EAJko bost emakume kargudunek «norabideari eustera» deitu dute, «krisian den mundu batean»

EAJko bost emakume gidarik galdera bati erantzun diote Tolosako Uzturre Foroan: «Zer dago jokoan Euskadin, mundu nahasi honen erdian?». Krisi larriei aurre egiteko, ahaleginari eusten jarraitzeko mezua igorri dute.

Tolosako Uzturre Foroko agerraldia, gaur.  AITOR KARASATORRE / FOKU
Tolosako Uzturre Foroko agerraldia, gaur. AITOR KARASATORRE / FOKU
xabier martin
Tolosa
2025eko irailaren 11
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Alderdi politikoen agerraldietan ohikoa ez den argazki bat eskaini du EAJko bost emakume goi kargudunen mahai inguru batek, Tolosako Uzturre Foroak antolaturik. Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, GBBko presidente Maria Eugenia Arrizabalaga, Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxena eta Oihane Agirregoitia europarlamentaria galdera batetik abiatuta aritu dira Topic zentroan, Xabier Euzkitzek gidatuta: «Zer dago jokoan Euskadin, mundu nahasi honen erdian?». Agirregoitiak bideokonferentziaren bidez parte hartu du, Europako Parlamentuko osoko bilkuran egon eta gero, ezin izan zelako Tolosara garaiz iritsi.

Andoni Ortuzarren erreleboa hartu berritan, Aitor Esteban EBBko presidenteak agindu zuen emakumeek ardurako kargu gehiago hartuko zituztela alderdian. EAJren zuzendaritzak berritzeko prozesuan, baina, gizonek hartu dituzte ardura gehienak, eta, ostean egindako zenbait izendapenekin, egoera orekatzeko saioa egin du alderdiak. Saio horren isla izan da Tolosan elkartu diren bost goi kargudunen argazkia.

Arrizabalagak hasi du eztabaida, eta munduari argazki iluna atera dio. «II. Mundu Gerratik ez dira egon orain bezainbesteko krisi larriak aldi berean. Klimaren krisia, krisi demografikoa eta demokraziaren krisia aipatu ditu. Munduko «satrapak» ere aipatu ditu: Trump, Putin, Nentanyahu... Esan du denek dutela etsai bera: «Mendebaldeko demokraziak». Eta euskal herritarren itxaropena ere non dagoen zehaztu du: Europako Batasunean. «Ahul dago, baina hori da Euskadirentzat esperantza».

Benetako nazio aitortza

Antolatzaileek bigarren txanda batean gaztelaniaz egiteko eskaera egin dutenez, hala aritu dira Euzkitze eta Arrizabalaga lehenik, argi utzita «arrotz» eta «kostata» ari zirela. Abertzaletasunaren proiektua nabarmendu du GBBko buruak, «soluzio gisa». Politika ona nahi du, «eta ez antipolitika». Burujabetzan sakondurik, bere «mesfidantza» mahairatu du Madrilen «irekita omen dagoen aukera» dela eta. Pedro Sanchez Espainiako presidentearen «ahulezia» nabarmendu du, eta berretsi «aitortza nazionala» badela helburu bat estatus berrirako, «baina ez folklorikoa, baizik eta benetakoa, nazio batek dituen eskubideak gauzatzen dituena, bere geroa gauzatzeko adibidez». Baina horretan ere, «eszeptizismoa» azaldu du.

Mendozak berretsi du «olatuak oso handiak» direla, eta «haizea oso zakarra», Arrizabalagak aipatutako krisiei eta «satrapei» erreparatzeko. Nicolas Maduro Venezuelako presidentea ere sartu du Gipuzkoako diputatu nagusiak, Putin, Trump eta Nentanyahuren zerrenda berean. Esan du Euskal Herria eta Gipuzkoa ez direla uharte bat, baina, hala ere, ongi eusten ari zaizkiola egoerari. «Norabide finko bat dugu: industriari begira gaude, ongizate sistema gero eta hobea egiten». Mundu «beldurgarri» baten aurrean, «baikortasuna» helarazi nahi izan du.

Vaquero Madrilgo egoeraren inguruan aritu da. Euskal politikaren manerak han bizi den egoerarekin ez datozela bat azaldu du. «Boterea eskuratzeko borrokan» buru-belarri sarturik daude Espainiako alderdiak, EAJko eledunaren arabera, eta munduan dauden krisiei erantzuteaz ahazten ari ei dira. «Gorrotoa eta iraina» nagusitzen direla erantsi du, talde politikoen artean «mesfidantza» erabatekoa dela ere bai; baina agindu du jeltzaleek jarraituko dutela «giro horri aurre eginez», lorpen positiboen aldeko lanean.

Europa ez balego

Ubarretxenak, berriz, nabarmendu du «zorte handia» dugula Europan bizi garelako. Zehaztu du beharbada urte askoan izan den lasaitasuna traba izan dela, eta galarazi egin duela behar bezalako arretaz aztertzea areagotzen ari ziren arriskuak. «Munduko lidergoak aldatzen» ari direla esplikatu du, eta «talka handia» dagoela. «Eta, hala ere, zortea daukagu Europako Batasunean gaudelako, zeren eta oso ahul egonda ere, Europa ez balego, pentsa nola geundeken». Hala ere, Jaurlaritzako eledunak helarazi du «Euskadik bere ahotsa» behar duela Batasunean, «Trumpekin egin den akordioak, muga zergak direla eta, eragina baitu gure industrian; izan ere, akordioa txarra da».

Hain zuzen, Europako Parlamentutik iritsi berritan jarri du bere alea Agirregoitia europarlamentariak, Bilboko Sabin Etxetik bat eginda bideokonferentziaz. Israelen aurka onartutako neurriak direla eta, pozik azaldu da, «baina ez erabat, genozidio hitza oraindik tabua delako zenbaitentzat». Edonola ere, esan du estatu kideak «estu» hartuko dituela Europako Parlamentuaren eskaerak Israelen aurka egiteko neurri ekonomikoak ezarrita. Neurri horiek aho batez onartu beharko dituzte estatuek, datozen egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.