Herri oso bat astindu, batu eta antolatu du Aroztegiko hirigintza proiektuaren auziak, segida horretan. Baztanen egin asmo dute, Lekarozen: 228 etxebizitza bakar, luxuzko hotel bat eta golf zelai bat. Proiektu urbanistiko horren aurka egin diren ekinbideetako baten harira zigortu dituzte, hain zuzen, zazpi baztandar, eta, hogei urteko kartzela zigorra ez ezik, 56.000 euroko isuna ere eskatu dute haientzat.
Hori ikusita, auzipetuak absolbitzeko eta «lurraren defentsa» ez kriminalizatzeko eskatuko dute larunbatean, Aroztegiko Elkartasun Komiteak Iruñean antolatu duen manifestazioan. Herritarrak mobilizatzera deitu ditu Gorka Laurnaga komiteko kideak (Elizondo, Nafarroa, 1997).
Bereziki azken urteotan egon da zurrunbiloaren erdian Aroztegiko hirigintza proiektua, baina noiz hasi zen?
2003tik ari dira bazter guztiak mugitzen: baimen ugari eskatzen handik eta hemendik. Fase askotarikoak izan ditu, borroka aunitz, eta errepresioaren fasean dago orain. 2021ean egin zen kanpaldiaren ondotik bertan beheiti utzi zituzten obra guztiak, eta orain jazarpena heldu da: zazpi kideren aurka zehazki, baina, betiere, herri oso baten kontra.
Hastapenetik joan da oztopoak gaindituz.
Bai; bi fase bereizi daitezke. 2010etik antzina lur eremuak birkalifikatu zituzten. Merke erosi zituzten, 330.000 euroan goiti beheiti, eta, gero, hurbilekoak ziren alderdietako kideekin eta hor zegoen ilegalizazio momentu bat baliatuz, lur ez-urbanizagarri horiek urbanizagarri bihurtu zituzten. Egunetik gauera aberastu egin ziren: birkalifikatu ondotik bederatzi milioitan baloratu baitziren. Orain, hori bera egin nahi dute Nafarroako Gobernuari 43 milioiren konpentsazioak eskatuz.
Zer ekarri zuen proiektua UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa aitortzeak?
Bigarren fasean egin zuten hori. Proiektu bat hala izendatzen den unean, proiektu horren erabakimena ez dago udalerrian, baizik eta, kasu honetan, Nafarroako Gobernuan. Erran nahi du Nafarroako Gobernuak baztandarren gogoz kontra erabakitzen ahal duela zer egiten den lur horietan.
«[Aroztegiko auzia] Ez da izanen ez lehena eta ez azkena, Erdizen gauza berbera gertatu baita»
Horrela izan da?
Bai. Haiek behar zuten proiektu hau inposatu, eta, orduan, aipatu dugun trikimailu hori erabilita, zintzurretik sartu ziguten. Erran behar da, gainera, ez dela izanen ez lehena eta ez azkena, Erdizen egin nahi duten harrobiarekin gauza berbera gertatu baita.
Zer inpaktu izango lituzke proiektuak?
Batetik, demokratikoak: guk ezin dugu proiektuaren gainean erabaki; herritarrei hitza ebatsi digute. Bertzetik, kalte soziodemografikoak eta linguistikoak. Azkenean, Marina D’or bat egin nahi dute, eta, hala, lurralde eta hizkuntza desoreka handi bat sortzen ahal da. Guztira 350 biztanle inguru dituen herri bat da Lekaroz, eta Baztango beste herriak ere ttipiak dira. Hor, 800 pertsonarendako hamaseigarren herri bat egin nahi dute, udan jendez lepo egonen dena eta gainerakoan zementuzko mamu bat izango dena. Hizkuntz paisaia ere aldatu eginen luke, gentrifikazio prozesuak ere ekartzen ahalko lituzke, etxebizitzen prezioak goratu...
Eta ingurumenari begira?
Nekazaritza lur emankor eta aski on batzuk guztiz artifizializatuko lirateke. Lur horiek laborantzarako erabili dira, eta garrantzitsuak dira nekazaritza burujabetzarako. Halaber, golf zelai bat ez da belai bat, ez da ekosistema bat, baizik eta alfonbra artifizial bat. Kalkulatzen da horrelako golf zelai batean zortzi tona pestizida inguru erabiltzen ahalko zirela urtean. Uraren kontsumo arazo handiak ere ekartzen ahalko lituzke, eta Lekarozen arazo andana izan da horrekin. Bioaniztasunari so ere izaten ahalko lituzke inpaktuak. Finean, sutan dagoen mundu bati gasolina gehiago botatzearen pareko zerbait da.
Egoera horretan, herri oso bat batu eta antolatu da.
Ez genuen bertze erremediorik izan. Baimen guztiak zuzen izan gabe sartu ziren makinekin. Gu makinen aitzinean esertzera sartu ginen, kanpaldi bat egin genuen. Hamahiru egunez egon ginen han, auzolanean, batzarrean, modu baketsuan proiektu horren kontrako desadostasuna agertuz, baina orain gu gara gaizkileak, eta ez haiek, egin dutena eginda.
«Guk ezin dugu proiektuaren gainean erabaki; herritarrei hitza ebatsi digute»
Baztango zazpi herritar epaituko dituzte kanpaldihorren harira. Nola zaudete?
Herri oso baten kontrako zigor bat izan da, baina egia da zazpik pairatuko dutela. Hogei urteko kartzela zigorra eskatu dute; bakoitzarendako hiru urteko zigorra gutxi goitibeheiti. Bortxa delituak dira batetik, bi urteko zigorra gutxi goitibeheiti, eta beste urte bat gehitu zaio talde kriminalaren akusazio surrealistarekin. Bertzetik, zigor ekonomikoarena dago, hori ere aski gogorra, baina 56.000 euro horiek herriak ordaindu ditu, ulertu duelako herri oso baten kontrako zigorra dela.
Zeren sintoma dira akusazio horiek?
Krisi ekosozial estu batean gaude, eta, hortaz, gatazka dago gelditzen diren baliabide eta lur apur horien gainean. Kapitalismoak begiz jo du hori, eta ofentsiba bat bota du. Beraz, erraten ahal dugu gatazka ingurumenaren arlora mugitu dela. Horregatik, hemendik harago ere badira mugimendu ekologistaren kontrako errepresioak: Futuro Vegetal terroristatzat hartu nahi izan zuten, Soulevements de la Terre ilegalizatu, Ende Gelaende ere hainbatetan kriminalizatu dute, eta AEBetan oliobideen kontra agertu diren ekintzaileak espetxean sartu dituzte. Testuinguru horretan ulertu behar da hau.
Otsailean egin behar zen izatez, baina azkenean maiatzera atzeratu da epaiketa. Nola egingo diozue aurre?
Aunitz dago jokoan: kapitalaren garaipen bat izaten ahal da, edo herriarena. Erortzen ahal zaigu bizi osorako kondena bat. Eta kriminalizazioaren aurrekari arriskutsu bat ere sortu ahal da, etorkizunean egin daitezkeen ekinbideak errazki kriminalizatuz. Baina kontrako zerbait ere gertatzen ahal da: eredu bat ere bihurtzen ahal da.