Kulturgileek Palestinako «genozidioa» eteteko eskatu dute, milaka lagunen babesarekin

250 kulturgilek baino gehiagok egin dute bat Donostiako manifestazio nazionalarekin. Dozenaka esku hartze artistiko izan dira ibilbidean zehar.

Palestinaren aldeko manifestazioa, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Palestinaren aldeko manifestazioa, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko martxoaren 17a
14:17
Entzun

Milaka lagunek egin dute bat kulturgileen deiarekin. Gaur, Donostian egindako manifestazioan, Palestinari elkartasuna adierazi diote, eta «genozidioa» eteteko eskatu. Euskal Herriko 250 kulturgilek baino gehiagok egin dute bat Kulturatik genozidioari stop egitasmoarekin, baita hainbat alderdi politikok, sindikatuk eta gizarte mugimenduk ere. Gaurko ekintzak nazioartean zeresana eman dezakeela uste dute antolatzaileek, deitu dutenen erreferentzialtasunagatik eta manifestazioaren ikusgarritasunagatik.

Kulturgileek Palestinako «genozidioa» eteteko eskatu dute

Alderdi Ederretik abiatu da, eta Haizearen Orrazian amaitu. Genozidioa stop zioen protestaren aurrealdeko pankartak, eta ibilbidean zehar zenbait oihu entzun dira. Esaterako: «Israeli boikot, Palestina askatu», «estatu sionista, estatu terrorista», eta «ez da gerra bat, genozidio bat da».

Manifestazioaren amaiera, gaur, Donostian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Manifestazioaren amaiera, gaur, Donostian. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Dozenaka esku hartze artistiko ere izan dira, formatu txikian, kaleko artisten gisa ia-ia. Hona hemen parte hartu duten batzuk: Olatz Salvador, Petti, El Drogas eta Mikel Urdangarin abeslariak, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio bertsolariak, Malmo eta Maitane Azurmendi ilustratzaileak, eta Noe Viana eta Leire Otamendi dantzariak. Martxaren bukaeran giza irudi erraldoi bat osatu dute, manifestariak lurrean etzanda, Haizearen Orrazitik Ondarretaraino, Gazan hildakoak irudikatzeko.

Horretaz gain, bidean zehar ikusi ahal izan dira gaurko manifestaziorako propio egindako 23 artelan. Datozen asteetan herriz herri erakusteko asmoa dute antolatzaileek, erakusketa ibiltari batean.

Beste urrats bat

Ostiralean egindako aurkezpenean salatu zutenez, «ikaragarria da Israel Gazan egiten ari den suntsiketa, eta bizitzarekiko erakusten ari den mespretxua». Gogorarazi zuten 13.000 adingabe baino gehiago hil dituela jada, eta hori «beste urrats bat» dela Palestinan egiten ari den genozidioan.

Manifestazioan esku hartzeak egin dituztenez gain, hauek dira protestarekin bat egin duten 250 kulturgile edo sortzaileetako batzuk: Fernando Bernues zinema eta antzerki zuzendaria, Aitziber Garmendia aktorea, Jon Maia dantzaria, Eneko Sagardoi aktorea, Harkaitz Cano idazlea, Itziar Ituño aktorea eta Alauda Ruiz de Azua zinema zuzendaria. Han izan dira Borja Kobeaga zuzendaria, Gorka Otxoa aktorea eta Fermin Muguruza musikaria ere.

Deia babestu duten alderdi politikoak ere denetarikoak dira: EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Sumar, Ezker Anitza eta EH Bai. EAJko ordezkariak ere manifestazioan izan dira; adibidez, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia. Denis Itxaso PSE-EEren Gipuzkoako zerrendaburua eta Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusia ere han izan dira. ELA, LAB, Steilas, UGT, CCOO eta Etxalde sindikatuek bat egin dute deialdiarekin, eta, gizarte mugimenduei dagokienez, hauek nabarmentzen dira: Gernika-Palestina Herri Ekimena, Yala Nafarroa plataforma eta Sanitarioak Palestinarekin.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.