Irungo (Gipuzkoa) emakume bat eta haren bost seme-alaba etxegabetu nahi dituzte. Familia 2018tik bizi da alokairuko etxe batean, eta 800 euroko errenta ordaintzen du. Jabeari hipoteka exekuzioko demanda bat jarria zion Kutxabankek, baina etxebizitzan bizi direnek ez zekiten hori, eta, etxea enkantean geratu zenean, bankuak eskuratu zuen. Kutxabankek uko egin dio kontratua berritzeari, eta, gizarte ezkutua egoteak kaleratzea atzeratu zuen arren, aurtengo otsailean Espainiako Kongresuan neurri hori indargabetu ondoren, familiak berriro jaso du kaleratze agindua.
Hori azaldu du Gipuzkoako Kaleratzeak Stop taldeak gaur Donostian egin duen elkarretaratzean. Herrialdeko beste bi kasuren berri eman dute: bata Lasarte-Oriakoa, eta bestea Donostiakoa. Guztiak gizarte ezkutua indargabetzearen ondorioz daude egoera zaurgarrian; izan ere, neurri horrek modua ematen zuen pertsona zaurgarriak ez etxegabetzeko. Egoera antzekoa den arren, Irungo eta Donostiako kasuetan etxegabetze agindua etxejabe handiek eman dute —Kutxabankek eta Blackstone Testa Socimi putre funtsak, hurrenez hurren—, eta Lasarte-Oriakoan, partikular batek. Ordezkari instituzionalak ere bertaratu dira elkarretaratzera: Donostiako EH Bilduko zinegotzia, eta Irungo eta Lasarte-Oriako Podemoseko zinegotziak egon dira.Â
Taldeak jakinarazi du Irungo Udalak eta Kutxabankek bilerak izan dituztela, baina banketxeak «jarrera itxia» izan duela. Hortaz, Gipuzkoako Batzar Nagusietara jo dute, negoziazioa indartzeko eta familia etxegabetu ez dezatela lortzeko. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzari zein udalei eskatu diete «etxebizitza legeak ematen dizkieten tresnak» erabiltzeko, «parke publikoa indartzeko eta inor kalean ez geratzeko».Â
«Boteretsuei hausnartzeko» eskatu die taldeak, eta Kutxabanken gisako bertako bankuak «moralki eta sozialki eredugarri izatera behartuta» daudela gogoratu. Izan ere, azpimarratu dute bankuek, «egoera zaurgarrian dauden familiak ez etxegabetzeaz gain, etxebizitza hutsak Eusko Jaurlaritzaren esku» utzi behar dituztela, alokairu sozialeko parkea indartzeko, «urria baita eta kolapsatuta baitago». Gogorarazi dute Eusko Jaurlaritzak eta udalek Etxebizitzaren Legea eta gisa horretako neurriak dituztela hutsik dauden etxebizitzak desjabetzeko.Â