Kubara oinarrizko produktuak bidaltzeko kanpainak «aurreikuspen guztiak» gainditu dituela adierazi dute EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak eta IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak. Hala ere, ez dute datu zehatzik eman. Euskadi-Kuba elkartearekin elkarlanean egin dute bilketa: Euskal Herriko ehun hezkuntza zentrotan eta 93 herritan aritu ziren, joan den astean.
Antolatzaileek nabarmendu dute militanteen eta boluntarioen lanari esker bidaliko dutela laguntza Kubara, eta eskerrak eman dizkiete parte hartu duten herritarrei ere. «Euskal Herriko langile klaseak ez du ahaztu Kubak hamarkadetan zehar erakutsi duen konpromiso internazionalista. Zerbait bueltan emateko garaia da, ahal dugun neurrian», gehitu dute.
Egoera larriari aurre egiteko milaka kilo material bildu dute: material sanitarioa, higiene produktuak, garbiketarako tresnak, elikadura osagarriak eta galtzen ez diren elikagaiak, kirol materiala eta ikasmateriala.
Elkartasun internazionalista
Era berean, gogora ekarri dute Kuba estatu sozialista izateagatik izan dela solidarioa, eta estatu sozialista izateagatik ari dela sufritzen AEBen «blokeo kriminala».
Hari berari tiraka adierazi dute mobilizatzen jarraitu behar dela: «AEBen, Europako Batasunaren eta NATOren politika inperialista eta genozidaren aurka mobilizatzen jarraitu behar dugu, Kubak jasaten duen egoera amaitu dadin eta Ekialde Hurbilera eraman duten gerra buka dadin, besteak beste. Gerra inperialistaren aurka, jarrai dezagun kalera ateratzen».