Ipar Euskal Herriko hautetsiek bat egin dute euskararen koofizialtasun eskaerarekin

300 hautetsik baino gehiagok dei egin dute azaroaren 21ean euskalgintzak Baionan antolatu duen manifestazioan parte hartzera.

Hautetsien agerraldia euskararen koofizialtasunaren alde, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Hautetsien agerraldia euskararen koofizialtasunaren alde, Baionan. NATHALIE GUIRONNET
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2026ko azaroaren 13a
13:02
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ipar Euskal Herriko hirurehun hautetsik baino gehiagok bat egin dute euskararen koofizialtasun eskaerarekin, eta dei egin dute Euskal Konfederazioak heldu den azaroaren 21erako Baionan deitu duen manifestazioan parte hartzera. Agerraldia egin dute ostiral goiz honetan, Baionan, Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzan. Euskarari buruz hautetsiak elkarrekin agertzea goraipatu dute, eta haren biziraupenaren alde elkarlanean aritzera deitu dute. Deiaren izenpetzaileen artean dira, besteak beste, Alain Iriart Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Peio Dufau, Colette Capdevielle eta Iñaki Etxaniz diputatuak, Frederique Espagnac eta Max Brisson senatariak, Departamenduko eta Eskualde hautetsi multzo bat, eta Ipar Euskal Herriko herri eta hiri nagusietako auzapez eta hautetsi andana. 

Hautetsien arteko adostasun zabala nabarmendu du Iriartek, eta funtsezkotzat jo du euskarak estatus ofiziala lor dezan. «Inportantea da azter dezagun nola molda daitekeen konstituzioko 2. artikulua, euskarak eta hizkuntza gutxituek ukan dezaten zinezko leku bat». Azken hilabeteetan euskararen arloan prefeturatik izan diren helegiteak gaitzetsi ditu Elkargoko lehendakariak, eta argi utzi du euskarak koofizialtasuna izanen balu Ipar Euskal Herrian halakorik ez litzatekeela gertatuko. «Euskarak errespetua eta sostengua behar ditu. Hori erranen dugu Euskal Konfederazioarekin eta euskararen alde diren eragile guziekin».

«Euskarak errespetua eta sostengua behar ditu. Hori erranen dugu Euskal Konfederazioarekin eta euskararen alde diren eragile guziekin»

ALAIN IRIART Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria

Agerraldia «biziki inportantea» izan dela adierazi du Hur Gorostiagak Euskal Konfederazioaren izenean, «tendentzia politiko guztietako» hautetsiak elkarrekin agertu baitira koofizialtasun eskaera egiteko. «Herritarrei ere dei egiten diegu manifestazioarekin bat egin dezaten. Ez gara euskaldunak bigarren mailako herritarrak izaten ahal gure lurrean. Ezinbestekoa da koofizialtasuna eskura dezagun». Dufauk oroitarazi du lege proposamena pausatua dutela Frantziako Asanblean. Urtarrilean eztabaidagai jartzea lortu nahiko lukete. 

«Ezin ulertua»

Frantziako Gobernuak konstituzioa aldatzeko eskaera bere egin ezean, zail ikusten du ezer lortzea Capdeviellek, baina adierazi du, edozer dela ere, eztabaida izanen dela. «Frantziako presidentetzarako bozetan aurkeztuko diren hautagaiak interpelatu beharko ditugu, eta asanblearako bozak ere izanen dira ondoren; hautagai bakoitzak bere posizioak argitu beharko ditu, eta zehaztu zertara engaiatzen den». Diputatuak erran du «ezin ulertua» dela Parisek hizkuntzen gaian duen jarrera. «Bada blokeatze bat, baita gibel egite bat ere». 

«Zinez, ez dut ulertzen blokeoa: aberastasun bat da zerbitzu publikoetan bi hizkuntza ukaitea. Hizkuntza bat mintzatua eta idatzia izateak hura ikasi eta zabaltzeko aukera ematen du»

COLETTE CAPDEVIELLE Diputatua

Alta, Capdevielleren iritziz, «aberastasun» bat da hizkuntza bat baino gehiago izatea. «Prefetari gomita egin diot Espainiako Estatura begira dezala, Hego Euskal Herrira, Galiziara... Edota mundu mailan hizkuntza bat baino gehiago elkarbizi diren beste edozein eskualdetara. Ez dago inolako arazorik, zinez, ez dut ulertzen blokeoa: aberastasun bat da zerbitzu publikoetan bi hizkuntza ukaitea. Hizkuntza bat mintzatua eta idatzia izateak hura ikasi eta zabaltzeko aukera ematen du». Baieztatu du koofizialtasuna ukatzea herriaren «historia eta identitatea» ukatzea dela.

Espagnacek ere erran du «denen artean» eraman beharreko «borroka» dela koofizialtasunarena. «Azken 50 urteetan hobekuntzak izan badira ere, gure hizkuntza zailtasunetan da, eta gogortze bat sentitu daiteke». Parisi begira «konbentitze» lana beharko dela iritzi dio, baina baita «indar harremana» ere. «Hizkuntzak egiten du gure arteko kohesioa, eta erabili ahal izatea eskatzen dugu, modurik sinpleenean», adierazi du. 

Deszentralizazio beharra

Hizkuntzaren koofizialtasuna lurraldeen aitortzarekin lotu du Capdeviellek. «Aitortu behar da lurraldeek beren baitarik antolatzeko duten gaitasuna, hainbat eskumen bere egin eta desberdin kudeatzeko, esperimentazioaren bidez eta politika publiko indartsuekin». Bi gaiak lotuak direla uste du Espagnacek ere, eta dei egin dio Frantziako Estatuari «lurralde bakoitzaren identitatea» ulertzera iritsi dadin. 

Manifestua

 

«Euskara lehentasun politiko eta sozial bilakatu behar dugu; hiztun berriak masiboki sortu behar ditugu; eta euskaraz bizitzeko baldintzak bermatu behar ditugu egunerokoan eta arlo guztietan. Horretarako,

 

  • Euskararen koofizialtasuna nahi dugu, gure lurraldean euskarak frantsesaren ber heineko lekua izan dezan. Euskara eskubide gisa aitortua izan dadin nahi dugu.
  • Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa nahi dugu, ez dadin frantsesa izan Errepublikan onartua eta baimendua den hizkuntza bakarra.
  • Frantziako parlamentuan hizkuntza gutxituen aldeko lege ausart bat bozkatzea nahi dugu, euskarari lege babesa emateaz gain, eskubide konkretuak irabazteko.
  • Ipar Euskal Herriko instituzioek euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan ezartzea bultzatuko dugu, norabide eta bide orri argi batekin, eta helburu zenbakituekin. Euskara biziberritzeko plan integral bat behar dugu.

Euskal Herri osoko euskaltzale guziei dei egiten diegu azaroaren 21ean euskalgintzak Baionan antolatu duen manifestaldi handirako mobiliza daitezen».

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA