Joan den astean hiru greba egun egin zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako jangeletako langileek, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek deituta. LABen ustez, ordea, gaur egindako negoziazio mahaian ez da «aurrerapen esanguratsurik» egon, eta grebara deitu ditu langileak martxoaren 10erako, 11rako eta 12rako. ELAk ere martxoaren 10erako, 11rako eta 12rako erregistratu zuen greba joan den ostiralean, «aldarrikapenek erantzunik gabe jarraitzen dutelako».
Langileei %2,5eko soldata igoera ordaintzeko eskatu dio LABek Eusko Jaurlaritzari, igoera hori «indarrean dagoen hitzarmen kolektiboan» jasota dagoelako. Gehitu du «soldaten taulak eguneratu» behar direla, eta langileen lansariak parekatu egin behar direla Hezkuntza Saileko lan kontratudun langileenekin.
Horrez gain, sindikatuak adierazi du hitzarmen kolektibo berriaren negoziazioa «akordiorako benetako borondatearekin» landu behar dela, eta Hezkuntza Sailari eskatu dio «bere gain» har dezala «ardura instituzionala».