Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuak esku artean du Etxebideren araudirako aldaketa. Babestutako Etxebizitzak esleitzeko tresna da Etxebide, besteak beste. Bada, Jaurlaritzak egindako proposamen berriak esleipen horiek egiteko jarraitzen den prozesua aldatzea aurreikusten du, eta LAB sindikatuak ebazpen prozesu berri horrek hainbat galera dituela salatu du. Are gehiago, arazoa konpondu beharrean, «kalte gehiago» eragingo dituela nabarmendu du.
«Etxebideren moldaketa berria ez doa bizi dugun etxebizitza larrialdiari aterabidea emateko norabidean. Are gehiago, zuzenean kaltetzen ditu etxebizitza sarbiderako zailtasun handienak dituzten herritarrak», gaitzetsi du LABek gaur hedabideei igorritako ohar batean. Sindikatuaren ustez, gobernua etxebizitzaren negozioa «bere horretan» mantentzeko saiakera bat egiten ari da egindako proposamenekin.
Etxebideren araudi berriaren proposamenean jaso dute, besteak beste, babestutako etxebizitzen %30 urtean 20.000 eta 46.000 euro arteko diru-sarrerak dituztenentzat gordetzea. Horiek horrela, Etxebiden izena emana duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 110.000 herritarren %70 «diskriminaturik» geldituko dira, LABen kalkuluen arabera.
Kopuru horiek jarri ditu jopuntuan LABek, eta adierazi du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak proposatutako neurriek «langile klasearen aurka» egingo dutela. Gauzak horrela, sarbidea zailen duten gizarteko sektoreei —«migratzaileak, ama bakarreko familiak edo enplegu prekarioak dituzten emakumeak»— bizkarra ematen aritzea leporatu dio Jaurlaritzari.
Eta nabarmendu du Etxebideren esleipen kupoa ez dela horri begirako neurri bakarra; hots, azpimarratu du eraikuntza berrietan derrigorrez Babes Ofizialeko Etxebizitzak izatera bideratu behar diren etxebizitza kopurua %65era jaitsi dutela.
«Klase ertainari mesede»
Hori dela eta, Babestutako Etxebizitzen aferan xede «elektoralistak» daudela iritzi dio sindikatuak. Baliabide publikoak «klase ertainaren mesedetan» erabili nahi izatea leporatu die EAJri eta PSE-EEri. Hau da, hauteskundeetan bi alderdi horien «alde» egin dezaketen herritarrei etxebizitzarako sarrera errazten ari direla adierazi du sindikatuak.
Itxasoren sailak egindako proposamena oraindik behin-behinekoa da: kontsulta fasean dago. Hortaz, hainbat alegazio aurkeztu ditu LABek Jaurlaritzak atzera egin eta «etxebizitzara sarbidea zailen» duten horiek bazterrean utz ez ditzaten.