LABek esku hartze sozialeko aurreakordioa sinatu du Nafarroan: «Urrats bat zaintza sistema publiko-komunitario baterantz»

Sindikatuak iragarri duenez, soldatak %22,15 igoko dituzte batez beste, eta hobekuntzak ezarriko dituzte lanordu kopuruari, antzinatasunari eta erasoen aurkako protokoloei dagokienez. ELAk uko egin dio ituna sinatzeari: «Erosahalmenaren galera dakar».

Esku hartze sozialeko langileen manifestazio bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. LAB
Esku hartze sozialeko langileen manifestazio bat, Iruñean, artxiboko irudi batean. LAB
Ion Orzaiz.
2026ko azaroaren 26a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

LAB sindikatuak eta Nafarroako esku hartze sozialeko patronalek aurreakordio bat sinatu dute gaur, eta, ezustekorik ezean, sektoreko hirugarren lan hitzarmenaren atarikoa izanen da. Sindikatu abertzaleak ohar batean adierazi duenez, aurreakordioak urrats garrantzitsuak jasotzen ditu soldaten, lanorduen, antzinatasunaren, segurtasunaren eta atsedenaldien alorretan. LABen helburu nagusia zera da, esku hartze sozialari eta zaintzari dagokiona zerbitzu «publiko-komunitarioa» izatea; sektorea pribatizatuta dagoen bitartean, ordea, epe motzagoko beste xede bat du sindikatuak: soldatak eta lan baldintzak administrazio publikoan dituztenekin parekatzea. 

«Zaintzaren sektore pribatizatuetako langileek eta, kasu honetan, esku hartze sozialekoek, zerbitzu publikoa eskaintzen diote gizarteari. Horregatik, borrokan jarraituko dugu sektorea publifikatzearen eta negozio pribatua erabat desagerraraztearen alde», adierazi du sindikatuak. Bide horretan, gaur sinatutako aurreakordioa —eta horren eskutik helduko den lan hitzarmena— urrats bat dela uste dute LABeko ordezkariek: «Sektoreko langileek urte luzez eta jarrera militante eredugarriaz eginiko lanaren emaitza da gaur sinatu duguna».

Soldatetan, esate baterako, hobekuntzak ekarriko ditu itunak: %22,15eko igoera, batez beste. «Hirugarren eta laugarren langile taldeetan, igoerek aukera emanen dute soldatak administrazio publikokoekin parekatzeko bidean aurrera egiteko; eta bigarren taldean, berriz, soldata arrakalak murriztu dira», azaldu dute. Are: hitzarmenaren indarraldia bukatuta, alderatu eginen dituzte sektoreko langileen soldata igoerak eta administrazio publikokoenak, eta aldea itzuliko diete esku hartze sozialeko profesionalei.

2028. urtetik aurrera, bestalde, sektoreko langileen lanaldia 1.592 ordukoa izanen da, «administrazio publikoko langileek dutenaren parekoa». Horrez gain, hogei minutuko atsedenaldi ordaindua izanen dute.

Azkenik, aurreakordioan jasota dago urtebeteko epean profesionalen aurkako erasoei aurre egiteko protokoloa eta erasoak erregistratzeko tresna bateratu bat adostuko dituztela. LABen ustez, «garrantzitsua da» sektore osoak tresna berak erabiltzea, «erasoei irizpide bateratuen bidez aurre egin ahal izateko».

ELAren ezezkoa

LABek gehiengo osoa du Nafarroako esku hartze sozialeko negoziazio mahaian; hortaz, uste izatekoa da gaurko aurreakordioak aurrera eginen duela, eta hirugarren lan hitzarmena ekarriko duela berekin. Mahaian ordezkaturik dauden gainerako sindikatuek, baina, ez dute bat egin agirian jasotako konpromisoekin. UGTk eta CCOOk abstentziora jo dute, eta ELAk, berriz, aurkako botoa eman du.

Kritika gogorra egin dio ELAk aurreakordioari. Patronalaren eta LABen artean «presaka eta korrika prestatutako testua» dela iritzi diote, eta uste dute ez duela «inongo bermerik ematen» langileen erosahalmenari dagokionez: «Zazpi urteko indarraldia izanen du hitzarmenak, 2026tik 2032ra, eta ez du bermerik eskaintzen soldatak KPIaren igoerarekin lotzeko. Epe luzeegia da egungo inguruabar ekonomikoa kontuan izanda. 2026rako, adibidez, %0,6ko galera izanen da soldatetan; hori sinatu berri dute».

LABek iragarritakoaren kontrara, ELAk ez du «sektoreko soldatak administrazio publikoarekin parekatzeko urratsik» antzeman: «Bermatuta ere [publikoan eta pribatuan] soldata igoerak berberak izango direla ehunekotan, horrek ez du esan nahi parekotasuna lortuko denik, ez soldatetan ez lan baldintzetan. Ez gaitzatela engainatu».

Lanorduen murrizketan bai, horretan hobekuntza ikusi du sindikatuak, eta «positibotzat» jo du urratsa. Gainerakoan, baina, «neurri asko» falta direla uste du ELAk, «besteak beste, lan osasunaren, kontratazio partzialen, euskararen eta berdintasunaren alorretan, eta baita adineko langileen lanaldiak murrizteko bidean ere». Gai horiek guztiak Euskal Herriko gainerako lurraldeetako negoziazio mahaietan «presente» egon direla adierazi du sindikatuak.

Hori horrela, ELAk uste du hitzarmenak langileen ahalmena murriztuko duela datozen zazpi urteetan: «Nafarroako esku hartze sozialaren sektoreak ez du merezi presak baldintzatutako akordio bat, horrek atea itxiko baitie langileen aldarrikapenei ia hamarkada oso batez, eta, gainera, bake soziala emango die hala patronalei nola Nafarroako Gobernuari».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA