herritarren %8 euskaldunak ziren Gasteizen eta %6 Iruñean; orain, euskaldunak %29 dira Gasteizen eta Iruñean %12. Eta datozen urteetan are gehiago handituko da aldea, Gasteizko adingabeen %79k baitaki euskaraz, eta Iruñekoen %29k».
Hori dela eta, Kontseiluak iragarri du «lanketa berezi bat» jarriko duela martxan, Foru Hobekuntzaren eztabaidan «euskararen auzia eta zonifikazioaren amaiera erdigunean jartzeko asmoz». Abenduaren 15ean hasiko da, Iruñean, zonifikazioaren amaiera exijitzeko mobilizazio batekin. Hil horren 27an, berriz, Pizkundea izeneko ekitaldia eginen du Kontseiluak Bilbon, eta orduan ere, zonifikazioa desegitea eta euskara Nafarroa osoan ofizial izatea aldarrikatuko dute, besteak beste.