Altsasuko auzia

Koxkako zerbitzariak eta jabeak gezurtatu egin dute Guardia Zibilaren bertsioa

Hirugarren eguna du gaur Altsasuko zortzi gazteen kontrako epaiketak. Lekukoen txanda da. Koxkako zenbitzariak, jabeak eta tabernaren kanpoaldera joan ziren foruzainek deklaratu dute.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren egoitza. J. DANAE, FOKU
joxerra senar
2018ko apirilaren 18a
10:31
Entzun

Gaur, aurreko egunetan bezala, Madrilen da Joxerra Senar kazetaria, epaiketaren berri zuzenean ematen. Auziko hirugarren saioaren gakoak bildu ditu.

Naiara Romero Koxkako zerbitzariak deklaratu du gaurko saioan, eta argi esan du berak ez zuela ikusi ukabilkadarik. Lanean ari zen egun hartan, baina ez zuen nabaritu tentsioa zegoenik, taberna lasai ikusi zuen. Azaldu duenez, une hartan ez zion "garrantzi handirik eman" gertatu zenari. Ez zuen ikusi inork korridore bat sortu zuenik, ezta jendea kolpeka ere, eta ziur dago ez zuela ukabilkadarik ikusi. “Ez nintzen ezertaz ohartu”. Gerora prentsan irakurritakoek aho zabalik utzi dutela gaineratu du.

Lanetik atera eta kanpora atera zenean, foruzainen automobil bat ikusi zuen. Han zegoen Iñaki Abad epaitua ere; irudiak hartzen ari zen telefonoarekin. Zer gertatu zen galdetu zion, eta Abadek erantzun zion ez zekiela.

Tenientea eta bere bikotekidea Koxkara askotan joaten zirela esan du Romerok: "Larunbat askotan itxi dugu eurak [tenientea eta Maria Jose neska-laguna] dantzan eta parrandan zeudela".

Josu Muñoa tabernaren jabeak ere deklaratu du. Bera ez zegoen barran une horretan, baina bai tabernan. Kontuak egiten ari zen, eta ez zuen ezer ikusi. Kanpora joan zenean ikusi zuen sarjentua, eztabaidan, eta bere onetik aterata. Ez zekien guardia zibila zenik (hogei egun zeramatzan Altsasun). Maria Jose ere ikusi zuen, "urduri", eta biraoka hasi zitzaion. Biek esan dute tabernan ez zegoela jende asko egun hartan.

2016ko urriaren 16an egin zuen deklarazioa berak, eta han jartzen du borroka "antolatua" izan zela. Muñozek ukatu egin du berak hori esan zuela. Haren esanetan, Altsasu herri txikia da, ez du diskotekarik, eta ez da borroka handirik egoten. Bere deklarazioa norbaitek aldatu egin duela iradoki du.

Muñoak gaineratu du auzia abiatu denetik hainbat dei jaso dituela tabernan. Cara al sol kantatu izan diotela, edo taberna erre egingo diotela mehatxatu. Falangisten pintaketak ere jarri dizkiote. "Nire taberna asko atera da telebistan".

Zazpi foruzainek ere deklaratu dute. 1143 foruzaina izan da deklaratzen aurrena, Koxka tabernaren kanpoaldera iritsi zen lehen foruzainetako bat. Jokin Unamuno atxilotuta eramaterakoan arazoak izan zituela dio. Tentsioa zegoela esan du, Koxkaren aurrean jende multzoa zegoelako haiei 'bazilatzen". "Txantxak egiten ari ziren. Egiten genituen keinuak errepikatzen zituzten". Bi pertsona identifikatu zituzten, eta gainerakoak ezin izan zituzten identifikatu, "mendialdeko arropa beltza zeramatelako".

Foruzainek sarjentuarekin eta haren bikotekidearekin hitz egin zuten batik bat, 1143aren arabera, eta haiek "astindu" hitza erabili zuten orduan, ez atzoko "ostiko, ukabilkada eta abar".

Bigarren deklaratu duen foruzainak esan du iritsi zirenean kalean "40 lagun inguru" zeudela. "Iritsi ginenean argiak jarri genituen, eta bereizita zeuden. Ez genuen guk liskarrik ikusi", dio foruzainak. Hainbat pertsona identifikatzeko esaten zieten sarjentuak eta haren bikotekideak, baina ezin zuten: "Jende askoren atzean zeuden, mutil talde bat ziren. Txantxa giroan zeuden".

Jokin Unamuno atxilotu zuten, eta altsasuar batzuek autotik atera zuten. Hura “jolas bat” zen, foruzainaren ustez. Mozkortuta zeudela nabari zuen. Foruzainarentzat, “liskar bat izan zen, eta kito”. Geroago, mutil bat agertu zen, bere eskuinetik. “Nireganantz etorri zen, ukabilak itxita. Garrasika esan nion bere asmoen berri banuela. Identifikatu egingo nuela, eta alde egiteko”. Oihan Arnanz zela dio.

Istiluen aurkako foruzainen dispositiboko buruak ere deklaratu du. Esan duenez, asmoa zen balizko erasotzaileak topatzea eta, bere agindupean, sarjentua ibili zen bila. Foruzainak galdetu zien kalean zeuden batzuei ere "ea zer gertatu zen". Dena den, ez zuen lekukorik bilatu. Ez ziren Koxkan sartu.

Atestatua egin zuen N255 foruzainak ere deklaratu du. Deklarazioa hartu zien Koxkako zerbitzariari eta jabeari, eta Jokin Unamunoren telefono deiak aztertu zituzten. Unamuno eta Adur Ramirez de Aldaren arteko dei gurutzatu batzuk ikusi zituzten. Bi horiek deklarazioan esan zuten galduta zebilen lagun bati buruz hitz egin zutela gau hartan gurutzatu zuten dei bakarrean. Ramirez de Aldak esan zuen bera etxean zegoela liskarra gertatu zenerako. Gainera, guardia zibilek diote hark kamiseta gorria zeramala, baina berak beltza jantzi zuela dio. Altsasu Gurasoak elkarteak argazki bat zabaldu du emailez, hori frogatzeko. Argazki hori onartuta dago epaiketan froga gisa.

Maria Jose Naranjoren argazki batzuk jaso zituzten. "Ikerketa hasteko izan ziren". Ikerketa hasi zuten, eta une batean, Auzitegi Nazionaleko 3. instrukzio auzitegiak dokumentazio guztia bidaltzeko agindu zion Foruzaingoari.

Amaia Izko defentsa abokatuak Muñoaren deklarazioaren kopia aztertzeko eskatu dio foruzainari. Hark atoirtu du berak sinatuta dagoela, baina ez dela Muñoaren sinadura ageri. Foruzainaren esanetan, dokumentuaren kopia bat delako falta da sinadura. Ziurtatu du Iruñeko 3. instrukzio epaitegian egon behar duen jatorrizko idatziak Muñoaren sinadura duela.

Atestatua hasi zuen foruzainak defentsaren galderei erantzunez adierazi du urriaren 16an joan zirela ospitalera Guardia Zibileko tenienteari deklarazioa hartzera. "Esan ziguten ezin zuela deklaraziorik egin". Sarjentuari eta haren bikotekideari ere ez zioten deklaraziorik hartu. Guardia Zibilaren aurrean salaketa aurkeztekoak zirela esan zieten foruzainei. Maria Jose Naranjo sarjentuaren bikotekideari, bai, deklarazioa hartu zioten. "[Erasotzaileak] Ezagutu zitzakeela zioen. Jende gehiago ezagutu zezakeela argazki bidez. Jende asko izan zela".

Bi asteko epaiketa

Astelehenean hasi zen Madrilen Altsasuko zortzi gazteren kontrako epaiketa. Lehen egunean zortzi auzipetuek deklaratu zuten, eta ukatu egin zuten inor jo izana. Atzo, kontrako bertsioa entzun zen auzitegian, ustez erasoa jaso zuten bi guardia zibilek eta haien bikotekideek deklaratu baitzuten. Joxerra Senarrek analisia egin zuen auzitegitik irtendakoan.

[youtube]https://youtu.be/tmOBurRsmlA[/youtube]

Gaur zazpi foruzainek eta Koxka tabernako jabeak zein zerbitzariak deklaratu dute, lekuko gisara, eta datozen egunetan lekuko gehiago izango dira deklaratzen. Besteak beste, Oihan Arnanzen, Jon Ander Coben eta Iñaki Abaden defentsak deitutako hamalau lekuko. Horien artean dira foruzain bat eta bi guardia zibil.

Datorren astearen hasieran, perituek deklaratuko dute —auzi medikuak, foruzainak, guardia zibilak, psikologoren bat eta Oihan Arnanzen defentsa informatikariak eta bi mediku—. Azken hiru egunetan, ondorioak aurkeztuko dituzte aldeek, eta, gero, epaiaren zain geldituko dira. Datorren ostiralean amaitzea espero da.

Atzoko auzi saioaren ostean balorazioa egin zuen Amaia Izko abokatuak. "Errelato maginifikatua" egin zutela dio, zauriekin bat ez datorrena. Kontraesanak izan zituztela eta horrek bere garrantzia izango duela aurreratu du.

[youtube]https://youtu.be/4Ay8jJ1K5Go[/youtube]

balorazioa egin zuen Amaia Izko abokatuak, eta analisia Joxerra Senar kazetariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.