Koofizialtasunaren alde manifestatzera deitu dute hiru sareetako hezkuntza eragileek

Seaska, Ikas Bi, Biga Bai eta Euskal Haziak taldeek eskatu dute ikasle guziek izan dezatela euskara ikasteko eskubidea. Urratsak eta baliabideak eskatu dituzte euskarazko irakaskuntzaren alde. LABek eta CGTk ere manifestaziora deitu dute.

Hezkuntzako eragileen prentsaurrekoa, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Hezkuntzako eragileen prentsaurrekoa, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko azaroaren 18a
14:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herrian euskarazko irakaskuntzan diharduten hiru sareetako eragileak batera agertu dira Euskal Konfederazioak euskararen koofizialtasunaren alde larunbat honetarako antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitzeko. Azken urteetan euskarazko irakaskuntza garatu bada ere, urratsak eta baliabideak eskatu dituzte euskarazko irakaskuntzaren alde. «Frantsesa nagusi den gizartean, egiazko toki bat egin behar diogu euskarari, eta murgiltze eredua garatzea ezinbestekoa da», adierazi dute. «Hizkuntza gutxituen aldeko lege ausart bat behar dugu, eta beharrezkoa da Frantziako Konstituzioaren 2. artkulua aldatzea; horregatik, espero dugu larunbateko manifestazioa jendetsua izanen dela».

Ikastolen federazioa da Seaska, sare publiko elebiduneko guraso elkarteak dira Ikas Bi eta Biga Bai, eta sare pribatu giristino elebidunekoa Euskal Haziak. «Bakoitzak ditugu gure metodoak eta erritmoak, baina adostasuna dugu eragileen artean euskararen alde aritzeko», adierazi du Ramuntxo Labat Seaskako batzorde eragileko kideak. «Helburu komuna dugu: euskara biziberritzea eta euskal hiztunak sortzea».

«Ama eskolatik lizeoraino euskararen erakaskuntza orokortu behar da ikasle guziek euskara ikasteko eskubidea ukan dezaten»

CELINE ETXEBARNE Ikas Bi

Celine Etxebarne Ikas Biko koordinatzaileak adierazi du azken 40 urteetan anitz garatu dela irakaskuntza elebidunaren eskaintza: ama eskolan sartzen diren bi haurretik batek euskaraz ikasten du. «Baina azken bizpahiru urteetan geldialdi bat bizi dugu, eta gibelatze bat gertatzeko lanjerra bada. Azken bi urteetan, adibidez, ez da sail berririk ideki euskaraz», esplikatu du. Faktore bat baino gehiago aipatu ditu hori esplikatzeko, hala nola, hautetsi batzuen «blokatzeak» eta baliabide eskasa. «Ipar Euskal Herriko eskolen %30ek irakaskuntza elebakarra baizik ez du proposatzen oraindik», gaitzetsi du. Alta, hizkuntza gutxituen irakaskuntza orokortu behar zela jaso zuen Molac Legeak 2021ean. «7. artikuluak dio euskara ikasle guziei proposatua izan behar zaiela, ama eskolatik lizeoraino euskararen erakaskuntza orokortu behar da ikasle guziek euskara ikasteko eskubidea ukan dezaten».

2021ean, murgiltzea metodo pedagogiko gisa aurreikusten duen zirkularra ere zabaldu zuen Frantziako Gobernuak, baina gaur gaurkoz ikastoletan baizik ez dute proposatzen. Sail elebidunean, osoki euskaraz diharduten ikasgelak dituzte, baina ama eskoletan garatu dira nagusiki. Sare publikoan, 36 eskolatan dute aukera hori; bost herritan, Lehen Mailan ere proposatzen dute, hala nola, Irisarrin (Behe Nafarroa), Azkainen, Urruñan, (Lapurdi) Larrainen eta Barkoxen (Zuberoa).

«Murgiltze eredua garatzea ezinbestekoa da sail guzietan: nahi dugu eskola publikoak hiztun onak forma ditzan»

AINTZANE GARAT Biga Bai

Aintzane Garat Biga Baiko koordinatzaileak erran du, ama eskoletan ez ezik, Lehen eta Bigarren Mailetan ere gehiago bultzatu beharko litzatekeela. «Murgiltzea ama eskoletara mugatu dute, eta ez da neholako borondaterik Lehen Mailara zabaltzeko; are gutiago kolegio edo lizeoetara». Ohartarazi du ikasle anitzek sail elebiduna uzten dutela kolegiora edo lizeora iritsi aitzin, uste baitute haien euskara maila ez dela aski ona. «Murgiltze eredua garatzea ezinbestekoa da sail guzietan: nahi dugu eskola publikoak hiztun onak forma ditzan».

Blanquerren erreforma

Baina euskarazko irakaskuntzaren oztopoak ez dira garapenera bakarrik mugatzen. Jeab Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministro ohiaren erreformak izandako ondorio kaltegarriak hizpide izan dituzte beste behin. «Euskara lehian ezarria da beste hizkuntzekin, eta kolegio eta lizeoek ez dute ahalik euskarazko irakaskuntzaren ibilbide oso bat eskaintzeko», esplikatu du Ana Bidart Euskal Haziak elkarteko lehendakariak. «Euskarak balioa galdu du, hautazkoan baita. Onartezina da buraso batzuek beren haurrak sail elebidunean ezartzeko parioa egin ondoren kolegioan eta lizeoan euskarazko ikasketak bururaino egiteko aukerarik ez izatea».

Hala, irakaskuntza elebidunari esker euskarak zinezko tokia behar duela iritzi diote hezkuntzako eragileek. «Frantsesak dituen eskubide eta aukera berdintasunean. Euskarak ezin du bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitu», gehitu du Bidartek.

Labatek gaineratu du azterketen gaian lehen urrats bat izan bada ere, urrunago joan behar dela. «Hala galdegitzen dute lizeoko ikasleek. Ikasketa guziak euskaraz egin ondoren, ikasleek azterketak euskaraz egiteko hautua ukan behar dute». Frantziako Gobernuak onartu duen dekretuak, baxoko espezialitate bat euskaraz pasatzeko aukera aurreikusi du. Hori ez da aski Labaten aburuz, eta azpimarratu du ez dutela oraindik arras kausitua Leheneko ikasleek matematikak euskaraz egiteko eskubidea. Horiek guziengatik beharrezkotzat jo du euskarak lege babesa eskuratzea. Eragileek horren alde manifestatzera deitu dituzte herritarrak.

Manifestaziora deitu dute LAB eta CGT sindikatuek ere

Gaur-gaurkoz, 250 eragilek izenpetu dute Euskal Konfederazioak euskararen koofizialtasunaren alde antolatu duen manifestaziora deitzeko manifestua. LAB eta CGT sindikatuak ere batu dira deialdira. LABek adierazi du betidanik ari dela lantokien euskalduntzearen alde, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetan egunerokoan euskaraz militatzeko aukera eskaintzen diela langileei. «Euskararen aldeko neurri zehatzak eskatzen ditugu, zerbitzu publikoetan zein enpresa pribatuetan ere. Negoziazio kolektiboaren bidez, euskararen erabilera sustatzeko neurriak eta planak ezartzea eskatu eta horretarako presioa egin behar dugu». CGT sindikatuak bizitzaren garestitzearen kontrako protestan parte hartuko du larunbatean 14:00etan, eta ondotik euskalgintzaren mobilizaziora batzeko deia egin du. 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA